Maite Iglesias eta Alegria Gonzalez: “Ez genuen fabrika tokiz mugitzerik nahi”

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko eka. 1a, 09:09

Irudiak: Ecuador Etxea

Kantak dioen bezala, polita da Deustukoa izatea eta Erriberan bizitzea “itsasontziak eta galleterak pasatzen ikusteko”. Maite Iglesias eta Alegria Gonzalez Artiach galleta-lantegian ibili ziren hamar urtez lanean eta haiek kontatutako oroitzapenetatik osatu dugu hilabete honetako elkarrizketa.

Nola gogoratzen duzue galleta-egile lana?

Maite: Orokorrean, ditudan oroitzapenak onak dira. Lanera etorri behar izaten genuenean lanaz nekatuta geundela esaten genuen, baina suposatzen dut adinaren kontuak zirela, orain bizitzako momentu polit bezala oroitzen dudalako.

Alegria: Egun txarrak bazeuden ere, ni ere oso pozik etortzen nintzen lanera. Gainera, lantegian lagun asko egin genituen eta ia lau hamarkadaren ostean oraindik harremana mantentzen dugula ikustea oso pozgarria da. Hitzarmenak adostu behar genituenean gatazka txikiak sortzen ziren gure artean, baina, orokorrean, laneko giroa ona zen.

Zenbat langile zineten?

A: 1983ko abuztuko uholdeak arte, 1000 langile inguru geunden. Uholdeen ostean fabrika Orozkora mugitu zuten eta egun bertan jarraitzen du. Dohaintza ekonomiko edo erretiro aurreratu baten truke langileei lana uzteko aukera eman zieten. Asko izan ziren hobari hori onartu zutenak, eta nolabait onuragarria izan zen lanean geratu nahi izan genuenontzako.

M: Uholdeen ostean, hasiera batean lantegia Madrilera mugitzeko asmoa agertu zuen zuzendaritzak. Gogoan daukat oso larrituta ibili ginela, gure lanpostuak galtzeko beldur ginelako. Nik neuk dohaintza ekonomikoa hartu eta lana aldatzeko aukera izan nuen.

Lantokiaren kokapena kontuan hartuta, nolako eragina izan zuten 83ko uholdeek?

M: Makina eta salgai asko galdu ziren, batez ere beheko solairuan zeudenak. Hasiera batean lantegia Madrilera eraman nahi zuten eta orduan greba egin genuen.

A: Nik gogoan daukat oporretan nengoela eta itzuli behar izan nintzela. Hilabete batzuk igaro ziren Erriberako lantegia behingoz itxi zuten arte. Gure saila izan zen Orozkora mugitu zuten azkena.

Beste grebarik egin zenuten?

A: Lantokian egin zen greba handienetakoa 1975. urtekoa izan zen, baina gu oraindik ez geunden bertan lanean. Langile asko kaleratu zituzten greba egiteagatik, baita arduradun sindikalak ere, momentu hartan debekatuta zegoelako.

M: Guk ere greba bat egin genuen; soldaten igoera eta baldintza duinagoak aldarrikatu genituen lantokia Orozkora mugituko zutela esan zigutenean. Gogoan daukat lo eta guzti egin genuela hemen, hemendik ezer eraman ez zezaten eta inor kaleratu ez zezaten. Orokorrean, ez genuen fabrika tokiz mugitzerik nahi.

Nongoak ziren langileak?

M: Jende gehiena Bilbo eta inguruko herrietatik zetorren; Ezkerraldetik eta Basauri eta Arrigorriagatik.

A: Baita urrunagotik ere. Getxo eta Bakioko langileren bat ere bazegoen, baina gehienak Bilboko auzoetakoak ginen. Orozkoko inguruetatik ere jendea etortzen hasi zen Erriberatik alde egin genuenean.

Ez zineten Erriberan bizi. Nola etortzen zineten?

M: Lanean lauzpabost urte eman ondoren, bigarren eskuko auto bat erosi nuen. Garai hartan Euskalduna zubia oraindik eraiki gabe zegoen eta Deustuko Zubia zeharkatu behar izaten nuen. Euskaldunako lantegia oraindik martxan zegoenez, askotan zubia zabalik topatzen genuen, eta berriz itxi arte itxaron behar izaten genuen.

A: Ni oinez etortzen nintzen. Basurtuko ospitaleko aldapa jaitsi eta Olabeagatik Erriberara gurutzatzeko botea erabiltzen nuen, langile askok bezala. Oso estututa etortzen ginen!

Artiachen lan egiteko eskakizun berezirik zegoen?

M: Gutxi. Lan elkarrizketan norberaren datuekin osatu beharreko paper bat ematen zizuten, egungo Curriculuma balitz bezala. Paper hori bete eta gero, idazketa maila ezagutzeko idazlan labur bat egin behar izan nuen, baita gehiketa, kenketa, biderketa eta zatiketa bana ere. Paper hori entregatu eta hurrengo egunean lanean hasi nintzen.

A: Nik berdina egin behar izan nuen. Sarrera zein zen ere ez ziguten azaldu! Baina, asko ginen bide beretik etortzen ginenak eta ez nuen arazorik izan. Manifestazio bat zirudien! 

Ez zen espazio txikia. Lantegiko zein sailetan ibili zineten?

