Erriberatarren gutunak eta errenta aitorpenak dantzan

Nerea Olaziregi 2021ko uzt. 16a, 09:23

Irudiak: Nerea Olaziregi

Correoseko funtzionamendu txarra dela eta, Erriberako auzokideek hilabete eman dezakete gutunik jaso gabe. Gainera, hainbatetan euren gutunak taberna edo lantegiren batean topatu dituzte edo beste auzokide batzuen postontzietan. Correosen eta Kontsumobiden salaketak jarri dituzten arren, arau-hausterik ez dagoela erantzun diete.

“Arazorik duzue postarekin? Badira aste pare bat gutunik jaso ez dugula eta kontu administratibo garrantzitsuen zain gaude” Mariek Erriberako auzokideen Whatsapp taldera bidalitako mezuak berehala jaso zituen erantzunak. “Gurean hilabete daramagu gutunik gabe eta espeleologia federazioko txartela aspaldi heldu behar zitzaigun” idatzi zuen Nereak.  “Guk bi hilabete”, gaineratu zuen Nakorrek. “Nirera ere ez dira heltzen – Itzik - Ogasunean esan didate errenta aitorpena aspaldi bidali didatela baina hona ez da ezer heldu”. Lourdes berriztutako gida baimenaren zain dago oraindik, Emilio tabernariari ez zaizkio fakturak heltzen eta Ibairen etxera isun bat heldu zenerako, aldez aurretik ordaintzeko epea agortuta zegoen eta ehuneko ehuna ordaindu behar izan zuen. Ez da bakarra izan. Gainera, hainbatetan tabernan edo lantegiren batean, banatu gabeko gutun multzo bat agertu da, errenta aitorpenak barne, eta auzokideek beraiek egin behar izan dute postari lana. Beste askotan, helbidea ondo jarrita egonda ere, eskutitzak beste postontzi batzuetan agertu dira.

Egoeraz nazkatuta, hainbat kexa jarri dituzte Correosen. Auzo Elkarteak ere, berea jarri zuen eta era guztietako erantzunak jaso dituzte. Adeitsuak eta zakarrak. Nereak, adibidez, Correosen txarto tratatu zutela dio eta Itzik Kontsumobide Kontsumoko euskal institutuan salaketa jartzeko trabak baino ez zituela eduki: “Aldez aurretik hitzordua eskatu behar nuela esan zidaten eta soilik egun zehatz batzuetan”. Hala ere, jartzea lortu zuen, baina, erantzunarekin harrituta geratu da: “Esan didate ez dutela arau-hausterik ikusten eta ez dut ulertzen. Normala da hilabete postarik gabe egotea? Atzerapen horrek hainbat eragozpen ekarri dizkigu eta gure gutunak tabernetan edo beste auzokide batzuen postontzietan dantzan ibiltzea gure intimitatearen kontra doa”. Berak argi du: “Correos pribatizatu nahi dute eta funtzionamendu kaxkarra horrekin lotuta dago”.

Postariekin hitz egiteko aukera izan dutenean, gainezka daudela esan diete. Hiru astero kaleratu edo tokiz aldatzen dituzte eta gunea menderatzen hasten direnerako, berria jartzen omen dute. Badira ere lehentasuna beste auzo batzuk dituztela uste duten auzokideak: “PREST! aldizkaria, adibidez – dio Aitorrek - Deustura lehenago heltzen da, guk atzerapen handiarekin jasotzen dugu beti”. Erriberako auzokideek ez dakite zein den konponbidea baina auzoan kalitatezko posta zerbitzu publiko bat izan arte ez dute etsiko.