Gaztea eta Arte Ederretako ikaslea. Arropa izan da bere pasioa txikia zenetik. Gogora ekarri du 12 urte zituela kolore biziz janzten zen garaia. Gustuko zuelako, eta inori azalpenik zor ez ziolako, berak ez dizkiolako inori eskatzen.
16 urte zituelarik erabaki zuen joste-tailer batera apuntatzea. Aurkitu zituen ikaskideak ez ziren bera bezalakoak: emakumeak, bera baino askoz nagusiagoak eta oihaletan diru asko gastatzen zutenak. Berak azkenengo horrekin ez zuen bat egiten. Nahiago zuen ahaztuta zituen arropak erabiltzea beste berri batzuk sortzeko. Momentutik ez dio josteari utzi, eta, nahiz eta fama hartu duen 48015 posta-kodearekin arropak egiteagatik, bere prenda propioak ere sortzen ditu. 16 urte bete zituenean ikastaro horretan eman zuen izena, baina heldu zen unea non berak bere kabuz aritu nahi zuen. Orduan esan zuen etxean josteko makina bat erosi nahi zuela, eta eskerrak. Hilabete batzuk geroago guztiok konfinatu gintuzten.
Bere lanari buruz hitz egiterakoan, kontzeptuari ematen dio garrantzia, eta berarentzat Sani baino zabalagoa da ‘48015’ kontzeptua. Egun denaren eraikuntzan eragina izan duen egunerokotasun bezala definitzen du, eta zenbaki hori aplikagarria da San Inazioko mugetatik kanpo.
Bere webgunearen bidez (gorkaalvarez.com) saltzen duen arropa bitan zatitzen du: alde batetik, merchandisinga, eta, beste batetik, era ezberdinetan lortzen dituen arropak eta oihalak birmoldatuz egindakoak. Kontzeptu asko nahasten dira bere estiloa eta lan egiteko modua definitzen dituenean: arropa faltsua eta merkea, kolore biziak, modagatik sentitzen zuen kuriositatea, baita bere ingurua ere: hiriaren egoera sozioekonomikoa, adibidez.
Azoka txikietan parte hartzetik bere webgune propioa sortzera emandako pausua oraindik ez du sinesten. Brixtol Recordsen jarri zuen behin bere postua, eta hiru egunetan zeukan guztia saldu zuen. Hori pentsaezina bazen berarentzat, gaur egun bizi duena ere ezin du azaldu. Zorte ona izan duela esaten du, baina atzetik dagoen lan (fisiko eta mental) guztia, aldi berean, ezin du kaña batek irauten duen denboran azaldu.
Zaila egiten zaio berari buruz era isolatuan hitz egitea. Bere kuadrillak auzoan ‘48015’ ezizena hartu du, baina bera da ezizena zuzentzen duena. Bere lagunen artean kultura lantzen duen talde horri Under Efects izena jarri diote. Zorte ona izan duela esaten du Gorkak, lagun onak dituelako, bai arlo pertsonalean, bai arlo kulturalean.
Epe laburrean zer egiteko geratzen zaion galdetzen diotenean argi dauka erantzuna: aitona janztea eta bere markarako modelo bihurtzea. Izan ere, auzoa eraikitzen lan egin zuen igeltseroa gaur egun bere gauzak egiteko modua definitzen laguntzen diona da.