Urriaren 31n hasi eta 12ra bitarte luzatuko da Glasgown Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia (COP 26). Klimaren aldeko borrokaren garrantzia azpimarratzeko eta herritarren zein gobernuen ekintzak exijitzeko Britainia Handia zeharkatu du aktibista talde batek oinez. Ekimena Zaragozan sortu zuten Ecologistas en Acción, Extinction Rebellion eta Klima Larrialdiaren aldeko Aliantza eragileek, eta askotariko ibiltariek parte hartu dute martxan.
Horien artean, Deustun bizi den Luis Alejos dago. Bere kroniketan irakurri dugu ibilaldia zelan igaro den eta zelan iritsi diren Glasgowra, 840 kilometrotik gora egin ostean eta azken etapetan Britainia Handiko Extinction Rebellion taldeak antolatutako ‘Camino to COP26’ martxarekin bat eginda.
Ekimenaren bitartez klimaren aldeko borrokan murgilduta dauden herritarren “presentzia aktiboa” eraman nahi dute Nazio Batuen bilkurara. Adierazi dutenez, “aldaketak enpresa handien eta elite politikoen esku uzte ez da ideia ona”, hori sinetsarazi nahi diguten arren. Horregatik, martxa tokian tokiko mobilizaziorako pizgarri izatea espero dute, eta, nolabait, horrela izan dela baieztatu daiteke. Gurutzatu dituzten herri guztietako eragile eta norbanakoen inplikazioa ezinbestekoa izan da ibiltariek jateko eta lotarako lekua izateko. Gainera, martxan zehar talde lokal asko batu zaizkie euren aldarrikapenak kilometro batzuetan zehar zabaltzeko.
Eguraldia kontra izan dute askotan, trafiko ugariko errepideetan egin behar izan dituzte kilometro ugari, eta Covid-19aren aurkako neurriek zein egunean batez beste 30 kilometro inguru ibili behar izateak markatu dute martxa berezi hau. Alta, horrek ez du antolatzaileen eta ibiltarien pausua lausotu, areagotu baino. Argi dute zertarako egin duten: “Glasgown jokoan dagoenaren tamaina handiari buruz gizartea kontzientziatzeko lagungarri izan daiteke ibilaldia. “Gaur egun, ez dago ezer garrantzizkoagorik klimaren aldeko borroka baino”, azpimarratu dute. Martxaren kronika osoak irakurri nahi dituenak, aukera du Luis Alejosek ElDiario.es-en duen blogean (Viento del norte) eta marcha-a-glasgow.net helbidean.