Kepa Dieguez Barahona: “Euskal lexiko etnometeorologikoak edozein egoerari egiten dio aurre”

Jone Gartzia 2021ko abe. 16a, 18:00
Argazkiak: Ecuador Etxea

Eguraldiaren inguruan euskaraz jasota dagoen herri lexikoa goitik behera aztertu eta doktorego tesia argitaratu berri du Kepa Dieguez Barahona filologoak. Munduan ez omen dago lanik hizkuntza baten lexiko etnometeorologiko guztia aztertu duenik. Bestalde, 2004tik Etnomet blogean eguraldiaren inguruko berbak eta iruzkinak argitaratzen ditu sarean.

Euskal lexiko etnometeorologikoaren azterketa mardula argitaratu berri duzu. Nola hasi zinen honekin?

Hau oso kontu zaharra da. Txikitatik izan dut eguraldiarekiko grina: beti gustatu izan zait euria, txingorra... Normalean eguraldi txarra esaten dena, niretzat ona da. Haizea ez hainbeste, eta gorrotatzen ditut beroa, sargoria etab. Kazetaritza eta Euskal Filologia ikasitakoa naiz eta, Euskal Filologiako 4. mailan lan baterako Azkueren hiztegia hartu eta eguraldiarekin lotura zuten hitz guztiak atera nituen. Banan banan hitz guztiak begiratu, 1.000 eta piku atera eta fenomeno atmosferikoen arabera sailkatu nituen. Irakasleak oso ondo zegoela esan zidan, tesia horren inguruan egin nezakeela, baina hor geratu zen.

Eta ondoren?

Doktorego ikastaroak egin nituen eta egindako lan hori aprobetxatu nuen. Inkesta batzuk egiten hasi nintzen, hitzak biltzen, liburuetan herri lexikoiak begiratzen… apurka-apurka. Deustuko Unibertsitatean hasi nintzen tesia egiten, eta gero Gasteizko Fakultatera pasatu nuen. Gotzon Aurrekoetxeari proposatu nion nire tesi zuzendaria izateko, orain dela 19 urte. Berak esan zidan hiztegi hutsak ez duela balio tesi bezala, datuak hartu behar direla, sailkatu, interpretatu eta ondorioak atera; eta ez genekien zein marko teoriko erabili hori egiteko. Asko irakurtzen hasi nintzen: antropologia linguistikoaz, hizkuntzalaritza antropologikoaz, etnolinguistikaz, meteorologiaz, antropologiaz, linguistika kognitiboaz... Orduan marko teorikoa etnolinguistikarena izango zela erabaki nuen: hizkuntzalaritza kulturala, lexikoa eta kulturaren arteko lotura... Eta metodologia bat sortuko nuen dena sailkatu eta tesia egiteko.

Zein informazio iturri erabili dituzu?

Lehendabizi, Azkueren hiztegia. Gero, Euskaltzaindiak Euskal Herriko hizkeren atlasaren CD eta datu guztiak utzi zizkidan, argitaratu baino lehen. 20.000 datu zeuden, eta urtebete eman nuen hori husten eta nik sortutako datutegi batean sartzen. Nire datutegi propioa sortu dut, 6.100 hitz ditu orain. Gero, Orotariko Euskal Hiztegia sarean publikatu zutenean oso erabilgarria izan zitzaidan. Iñaki Gaminderen herri lexikoiak eta sakabanatuta dauden herri lexikoiak ere erabili ditut. Bestalde, hiru urtez egunero Garan eguraldi iragarpenak egiten dituen Joxe Landaren testuak irakurri eta berba interesgarriak atera nituen. Hori guztia erabili dut corpusa osatzeko.

Eta sailkatzeko metodologia bat ere sortu duzu.

Ni euskararen irakaskuntzan nabil. Garai hartan nahiko pil-pilean zegoen syllabus nozionala, eta iruditu zitzaidan erabiltzen genituen nozioak baliagarriak zirela eguraldiaren lexikoa sailkatzeko. Proba batzuk egin nituen eta ondo geratu zen. Sei nozio orokor  nagusi daude: izakiak, kantitatea, kalitatea, jarduerak, denbora eta espazioa; eta hitzak sailkatzeko kontzeptuak eta kategoriak daude. Hitz guztiak horren arabera eta arloka sailkatu nituen, fenomeno atmosferikoen arabera. Hasieran itsasoa, denborak eta zerua aztertuta nituen, baina gero tesitik kendu nituen, gehiegi izango zelakoan. Azkenean, fenomeno atmosferikoetan bakarrik zentratu nintzen. Lanean Azkuek asmatutako ostagi hitza erabiltzen dut fenomeno atmosferikoak izendatzeko. Berrikuntza metodologian, sailkapenean eta interpretatzeko moduan dago, eta hor hainbat jakintzak egiten dute bat.

