Prest! aldizkariak 20 urte

uriola.eus 2021ko aza. 23a, 11:36

Deustualdeko komunikabidearen urtemuga ospatuko dute datorren astelehenetik aurrera. Besteak beste Mikel eta Esti Markezen kontzertua antolatu dute, eta abenduaren 3an, euskararen egunean, festa giroa izango da nagusi.

Euskara eta kultura ardatz izango duten hainbat hitzordu prestatu dituzte Deustualdeko Prest! aldizkariak 20 urte bete dituela ospatzeko. 2001eko martxoan jaio zen Berbaizu euskara elkartearen eskutik, eta ordutik hurbileko informazioa euskaraz helarazten du hilero etxez etxe.

Hain zuzen, euskararen eguna aukeratu dute ospakizun giroa kaleetan barrena zabaltzeko. Hala ere, egun horren aurretik ere hainbat hitzordu egongo dira. Lehenengoa datorren astelehenean izango da, azaroak 29, eta Hektor Ortegak gidatuta San Inazio inguruko baserriei buruz gehiago jakiteko aukera egongo da. Abenduaren 1ean, berriz, Mulerrenean All the president's men filma emango dute, doan.

Ekitaldi nabarmenetarikoa Mikel eta Esti Markez aita-alabek emango duten kontzertua izango da. Abenduaren 2an izango da, iluntzean (20:00etan), eta sarrerak Berbaizu Euskara Elkartean, Bordatxo tabernan eta Euskararen Etxean eskuratu daitezke 7 euroren truke.

Hurrengo egunean, berriz, gazteei zuzendutako hitzaldia emango du Euskal Herrian Euskaraz taldeak, independentzia eta euskara izango dituztelarik mintzagai. Ordu berean, Bihotz Alairen dantza kalejira abiatuko da Iruña kaletik. Jarraian, Deustuko pilotalekuan batzeko deia egin diete auzotarrei, argazki erraldoia egiteko. Jai giroarekin segitze aldera, kantu poteoa egingo dute Deustun zehar. Eta eguna borobiltzeko, Oinutsik erromeriarekin dantzarako aukera paregabea egongo da Deustuko Gazte Lokalean.

Azaroak 29, astelena - San Inazioko anbulategia

18:00 Ibilbidea: San Inazioko baserri zaharrak. Hektor Ortegaren eskutik

Abenduak 1, asteazkena - Mullerrenea

19:30 Proiekzioa: All the presidents's men

Abenduak 2, osteguna - Salesianos ikastetxeko antzokia

20:00 Kontzertua: Mikel eta Esti Markez. Sarrera: 7 euro. Non eskuratu? Berbaizu Euskara Elkartea, Bordatxo eta Euskararen Etxea.

Abenduak 3, ostirala (euskararen eguna)

18:30 Gazteentzako hitzaldia: Euskarak independentzia, independentziak euskara. Euskal Herrian Euskaraz eragilearen eskutik.

18:30 Dantza kalejira Iruña kaletik abiatuta. Bihotz Alai taldearen eskutik.

19:30 Argazki erraldoia Deustuko frontoian. Ekarri zure banderola!

20:00 Kantu poteoa Deustuko tabernetatik. Bordatxotik abiatuta.

22:00 Kontzertua Deustuko Gazte Lokalean: Oinutsik Erromeria.