Itziar Mujika Usobiaga: "Deustuk eskola publiko bakarra izan behar du, baita beste auzoek ere"

Lur Mallea 2021ko aza. 5a, 09:16

Irudiak: Ecuador Etxea

Pandemia bete-betean erretiratu zen 38 urtez irakasle izan eta gero. Azken 12 urteak Deustu ikastetxean zuzendari gisa eman ditu Itziar Mujika Usobiagak (Bilbo, 1960). Ahoan bilorik gabe hitz egin digu eskola publikoaren eta hezkuntzaren erronken gainean.

Urtebete daramazu jubilatuta. Zelan bizi zara?

Ondo. Gauzak egiteko gogotsu nago, mugimenduan jarraitzeko, beti ibili naizen moduan. Taldea,  jendartea gustuko dut betidanik. Unibertsitatean eta gimnasioan izena ematekotan naiz, jende berria ezagutu, bidaiatu eta ingurura zabaltzeko.

Hezkuntzan zerekin gozatu duzu gehien?

Ikasleekin harremanetan. Asko maite ditugu eta asko maite gaituzte. Hori ikaragarria da.

Eta zertan sufritu duzu?

Ahal duzun guztia eginda ere helburua lortzen ez duzunean. Adibidez, ikasleren batekin lanean jardun eta gurasoen aldetik laguntzarik jasotzen ez duzunean. Irakasleen lana ez da albiste onak ematea bakarrik, txarrak ere eman behar dira, eta albiste txar bat ematean gurasoek ez ulertzea... hori gogorra da guretzat. Izan ditut guraso batzuk une gogorretan egoera onartzeagatik zoriondu ditudanak.

“Albiste txar bat ematean gurasoek ez ulertzea... gogorra da”

Zuzendari gisa, itxialdia eta ‘online’ klaseak kudeatzea egokitu zaizu. Zelako lana izan da?

Pentsaezina zen gertatutako guztia. Nahiko ondo kudeatu genuen hasiera batean, baina inork ez zuen uste hain luze joko zuenik. Gogorra izan da kontuan hartuta zein ikastetxe mota den gurea. Ikasle askok ez dute ordenagailurik etxean, ez Internetik, dirurik ez daukatelako. Batzuk bai, baina gehienek ez. Eskolako ordenagailuak maileguan utzi genizkien eta Internet-pintxoak ere lortu genizkien. Banatu eta azalpenak eman. Laguntzak heldu zitzaizkigun, baina gero. Guk aurrea hartu genuen. Irakasleak chapeau portatu ziren, nahiz eta kasu batzuetan arrisku gehiegi ere hartu zuten. Beldurtuta geunden denok, baina aurre egin behar izan genion beldurrari familiak atzean geneuzkalako.  

“Ez dago arrazoirik bi eskola publiko izateko”

Deustuko ikastetxea zentro berezia dela diozu. Zergatik da berezia?

Deustu auzoan dagoen biztanleria ez dago gure eskolan, ezta ikastolan ere. Ez batak ez besteak ez du islatzen auzoa. Ez da erreala hau, ezta ikastola ere. Gure eskolan jatorri desberdineko eta beharrizan bereziko ikasle asko dauzkagu ikastolaren aldean. Gurasoek ere nahiago dute euren herrialdeetako jendearekin egotea seme-alabak. Hori euskaldunok ere egin izan dugu hor zehar joan izan garenean. Baina umeen hizkuntza eta beharrizanak bideratzen ditugunean, normalean joan egiten dira prestigio gehiago duen zentro batera. Prestigio hori zergatik ez duen gure eskolak? Ez da jendearen lanagatik. Hemen egiten den lana demasa da. Irakatsi baino gehiago umeen premiak bideratzen ditugu. Ate guztiak jotzen ditugu umeei laguntzeko. Logopedak, fisioterapeutak, irakasleak, aholkulariak... sekulakoa da gure lantaldea. Ez dago leku askotan horrelakorik.

Noiztik da horrela?

Hau ez da oraingo kontua. Ikastola publiko egin zenean, ordurako, hemen B eredua zegoen eta gerora erabaki zen D eredua ezartzea. Garai batean Deustuko jendea etortzen zen gure eskolara. Gutxinaka desagertu ziren familiak. “Pozik gaude zuekin, baina gure seme-alabek bertako lagunak izatea nahi dugu”, esaten ziguten. “Ez dugu gure umeak eskolan kanpotar sentitzea nahi”.

Ikastetxea ghetto bihurtu dela esatea gogorregia al da?

Ez, ez da. Argi dago ghetto bihurtu dutela. Hau eta beste eskola asko ghetto bihurtu dituzte. Baina ikasleek ez dute egoeraren errua, ikasleek ez dute aurreiritzirik, aurreiritziak etxean daude.

Zer nolako familiak dauzkazue?

Era askotakoak. Ama bakarrena eta hegoamerikarrena da profil handi bat. Emakumeak askotan bakarrik datoz, ama bakarrak ere asko, eta jende horrek premia asko ditu. Umeak edozein momentutan datoz, eta sekulako gerria behar da euren premiei erantzuteko. Guk lantalde bikaina dugu horretarako. Espainiatik eta atzerritik datozen umeak dira, hizkuntzarik eta idazmenik ez dutenak asko. Gainera, umea gaixotzen zaienean, ezin dute etxean geratu umea zaintzen. Lanera joan behar dute umeari Apiretala emanda. Zelan egingo diot gogor andre horri? Lagundu egin behar zaio. 

Kulturaniztasunean gogor lanean jardun duzue. Zertan asmatu duzue?