Nola islatzen da hori?

Hamaika ostagi aztertu ditut metodologia horren arabera. Sailkatu ondoren, interpretatzeko nik asmatutako metodologia etnolinguistiko bat erabili dut: zelan islatzen den lexikoan kultura. Eta gero ondorioak atera ditut. 500 orrialde. Baina hasieran 1.000 eta piku nituen idatzita.

Zeintzuk dira atera dituzun ondorioak?

Ondorioetako bat da euskal lexiko etnometeorologikoak edozein egoerari egiten diola aurre, eta ez badago, askotan maileguak hartu dituela. Hitzak sortzeko euskal hiztuna lehenengo eta behin bere inguruaz baliatu da, bere gorputzaz, eta gero animaliez, objektuez, gero eta urrunago, eta sinbolismo berezia erabili du.

Bestalde, lexikoaren bitartez ikusten da zein izan den klimaren bilakaera hemen. Adibidez, kostalde euskaldun osoan, Getxotik Baionaraino, hitzak daude elur-jausia esateko, 90 hitz inguru osotara, eta bakoitzak sinbolismo desberdin bat du. Izotz burruntzia esateko ere hitz asko daude. Adibidez, Mungialdean lei negarra deitzen diote, edo kandelaren negarra.

Beste ondorio bat da lexikoa sinbolismoz eta metaforaz beteta dagoela. Hainbat gauza naturari, baserriari edo nekazaritzari lotutakoak dira. Adibidez, Kortezubin euri langarrari kuku izerdia deitzen diote, kukuak ez duelako batere izerdirik egiten arrautzak erruteko, beste txori batzuek zaintzen dizkiotelako.

Beste bat izan daiteke gaur egun ez dela lexiko berria sortzen, kalkoak baizik. Adibidez: zerua urdin dago. Hori kalko hutsa da, euskaraz zeruak kolore bakarra dauka: gorria. Esan behar dugu oskarbi dagoela, ez dagoela lainorik. EITBn askotan esaten dute, urdinguneak daude, eta hori ez da existitzen euskaraz. Ondarezko hitzak erabili beharrean asmatu egiten dira.

Beste bat, euriari lotutako lexikoa dela txapelduna; ia 1.100 hitz ditut bilduta euriaren inguruan. Hurrengoa haizeena da, 900 bat hitz. Batzuetan fenomenoen arteko hitz elkarketak sortzen dira: bere baitan nozio bat baino gehiago biltzen dituztenak. Aipatu ditugun euria eta haizea aldi berean ari direla adierazteko,  Bizkaian afrontua esaten dugu. Horri olofrasia esaten zaio, eta euskal lexikoak adibide asko ditu.

Gaineratzeko, euskaraz hitz elkarketa pila bat dago. Etimologiarekin kontu handia izan behar da, jende askok zientzia fikzioa egiten baitu, baina, garbia bada, antzinako kultur gertakizun baten zantzua edo aztarna izan dezakegu. Demagun, ostadarra, ‘ortziaren adarra’. Aipatu, niretzako ortzia ez dela Jainkoa, zerua baino ez. Nafarroan ostotsa esaten diote trumoiaren hotsari, ortziaren hotsa. Etimologia interesgarria da baina garbia denean, asmakizunik egin gabe.

Aipatu duzu sarri kalkoak erabiltzen ditugula, edo hitzak asmatu gureak erabili beharrean. Bizirik al dago aztertu duzun lexikoa?

Nik bildu ditudan hitz guztiak ez dira leku bakar batean erabiltzen, eta ez dut galdetu herriz herri ea erabiltzen diren. Batzuk 90eko hamarkadan jasotakoak dira, eta informanteak zaharrak ziren. Baina, Euskaltzaindiak herriz herriko ikerlan horretan oso zorrotz jokatzen zuen, eta hitz bat sartzeko gutxienez jende multzo handi batek erabili behar zuen, erabilera bermatuta egoteko. Egia da, batzuetan hitz bat erabiltzeari uzten diogu fenomenoa ez delako gehiago gertatzen eta belaunaldiz belaunaldi galdu egiten dugu.

