Ander Ros: “XVI. mendearen hasieran bazegoen euskaraz olerkiak idazteko tradizioa”

Hektor Ortega 2021ko uzt. 12a, 09:14

Ander Ros Cubas filologoa da. Bere ikerketak euskararen iraganaldian murgildu dira, gehienbat toponimiaren bidez. Berriki Oñatiko artxiboan agertutako XVI. mendeko olerki parea aztertu du. Ros Deustun hazi zen, euskara bazela jakin gabe.

Deustun jaio zinen?

Ez. Lehenengo urte biak Basurtun eman nituen. Aita militarra zen. Torremadariagako etxebizitza bat eman zioten eta urte bi nituela etorri ginen.

Noiz arte egon zinen Deustun?

Halako batean gurasoek, batez ere amak, mirakulua egin zuten. Soldata ziztrin batekin eta hamaika neba-arreba izanik... Bai, hamaika! Eta pisu bi erosi zituzten batera Txurdinagan, Franco hil zen sasoian. Haurtzaroa, beraz, hamabi urte bete arte, Deustun. Haurtzaro zoriontsua. Hau herri bat zen.

Euskararekiko harremana zelan hasi zitzaizun?

Nik Deustuko nire urte haietan ez nuen hizkuntza ezagutu. Geroago izan zen, Txurdinagan. Deustun ezagutu nuen ikurrina, ezagutu nuen ETA bazela, panfletoen bidez, euskara bazela jakin gabe!

Baina euskaldundu egin zinen eta filologia ikasi zenuen...

Txurdinagako institutura joatean giro abertzalearekin topatu nintzen. Etxetik ere edan genuen. Aita militarra zen, baina nafarra eta EAJkoa. Eta aitak esaten zuen: edo nafarra edo espainola, baina biak batera ezin da izan. Bai, horixe esaten zigun, militarra izanda! Eta gu nafarrak ginen! Aitak eman zizkidan Zamarriparen eta Azkueren gramatikak. Eta halako batean, institutuan, gure anaia Patxik eta biok hitza eman genion elkarri, artean euskaraz jakin gabe, ez geniola elkarri erdara gehiago egingo. Eta bete egin dugu, harrezkero. Handik gutxira Amorotora joateko aukera sortu zitzaidan, hango herriko tabernara. Hara joan, hilabete pare bat han eman, Amorototartu nintzen, neska-laguna... Eta institutuko azken urtea, UBI, euskaraz egin nuen, Txurdinagan bertan.

Eta gero karrera Deustun?

Bai. Garai hartan AEK-n hasi nintzen irakasle. Lehenengo Begoñan gau-eskola martxan jarri genuen, apaizen lokaletan. Gero, Patxik eta biok Txurdinagan muntatu genuen. Eta bost-sei neba-arreba gehiago, ikasle. Ordurako filologian hasi nintzen, baita ikerketan ere. Deustuko karrera nahiko frustragarria izan zen, maila eskasa zegoelako. Laugarren kurtsoan hasi nintzen serio hartzen. Eta orduan ‘Enseiucarrean’ aldizkaria abiatu zen unibertsitateko Euskal Kultur Mintegian. Han parte hartu nuen eta denbora gutxian nire ikerketak publikatzen hasi nintzen! Hitanoaren jatorriari buruzko lan bat atera nuen eta oihartzun handia eduki zuen. Oraindik ere esango nuke ez duela baliorik galdu.

Ikerketei lotuta segitu duzu harrezkero. Toponimiari kasu handia egin izan diozu, zergatik? Toponimiarena zeharkako kontu bat izan da. Nik aditzaren jatorriari erreparatu nahi nion eta proto-euskarara bideratu nahi nuen tesia. Eta klaro, datu gutxi dago, material gutxi. Toponimia da informazioa eman dezakeen iturri ia bakarra. Eta halako toponimo zerrenda batean Begoñako baserrien izenak ikusi eta txundituta geratu nintzen, zelako izen ederrak! Karreran Nerea Mujika irakasleak Eusko Jaurlaritzak toponimia biltzeko lantalderako laguntza eskatu zuen eta ordurako banenbilenez saltsa horretan, aurkeztu nintzen eta hartu egin ninduten. Nik Bilbokoa eta Hego Uribe osoko toponimia egin nituen. Eta Bilboren zazpigarren mendeurrenean Deustuko Unibertsitatean lantxoa aurkeztu nuen.

Prentsan agertu zara berriki aurkikuntza eder baten partaide izan zarelako: ‘Ene laztan gozo ederra’ olerkia Oñatiko artxiboan agertu da...

Bueno, aurkikuntzarena ez, hori Rosa Maria Aierbek aurkitu zuen. Artxiboko lana bakarkako lana da, baina batzuetan aurkikuntzak konpartitzen dira. Rosa Mariaren lan eremua ez da euskal filologia eta artxiboko zuzendariaren esku utzi zuen. Eta zuzendariak, Ramon Martinek, nahiago izan zuen lehenengo balorazioa artxiboan bertan egitea. Artxiboko “bezeroekin” egin zuen, Iago Irixoarekin, lehenengo, eta nirekin gero. Testua lehenengoz ikusi nuenean mozkor sentsazio etsigarri bat eduki nuen...