Ikasiz joan gara. Milaka hitzaldi antolatu ditugu gurasoentzat, esaterako, etxerako lanak euskaraz seme-alabekin egiten laguntzeko. Baina, alperrik, ez zetorren inor. Maiatzean, ordea, Kulturartekotasun Egunera denak pozik zetozen. Nork bere herriko elikagai eta arropak ekartzen ditu, eta guk eskolan ekintzaren bat asmatzen dugu, jolasak, kantak edota munduko ipuinak direla. Eurek eta euren herria kontuan hartzeak - denok maite baitugu gurea- eta horri balioa emateak harro eta pozik sentiarazten ditu.

Kulturaniztasuna aberastasun iturri. Lortu duzue egoerari buelta ematea?

Horretan ari gara. Guk aberastasun gisa ikusten dugu, baina auzoan ez gaituzte ikusten. Matrikulazioan islatzen da hori. Aurten ere, matrikulazioa eskas. Behin, jarraipena egin genien bi talderi. Bi urteko gelako 18na ikasle ziren, guztira 36 ume. Kopuru horretatik hiru ikasle baino ez ziren geratzen 6. mailan. Ikasle askok alde egiten dute. Itunpeko ikastetxeetara joaten dira euren familiaren egoera hobetzen denean.

San Ignazion, Miribillan, Abusun… beste ikastetxe batzuk ere antzeko egoeran daude.

Bai, horrela da. Hitzez, denok gaude inklusibitatearen alde han eta hemen. Baina gauza bat esaten dugu eta beste bat egiten dugu, bizitzako beste arlo askotan bezala. Eta umeek etxekoa jasotzen dute, ez etorkinen kontra daudela, baina bai ez dutela ume etorkinekin gelan egon nahi. Eta umeak esponjak dira, eta mezu hori jasotzen dute etxean.

Zein da Administrazioaren erantzukizuna?

Talde politiko bakar bat ere ez da arazoari aurre egitera ausartu, inor ez da ausartu, nork berea babestu nahi duelako. EAJ, EA eta PSE eduki ditugu Hezkuntza Sailean… denak inklusibitatean sinesten dutela esanez etorri izan dira eskolara. Baina nik ekintzetan sinesten dut. Uneren baten arriskatu beharra dago, eta baliteke jende asko haserretzea, baina arazoari heldu beharra dago. Deustuko ikastolaren eta eskolaren arteko fusioa egiten ahalegindu zirenean, 2.000. urte inguruan, guraso batzuk haserretu ziren. Ia dena prest zegoen. Kristoren zalaparta sortu zen, eta, azkenean, atzera egin zuten. Duela hiru ikasturte ere batuko ginela ematen zuen, ikasleak non sartu begira ibili ginen, pentsa. Baina orduan ere ez zuten bat-egitea onartu.

Deustu ikastetxea eta Deustuko ikastolaren bat-egiteak berdinduko lituzke bi zentroen errealitateak?

Noski, biak bat izango liratekeelako. Deustuk eskola publiko bakarra izan behar du. Ez dago arrazoirik bi izateko. Eta hemen bezala beste auzo guztietan ere. Publikoa nahi dugunok horretara joko dugu eta kito.

Noiz gertatuko da hori?

Ametsetan nabilela esaten didate sarri, baina urte biko kontua dela uste dut. Bat-egitea egingo dela, batu egin behar garela.

Zer mezu zabaldu nahi duzu deustuarren artean?

Iraskale talde bikaina dugula eta metodologia aurrerakoiak. Haur Hezkuntzan, esate baterako, Bizkaian oso eskola gutxitan dagoen metodologia darabilgu. Denean ari gara aurrera egiteko. Irakasleen lanerako gogoa txapela kentzeko modukoa da. Oso pozik daude ikastetxean lanean. Nahiz eta beste zentro batzuetara joateko aukera eduki, ez doaz. Umeak bai, joaten dira. Hor egin behar dugu zer edo zer.

Eskola publikoaren defendatzaile sutsua zara.

Ikasketak ikastolan amaitu nituenean argi nuen eskola publikora joan nahi nuela. Julita Berrojalbiz ikastolako zuzendariak esan zidan, “orain eskola publikora joan behar duzue euskara zabaltzera, hor zabaldu behar dugu euskara”. Eta militantzia maila horrekin sartu ginen.

SAKONEAN

“Irakasleen eskutan ezin da dena utzi”

Hezkuntza legea berritu nahian ari dira talde politikoak. Zer aldatu beharko luke lege berriak?

Hizkuntza-ereduak duela hiru hamarkada baino gehiago sortu ziren, eta harrezkero bai irakaskuntza bai euskararekiko konpromisoa asko aldatu da. A eredua guztiz desagertu da. B itunpekoek gorde dute eta hasi da lehen A eredua zena bihurtzen. Eta beste dena D eredua da. Baina D eredu horretan ezin ditugu ikasle denak berdin tratatu, euskara nahi dutenak eta nahi ez dutenak. Nire iritziz, lan asko egiten dugu nahi ez dutenak euskalduntzeko.

Erantzukizun gehiegi jartzen da eskolaren gain?

Entzuten ari naiz batzuei eskolak ezin duela dena egin, noski ezetz. Zenbat bider esan diegu gurasoei etxean marrazki bizidunak euskaraz ikusteko. Baina ez dute egiten. Irakasleen eskutan ezin da dena utzi. Bai, badakit, ez da kontu erraza.

Irakasle eta zuzendariei behar beste entzuten dizuete?

Ez. Lehen lerroan gaudenoi entzutea eta jaramon egitea nahi nuke. Entzun, entzuten digute, baina jaramonik ez digute egiten. Eta uneren batean zeresana sortuko duen erabakiren bat hartu beharko da. Argi izanez gero hori dela egin behar dena, bada… aurrera, nahiz eta bidean batzuk galdu.