Haurrak zirela hasi ziren idazten Gerizeti Zubiaurre eta Dafne Gonzalez. Bata familia literaturazale giroan hasi zen istorio laburrak izkiratzen, bestea naturan ikuste zituen metaforak poesiaren bidez kanalizatu guran. “Txiki txikitatik izan dut buruan, betidanik gustatu zaidan gauza bakarra literatura eta poesia dira”, aitortu digu Gerizetik. Dafnek, ordea: “Hasieran naturari buruz asko idazten nuen, gero lantzen hasi nintzen, asko irakurriz hitzaren kontrola hartzen, eta bat-batean egunerokoan presente neukan, egon behar den gauza bat da”.
Poesia eta artea “komunikatzeko modu bat” bezala bizi ditu Dafnek. Txikitan ume isila zen, dena gordetzen zuen barruan, eta idaztearekin batera hasi zen barrukoa ateratzen, komunikatzen. “Beti esaten dut poesia hizkuntza bat dela: errimarekin idatzi daiteke, edo gabe, neurri eta forma desberdinekin, prosa poetikoa ere badago…”, azaldu digu. Gerizetirentzat poesia gauza asko izan daiteke: “Izan daiteke sentimendu indartsuak ateratzeko modu terapeutiko bat, edo izan daiteke hasieratik zerbait erakargarria sortzeko saiakera bat, eta hori guztia poema berean batu daiteke”.
Lagunak badira ere, ez dute ibilbide bera izan, eta biek ez dute berdin idazten. Gerizeti errima zalea da, “klasikoa”; Dafne ez, azken aldian prosa poetikora jo du. Zeri buruz idazten duten galdetuta, Gerizetik bere barne borrokak atera dizkigu. Bere sentimenduei buruz idatzi ala gai politikoen inguruan, dudatan egon da luzaroan, baina bi gauzak posible direla deritzo: “Nik barrenak ateratzen ditut idazterakoan, lasaitzeko modu bat ere bada, eta egunaren arabera gauza politak idatz ditzaket, edo haserrealdiak”.
Inspirazioa ere landu behar da
Lumarekin abilezia trebatu behar den gauza bat da, ez du soilik inspirazioak balio. Argi dute bi poeta gazteek, eta horretarako ariketa batzuk erakutsi dizkigute. Dafnek, esaterako, urtebete darama ia egunero 400 hitz idazten, erronka gisa. Gerizteik ‘Scapril’ desafioaren berri eman digu. Apirilean zehar beste norbaitek emandako hitz edo gai baten inguruan idatzi behar da, egunero. Ez duenez gaia norberak aukeratzen, buruari bueltak emateko aitzakia egokia omen da. Era berean, azkartasuna lantzeko bertsolaritza oso ondo datorkiola azaldu diogu.
Euskaraz idaztea ere trebatzen jarraitzeko erreminta da bi gazteentzat. “Poesia euskaraz idaztea erronka bat da, oso erreferente gutxi daudenez hobetzeko baliabide gutxi dagoelako. Nik momentu batean utzi nion euskaraz idazteari”, diosku Dafnek. Gerizeti orain dela gutxi hasi da euskaraz gehiago idazten. Orain arte bertsolaritza euskaraz egiten zuen eta idatzi gaztelaniaz, baina euskarazko idatzizko literaturan hutsune bat sumatu zuen eta bere ekarpena egin nahi du. “Euskaraz idaztea kostatu egiten zait, ez dudalako landuta, baina pozik nago hobetzen laguntzen didalako”, gaineratu du.
Plaza berriak
Intimitatean idazten zuena publikatzea asko kostatu zitzaion Gerizetiri, “idatzitakoarekin erabat gustura egotea oso zaila” iruditzen zitzaiolako. Azkenean, senideek, lagunek eta ikaskideek bultzatuta, ‘gerizeti.medium.com’ izeneko bloga zabaldu zuen eta bertan argitaratzen ditu lan batzuk. Dafnek ‘El rincón donde me habito’ izeneko blogean (dafnegovi.blogspot.com) argitaratzen ditu lanak eta instagram kontuan (@dafnegovi) errezitatu ere egiten ditu.
Poesiarentzat gero eta plaza gehiago aurkitzen dituzte Bilbon Gerizetik eta Dafnek. Aurkitu baino, sortu behar izan dituzte. Nerabe zela ‘Noches poéticas’ saioetan parte hartzen zuen Dafnek, baina “gazte eta emakume bezala denbora osoan eraso egina” sentitzen zen, eta beste lagun batzuekin ‘Imaginautak’ espazioa sortu zuen. Diziplina anitzeko gazteen sormen topagunea da, eta noizean behin Bilborocken topaketan eta erakustaldiak antolatzen dituzte. Gero, ‘La Bernarda’ ekitaldia sortu zuten Erriberan, emakume artistentzako espazioa, tartean, poesia errezitatzaileak. Gaztetxeetan ere gero eta leku gehiago dute, Deustun ospatutako Bilboko Gazte Sortzaileen Azokan, esaterako, Gerizeti egon zen errezitatzen beste bi kiderekin batera.
Gazteentzako eta emakumeentzako plazak sortzea positiboa dela uste du Gerizetik. Izan ere, literaturaren arloan emakume izatea “oso zaila” dela uste du: “Klase altuko gizonek erabakitzen dute zer den artea eta zer den, zer den literatura eta zer ez… Amorrua ematen dit, ingurura begiratzen dudanean idazten dugunon artean gehiengoa emakumeak garela ikusten dudalako. Ematen du guk bikoitza egin behar dugula aitorpen bera izateko”.