Poema eta notariotzako testua dena batera zeudelako?

Bai. Lana patxadaz egin beharko zen. Ematen zuen gutuna zela, prosa zela. Erdarazko testuaren alboan dago, espazio libreetan. Eta ezkerreko zatia nahiko egoera txarrean, zati batzuk faltan... Lan gaitza zen. Argazki ultramoretik igarota hobeto ikusi genuen. Eta lantaldean jorratu genuen, emailez Ramonek, Iagok eta hirurok. Leku askotan erdarazko eta euskarazko testuak gainjarriak zeuden. Hori garbitu behar izan genuen. Eta horrek interpretazio lana eskatzen du. Oraindik ere dozena bat berba ez dauzkagu argi... Lan hori egiteko dago, baina aurkikuntza jendaurrean aurkeztu zenetik impasse egoeran gaude, zain.

Arazoak arazo, aurrekaririk gabeko testu bat aurkitu zenuten, XVI. mende hasierako euskarazko olerkia idatziz.

Poesia bi dira eta beste baten hasiera, baina zirrimarratua. Aurrekaririk gabe? Bai eta ez. Estibaliz Sasiolakoarekin antz izugarria dauka poesietako batek. Eta gero, oso bitxia, halako batean konturatu ginen ‘Egun bereko alarguntsa’ balada ia berdin jasota dakarrela, baina Jean Jaurgainek aztertua zuen eta balada horren testuinguru historikoa bilatua zion XVII. mendean. Hau lehenagokoa da eta molde bera du. Baina -Egun bereko alarguntsa’-n osorik eta koherente agertzen dira. Hemen, berriz, elementu berak 150 urte lehenago, baina testuingururik gabe, nahasita. Beraz, ezagunak ziren molde horiek baina honen egilea ikaslea zen edo mozkor zegoen, edo ez dakit. Hala moduz erabiltzen ditu. Baina formula bazegoen ordurako. Tradizioa zegoen. Hauek ez dira lehenengo olerkiak izan. Tradizioa zegoen. Argi dago.

Nork idatzi zituen olerkiok?

Hori ere argitzen ahalegindu gara. Martin ari zen egilea identifikatu nahian. Pentsatzen du eskribauaren ikasle edo pasante bat izango zela, idazten zekiena.

Onomastika elkartean ere bazabiltza buru belarri. Zertan da elkartea?

Orain pandemia urtea gainditu beharrean. Egia esan, Ricardo Cierbide hil zitzaigun, kolpe latza izan zen eta apur bat umezurtz utzi gintuen. Segituan, pandemia eta gero eraso asko eta laguntza batere ez. Ia-ia klandestinitatean ibili behar izan gara, kide batzuk izena ezin agertuta errepresalien beldur. Bai, hola da. Tristea. Orain ari gara burua agertu beharrean. Amurrioko Jardunaldiak egingo ditugu, Aztarna elkartearekin batera, eta Aramaion egoitza eta liburutegia zabaltzeko lanean ari gara.

 [SAKONEAN]

Deustuko toponimia

Bilboko eta Deustuko toponimia jaso eta aztertuta zaude. Zer traza hartu diezu?

Oso aberatsa zela Abandoko toponimia; oso aberatsa, Buia eta Zeberetxe; Begoña, tira, eta Deustu, pobrea. Euskara aldetik ere, Deustu euskara galtzen lehena izan zen eta horrekin lotua behar du izan... Deustuko baserri izenak kenduta, ezer gutxi. Beste herrietan ez: solo, mendi, troka, erreka... dena.

Deustuko toponimia pobre horretan zer ikusirik dauka herri txikiagoa izateak?

Txikiagoa da, bai, baina esango nuke toponimia oro har pobreagoa gorde duela. Baserrietako solo izenetan, adibidez, alde handia dago. Hala ere, bada harribitxirik, Traidoretegi esate baterako. Eta euskara aldetik ere, Buia-Zeberetxeko euskara Arrigorriagakoa da. Begoñakoa, berriz, Zamudiokoa, euskara diferente samarra. Eta Deustukoa ez dugu ezagutu, baina itxura guztien arabera, Erandio edo Txorierrikoarekin lotuta egongo zen. Eta gero Bilbo, hiria. Bilboko euskara ez dugu ezagutu, baina toponimia bai. Ikusten da tradizio bikoitza zegoela, izen askok bazutela euskarazko bertsioa eta erdarazkoa: Somera eta Goienkalle, calle Correo eta Korreokalle. Beti kalle. Kale asmakizun berria da. Kalle antzinakoa eta jatorra da: Txitxarrokalle esan izan zaio Barrenkalle Barrenari. Sendeja eta Zingira. Tradizio bikoitza. Begoñan-eta ez, hori euskalduna zen.