Zer ikasi zenuen?
Psikologia gradua ikasi nuen Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatean. Horren ostean hezkuntza ez formalaren baitan formakuntza asko egin ditut generoaren, feminismoaren eta osasun mentalaren inguruan.
Psikologiak adar asko ditu eta oso zabala da. Zeinetan zentratzen zara?
Zaila da esatea alor bakar batean zentratzen naizela, alde batetik eta bestetik ikasten joan naizelako eta gustatzen zaizkidan gauzekin geratu naizelako. Orain, adibidez, Gestalt formakuntza ikasten ari naiz. Alor humanistikoarekin lotuta dago eta hori da gustatzen zaidana. Ikuspegi psikosoziala ere asko lantzen dut.
Gorputz kontzientzia ere lantzen duzu. Zer esan nahi du horrek?
Latinoamerikako korronteetan eta osatze feministetan asko lantzen den teoria da eta minak gorputzean nola ezartzen zaizkigun ulertzean datza. Norbanakoen gaizki egoteak gaixotasun bat baino, prozesu bat bezala ulertzen du gorputz kontzientziaren teoriak. Azken batean, denok ditugu gaizki zein ondo egote prozesu ezberdinak eta askotan prozesu horiek gure gorputzetan instalatuta geratzen dira, maiz gaixotasun fisikoak ekarriz.
Transexualitatearekin zerikusia ere badu gorputz kontzientziak?
Baita ere. Genero ikuspegia eta feminista hor sartuta daude eta nik ere terapietan hori zaintzeko joera daukat.
Talde zein norbanakoekin bidelaguntzak egiten dituzu.
Koronabirusaren eraginez, taldeen bidelaguntza apur bat zaildu zaigu. Hala ere, guk uste dugu subjektua bere osatze prozesuan ez dela pasiboa eta pertsona aktibo bezala berak hartu behar duela prozesuaren agintea. Hortik dator taldeetako potentziala, izan ere, norbanako edo subjektu aktibo asko osatze prozesuetan elkartzen dituzunean potentzial handia sortzen da, norberak jarri ezin dizkion hitzak bestearengan aurkitzen dituelako.
Zer talde mota dira?
Egoeraren arabera tailer irekiak ala itxiak dira. Autoezagutzara edota garapen emozionalera bideratutako tailerrak modu irekian eskaintzen ditugu, baina zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboekin lan espezifikoagoa egin behar dugula ulertzen dugu. Indarkeria jasan duten emakumeengana zuzentzen baldin bagara, emakume taldeak izango dira. Era berean, migrazio prozesuetan dauden pertsonei zuzentzen baldin bagara, migratuak izango dira. Laburbilduz, profil batzuk zaintzeko joera dugu.
Zer da zuretzat osasun mentala izatea?
Norberaren buruarekin bakean bizi ahal izatea. Inkongruentziak onartuta, baina, moduren batean lasai bizi ahal izatea ditugun gaitz eta gabeziak onartuta. Nire ustez, ez da osasun mental kliniko bat, beste modu batean ikusten dut.
Gutxika aurrerapenak eman diren arren, oraindik jende askoren arabera ohiz-kanpokoa da psikologoarenera joatea. Zer esango zenioke jende horri?
Pertsona bakoitza bere osatze prozesuaren jabe dela uste dut eta hortaz ez nuke inor psikologoarenera joatera konbentzituko. Besteak beste, norberak izan behar duelako gogoa eta aldi berean ezinegona laguntza hori jasotzeko. Halaber, zuk esan bezala, gero eta jende gehiagok normalizatu du psikologoarenera joatea beste edozein espezialista batengana joatea bezala, eta guk ere horrela ikusten dugu, gero eta jende gazte gehiago datorrelako laguntza eskatzera.
Zerbait gehiago egin daiteke hori normalizatzeko?
Hasteko eta behin, oso pribatizatuta dagoen zerbitzu klasista da. Izan ere, horrek mugitu gintuen gu ere Espazio Lunarra bezalako zerbait sortzera. Gizarte honetan horrelako zerbitzu bat ordaindu ezin duen jende asko dago eta denok izan beharko genuke ahalmena horrelako laguntza bat jasotzeko. Bestetik, erakundeak gehiago mugitu beharko lirateke zerbitzu gehiago eskaintzeko, bai Osakidetzan, baita medikuntzatik kanpo dauden beste erakunde batzuetan ere. Gai hau beste ikuspegi batetik hartzen bada, alor sozialeko beste erakundeek ere zerbitzu hau beste publiko batentzako eskaini ahalko lukete, baina ez da dirurik bideratzen.
