Hiru hamarkada autogestioaren defentsan

Deustuko Gazte Lokala 2021ko urr. 13a, 10:03

Urriaren 13tik 23ra bitarte Deustuko Gazte Lokalaren 30. urteurrena ospatuko dute. Urtemuga dela-eta, egitarau kultural eta politikoa prestatu dute gaztetxeko kideek. Urriaren 23a izango da egunik esanguratsuena.

Deustuko Gazte Lokala okupatu zenetik 30 urte bete dira aurten. 1991ko ekainaren 21ean, garaiko gazte asanbladako kideek ilusioz eta borrokarako gogoz bete zuten hutsik zegoen Luzarra kaleko merkatu zaharra. Orduantxe jarri zuten gaur egun zutik dirauen Deustuko Gazte Lokalaren zimendua. Txinparta piztu zuten 1991an, eta 2021ean bizirik dirau suak.

Egun, bertan dauden norbanako eta taldeek zenbait puntu komunen defentsa eta praktika dituzte oinarri, Gazte Lokalaren ezpiritua bizirik mantenduz. Autogestiotik abiatuta, okupazioaren defentsa nola auzolana, elkartasuna, antolakuntza kolektiboa eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten defentsa ditu, besteak beste, balio nagusi espazio okupatuak.

Urteen joan etorrian askotarikoak izan dira espazioa ekitaldiz eta bizitzaz bete duten norbanako eta taldeak. Lau pareta hutsali zentzua ematen jardun dira deustuarrak. Horretarako erak, hamaika, eta, pareten memorian gordetako oroitzapenak, zenbakaitzak: belaunaldi aldaketak, hutsarazte aginduak, taldeen joan etorriak, musika taldeen kontzertuak, entseguak, herri bazkariak, txalaparta saioak, barazki landatze eta jasotzeak, hitzaldiak, pankarta margoketak, fatxada margoketak, auzolanak, asanbladak, bilerak, proiekzioak, txoringitoak, antzerki emanaldiak, elektrizitate tailerrak…. Behin hasita, bukaezina izan liteke zerrenda. Baina, ekintza guzti horiek, eta beste asko, Deustuko Gazte Lokalak gordetzen ditu.

Egitarau oparoa

Bizipenen eta memoriaren zerrenda luzeari segida emateko asmoz dator 30. urteurrena. Berez, ekainaren 21ak behar luke urtemuga eguna, orduan okupatu baizen merkatu zaharra. Gaztetxeko kideek, ordea, hausnarketa eginda bi zatitan banandu dute ospakizuna. Batetik, egunean bertan ekitaldi xume bat antolatu zuten gaur gaurkoz eraitsia izan den Done Petri plazako kioskoan. Urteurrena dela eta egindako jertse eta elastikoak saltzeko baliatu zuten eguna, eta Gorka Nastek girotu zuen astelehen arratsaldea. Euria zela medio, bertan behera utzi zuten auzoan zehar egitekoak ziren kalejira.

Orain, berriz, 10 eguneko egitarau oparoa prestatzen hasi dira. Urriaren 13an hasi eta hile bereko 23ra bitarte ekintza andana iragarri dituzte. Programazioaren parte izango dira ekintza kultural zein ekimen politikoak, eta urriaren 23a dute ‘egun handia’. Urtemugari itxiera emateko egun osoko egitaraua prestatu dute: manifestazioa, elektrotxaranga, herri bazkaria eta kontzertuak iragarri dituzte oraingoz.

Autogestioaren defentsan

Kukutza gaztetxea eraitsi zutenetik 10 urte bete berritan, autogestioaren eta gune okupatuen erresistentzia aldarrikatu nahi dute Deustuko Gazte Lokaleko kideek urriaren 23ko manifestazioan. Gaztetxeak ere izan du erresistentzia garaia; nabarmenena 2017ko iraileko hutsarazte agindua. Bilboko udalaren asmoa bertan behera geratu zen azkenean, eta bizirik dirau gaztetxeak. Horregatik, Euskal Herriko gaztetxe eta espazio autogesionatu guztiei luzatuko diete 23ko manifestaziora bertaratzeko gonbita, aldarria ozenago entzun dadin.

Bizirik dago gaztetxea, bizirik autogestioa eta bizirik gazte antolatuen sugarra. 30 urte izan dira aurten, eta jarrai dezala okupazioaren defentsaren sokak.