M: Atal ezberdinetan ibili ginen biok, baina gure saileko tresnaren bat ez zebilenean beste atal batera bidaltzen gintuzten, inoiz ez zen lanik falta. Hasieran, biltegian sartu ninduten eta hortik etiketatzeko atalera joan nintzen. Gaileten kutxak egin, iraungitze data eskuz jarri, etiketak itsatsi… lan hori egun makinek egiten dute. Produzitu beharrekoa baino zertxobait gehiago produzitzen genuenez, batzuetan hobari handiagoa jasotzen genuen, destajuaren arabera jasotzen baikenuen soldata.

A: Ni, batez ere, lehengaien prestakuntzan egon nintzen. Horrek bazuen bere alde txarra, lehengai guztiekin kontaktuan geundelako, irinarekin eta izoztuta zetorren arrautzarekin besteak beste, eta kirats handia zegoen.

Antzeko ordutegiak zenituzten?

A: Ni ohiko ordutegian nengoen. Goizeko zortzietatik arratsaldeko bostak arte. Jaiegunen bat hartzeko edota galdutako orduren bat berreskuratzeko, arratsaldeko 17:00etatik aurrera lanean jarraitzeko aukera ematen ziguten. 

M: Alegriak ez bezala, nik txandaka egiten nuen lan. Astearen arabera goizez edo arratsaldez nengoen. Gauetan lan egiten zuten langileak finkoak ziren, beti ordutegi berdina baitzeukaten.

Kutxaren bat etxera eramateko aukera zenuten?

M: Normalean, ez. Gabonetan ‘opari’ bezala kutxa bat ematen ziguten langile bakoitzari. Lantokian ere, denda txiki bat zegoen, egindako gailetak bertan saltzen zituzten eta merkeagoak ziren.

A: Dena den, hilean behin letrak mugituta edo zertxobait apurtuta ateratzen ziren gailetekin poltsatxoak egiten genituen; adibidez, ‘Artinata’ zen gehien apurtzen zena, barkilloz eginda zegoelako. Horiek erosteko aukera ematen ziguten, pezeta bat edo bitan.

Galletaren bat jaten zenuten lanean zeundeten bitartean?

M: Artinata gailetaren barkilloa askotan apurtzen zen, zati horiek jaten genituen batez ere.

A: Dena den, ez pentsa jateko aukera askorik geneukanik. Gailetaren bat apurtzen zenean edo poltsa batean sartu eta langileei saltzen zitzaien edo dena txikitu eta birziklatu egiten zen.

Alegria, zu Deustuko Erriberatik Orozkoko lantokira joan zinen. Zein aldaketa ikusi dituzu?

A: Lehen eskuz egiten genituen lan asko egun makinek egiten dituzte. Orain,  ordenagailu batzuetara konektatuta dauden makinek egiten dute lan gehiena. Ordenagailuak bota beharreko lehengai kopurua bidaltzen dio makinari eta honek egiten du. Lehen lan hori eskuz egiten genuen. Olio mota ere aldatu dute, palma olioa kendu eta ekilore-olioa erabiltzen da gaur egun. Langile asko kaleratu zituzten arren, produkzioa asko igo zen lantegia Erriberatik Orozkora lekualdatu zutenean eta hori makinen produkzioaren eraginez izan zen.

M: Azukrerik gabeko gaileta ere kontu berrienetarikoa da. Azukrerik gabeko goxokiei orain hauts moduko batzuk botatzen zaizkie.

Udalak Galleteras izena jartzeko asmoa du Zorrotzaurreko kale berri bati. Zer deritzozue?

M: Nik ilusio handiz hartu dut albistea eta eskerrak eman nahi dizkiot proposamena egin duenari, oso pozgarria da guretzako eta gure garaiko emakumeentzako horrelako omenaldi bat jasotzea.

A:Emakume langileei egindako omenaldi bat dela uste dut. Eta niri ere opari polita dela iruditzen zait. Halakoak omentzen dituzten kale gehiago egon beharko lirateke. Ez duzu uste?

SAKONEAN:

“Lehen orain baino gaileta mota gehiago fabrikatzen ziren”

Zenbat denbora egon zineten fabrikan lanean?

M: Ni 1976. urtean sartu nintzen lanera, eta Orozkora mugitu zuten arte bertan izan nintzen.

A: Ni ere 1976. urte inguruan hasi nintzen eta 2016an aurretiko erretiroa eman zidaten. 2018ra arte izan nintzen bertan.

Zein zen zuen sailik gogokoena?

M:  Denok joan nahi genuen Alegriaren atalera lanera. Oso langile gutxi elkartzen ziren bertan eta familia bat zirudien. Makina gutxi zegoenez, bertako langileak jendearekin harremanetan egoten ziren etengabe.

A:  Maiteri gaileta labera sartu aurretik zegoen atalean egotea gustatzen zitzaion, bertan gailetari forma ematen zioten. Horrez gain, bizkotxoa moldeetan sartzen edota Craker gaileta egiten ibiltzen zen.

Zuen etxean ez da Artiach gailetarik faltako…

A: Noski ezetz! Orozkon denbora asko eman nuen dinosauro forma duten gaileten makinan lanean. Oso gogoko ditut gaileta horiek eta etxeko armairuan ez da inoiz halakorik falta.

M: Ni ere oso gozozalea naiz. Hala ere, lehen orain baino gaileta mota gehiago fabrikatzen zirela esango nuke. ‘Artinata’ gaileta mota gehiago zeuden, limoizkoak, turroizkoak edota hurrezkoak.