Ekintza kulturalak Sani girotzeko

Saniko Jai Batzordea 2021ko abu. 1a, 19:51

Ez da erraza izan baina lortu dugu aurten San Inazioak ospatzea auzoarentzako programazio berezi eta egokitua prestatuz. Azken neurrien ondorioz, jolasak, kontzertuak eta film labur erakusketa baino ezin izan ditugu antolatu. Espero dugu datorren urtean ekintza gehiago egin ahal izatea.

Urtebete eta erdi pasa da jada pandemia hasi zenetik. Ordutik, jai herrikoiak ia geldirik egon dira, baina, txertaketa-kanpainari esker egoera hobetuz doanez eta neurriak zertxobait arindu direnez, Saniko Jai Batzordean lanean aritu gara auzoarentzako programazio berezi eta egokitua eskaintzeko. Uztailaren 24tik 31ra astebetez hainbat jarduera kultural prestatu ditugu Saniri bizia emateko.

Iaz, hainbat eta hainbat hilabetez egon ginen egoerara egokitutako ekintzak pentsatzen. Ziurgabetasun osoz ibili ginen lanean, itsu-itsuan. Ondorioz, buruan genituen hainbat jarduera ezin izan genituen aurrera eraman, adibidez, tabernei laguntzeko pintxopotea. Gainera, aurrez aurre ezin batzeak asko zaildu zuen prestaketa prozesua eta Jai Batzordearen indarrean eragin zuzena izan zuen. Azkenean, jai herrikoien aldeko manifestazioa egitea erabaki genuen, Bilboko Udalak jarritako oztopo guztiak salatzeko.

Aurten, iaz ez bezala eta oztopoak oztopo, jarduera asko genituen prest auzoari eskaintzeko. Azken asteetako egoera zela eta, Udalak neurri murriztaile berriak zehaztu zituen eta gure programazio ia osoa bertan behera utzi zuen. Kuadrillen arteko kalejira batekin hasi nahi genuen astea, bazkari herrikoiak egin norberak bere janaria ekarrita, auzoa girotzeko kalejira musikatuak…

Udalak baimendutako ekintzak gutxi izan arren, ahal genuen guztia aurrera eramatea erabaki genuen. Hori dela eta, uztailaren 24, 30 eta 31n kontzertuak izan ditugu Levante plazan giro ederrean eta, nola ez, neurriak zainduta: edukiera mugatua, aulkiekin eta aldez aurretik izena emanda.

Uztailaren 25ean, igandea, adin guztietarako mahai jolasak izan ditugu. Hurrengo egunean Errondoko Auzo Etxean garai guztietako Saniko film labur onenak proiektatu ditugu. Bestalde, umeen eguna ospatu dugu uztailaren 27an, hurrengo egitarauarekin: goizez, jolasak eta tailerrak Txepetx aisialdi taldearen eskutik; arratsaldean mahai jolasak, partxisa eta kartak hain zuzen ere; eta, eguna amaitzeko, zumba.

Oztopoak oztopo, aurrera begira

Bilboko Udalak azkenengo mementora arte ez ditu jai herrikoien inguruko behin betiko neurriak zehaztu eta aste berezi hau hasi baino egun batzuk lehenago ere, aldaketak egin behar izan ditugu. 

Datorren urtean espero dugu jaiak ohiko formatura bueltatzea, auzoak erantzun ona izatea eta jendea motibatuta egotea. Saniko Jai Batzordetik helburu hori lortzeko lan egingo dugu behintzat.