Artatze publiko psikologiko zein psikiatrikoak badu gabeziarik? Badago zer hobetu?
Ez dakit, ez naiz inoiz joan. Dena den, diru eta denbora asko inbertitu behar da zerbitzu publikoetan lan egitera heltzeko, oso zaila da. Artatze publikoan ez daukazu klinika pribatu batean eduki dezakezun askatasuna, hierarkia baten menpe zaudelako. Ikuspegi finko batetik baldintzatuta zaude ere. Hala ere, ez dut oso ondo ezagutzen ez nauelako inoiz erakarri.
Hainbat ikerketek baieztatu dute emakumeek depresio diagnostiko gehiago dituztela gizonek baino. Ados zaude?
Datuak badaude, horrela sinetsiko nuke.
Zergatik uste duzu horrela dela?
Nire ustez, sistema matxistaren eraginez, errazago diagnostikatzen da depresioa emakumeengan, eta gainera, oso modu orokortu batean. Izan ere, batzuetan badira depresiotik haratago doazen gaitzak, baina sakonago ez begiratzearren, depresioa diagnostikatzen zaie eta kito.
Antzeko zerbait gertatzen da elikadura nahasmendua duten pertsonekin, gehienak neska gazteak direla.
Sistema heteropatriarkala agertzen da berriz ere. Presio soziala, presio estetikoa eta rolen erreprodukzioa sistemak berak eragiten duen gaitz bat dela uste dut, eta noski, ez da gizarte guztietan ematen. Gazteak garenean ez gaude pertsona bezala eraikiak oraindik, eta eraikitze prozesu horren bidean oztopatzen bagaituzte halako ondorioak ekar ditzake.
Konfinamenduak eta segurtasun neurriek asko murriztu dute bizitza soziala, eta jende asko bakardadean, inolako harreman sozialik gabe egotera eraman dute. Nolako eragina izan du osasun mentalean?
Jende askorentzako oso gogorra izan da itxialdia. Gainera, etxean baldintza txarretan bizi diren pertsonak egon dira: 16 pertsona bizi diren etxe txikiak, erasotzailearekin bizi diren emakumeak edota armairutik atera ezin den gaztea gurasoekin bizitzen. Itxialditik atera ondoren ezarritako neurriekin asko mugatu dizkigute gaitasun sozialak eta beldurra ere hazi egin da. Ondorioz, XXI. mendean askoz ‘elbarri sozial’ gehiago ditugu inguruan eta beldurraren aitzakiapean desgaitasun sozial hori hazi egin da. Poliziaren beldur, birusaren beldur eta ingurukoek nola begiratuko diguten beldur bizi izan gara hilabete luzez.
SAKONEAN
“Autoezagutza eta garapen emozionalari eta pertsonalari begira bestelako tailer batzuk ere eskaini nahi ditugu”
Espazio Lunarra gune holistikoa sortu berri duzu Hernanin beste kide batzuekin batera. Zertan datza?
Momentuz talde bat gara, lokal propioa izateko asmoa dugun arren, oraindik ez daukagu espazio fisikorik. Kultura-arteko ikuspegitik eta ikuspegi transfeministatik osasun mentalari leku bat ematea da helburua. Espezialitate ezberdinak ditugun bost kide elkartu gara espazio honetan eta psikoterapiak emateaz gain, autoezagutza eta garapen emozionalari eta pertsonalari begira bestelako tailer batzuk ere eskaini nahi ditugu.
Beste psikologia zentro batzuekin desberdina da?
Bai, batez ere osasuna ulertzeko dugun moduagatik. Ez dugu uste burua eta gorputza banatuta daudenik, pertsona zikliko bezala, prozesu emozional askotatik pasatzen garela uste dugu eta hori hasieratik argi utzi dugu. Horrez gain, jatorri pertsonal ezberdina dugun bost emakume feministok osatzen dugu espazio hau eta hori ere potentzial handia dela deritzot. Espazio Lunarrean eskainiko ditugun zerbitzuak ere ugariak izango dira: teknika psikologiko klasikoetatik aldendu eta teknika artistikoak ere erabiliko ditugu, arteterapia, yoga eta argazkigintza, besteak beste.
Zein da bertan egiten duzun lana?
Momentuz denok egiten dugu dena. Guk egiten dugu psikoterapia, tailerrak lortzen eta dinamizatzen ditugu, eta aldi berean gure enpresa sortzeak dakarren lan guztia eramaten dugu aurrera: marketina, publizitatea, telefonoa hartu…