Irailaren 4an goizeko 09:00etan emango diote hasiera arrazakeriaren kontra Bilbon antolatzen den bosgarren mundialito mistoari. Orain arte Karmelan ospatu duten arren, aurtengo saskibaloi eta futbito txapelketak Deustuko Erriberan antolatu dituzte.
Partidak goizeko 10:00etan hasiko dira eta reggae doinuek girotuta 14:00etara arte luzatuko dira. Ostean bazkaria eta arratsaldean finalerdiak eta finalak jokatzeko unea izango da.
Kirolaz eta musikaz gain parkean eta Bizinahi auzoguneko sarreran umeentzako gunea antolatu dute. Deustuibarra 47. zenbakian berriz, Karkaba Espazioan, erakusketa eta hitzaldia izango dira eta parkean parte hartu nahi duten kolektiboen azoka. Deustuko Erriberako aparkaleku urria dela eta, oinez edota bizikletaz hurbiltzeko deialdia zabaldu dute antolatzaileek.