Zein izan da lanaren helburua?

Helburua behin lana amaituta idatzi nuen: euskal lexiko etnometeorologikoaren bitartez euskal hiztunaren komunitatearen mundu ikuskeraz jabetu ahal izatea, gizatalde baten egitura kontzeptualak eraikitzea lexikoaren esanahi sinbolikoa aztertuz. Baina hau orain dela hilabete bat idatzi nuen, dena amaituta.

Gustura geratu zara?

Bai, erditze-lan itzela izan da. Ez nuen uste amaituko nuenik. Orain, hau dena jakinda, pentsatzen dut beste era batean egingo nukeela. Urriaren 1ean egin nuen defentsa, eta oso gustura egon nintzen.  Oso nota ona jarri didate, oso pozik nago.

Bestalde, 2004tik Etnomet bloga duzu martxan. Zertarako?

Sasoi hartan tesia egiten hasita nengoen, eta blogak modan jarri ziren. Pentsatu nuen lortzen nituen hitz batzuk idaztea jendea parte hartzera animatu zedin. Hasieran jendeak idazten zidan, eta saltsa izateko eta hitz batzuen berri emateko erabiltzen nuen. Elkarrizketa asko egin zizkidaten horren harira. Gero, apurka-apurka idazteari utzi nion. 700 sarrera inguru egongo dira, eta asko interesgarriak.

Etnometeorologiaren arloan, baduzu erreferenterik?

Euskal Herrian argi dago Pello Zabala dela. Berak argitaratutako liburuak erabili izan ditut, batez ere Naturaren mintzoa. Zientzia aparte utzita, bera da hemen gehien dakiena eta erreferentea. Hemendik kanpo, Espainia aldean Jose Miguel Viñas; berarekin harremana dut. Bera fisikaria da, meteorologoa da eta asko gustatzen zaio herri meteorologia. Frantzian, Casanis deritzon bat.

Tesia aurkeztuta, hemen bukatuko da lana?

Ez. Tesiaren aurkezpenean esan zidaten, hau zabaltzen jarraitu behar dudala, artikulu asko atera daitezkeela hemendik, lana modu masiboan argitaratu... Proiektu asko ditut buruan jarraitzeko, eta bakoitzak bere ikuspegia eskatzen du. Erdi izoztuta daukat erabili dudan corpusa, horrekin hiztegitxo bat egin daiteke, adibidez. Edo, tesitik kanpo utzi ditudan atalak artikulu bihurtu eta argitaratu... Inoiz ikastaroren bat edo masterren bat suertatuko balitz etnolinguistikaren inguruan, parte hartuko nuke.

 

SAKONEAN

‘Eguraldi txar’ garaian gaude, zure gogokoena. Garai honetan, zein hitz duzu atsegin?

Adibidez, afruntua. Uribe-kostako berba da, aldi berean haizea eta euria egiten duela adierazten du. Gero, udazkenean, urrian eta azaroan, gehienbat hego-haizeak jotzen du hemen. Hego-haizearen inguruko 100 bat hitz izango ditut bilduta, bakoitzak gauza bat adierazten du, bada, Getxo aldean herriko haizea esaten zaio.

Eta, orokorrean, baduzu hitz kutunen bat?

Bagurrina asko gustatzen zait, enbata, ere, eta mailegua da. Kuku izerdia, lei negarra... aipatu ditudanak dira gogokoenak. Abasusa ere, txingorra Bizkaia aldean. Edo, Bizkaia aldean ihintza eta garoa bereizten direla: ihintza lurrean dagoena da, baina landareetan gertatzen den hezetasuna garoa da. Leiaren inguruko berbak: lei beltza, lei zuria, antzigarra... Nik denak maite ditut! Maileguen artean asko gustatzen zait Hernani aldean euria barra-barra egiten duenean erabiltzen duten ‘elementak’. Horrekin hitz jolasak egiten dituzte. Laparra ere asko gustatzen zait: oskarbiko hodei bakarra. Edo, lodi eta mehe adjektiboen bitartez eguraldia bereizteko ohitura: euri mehea esaten da, euri xehea... loditasuna eta mehetasuna oso polita da, ikusgarria. Ortziri buruzko kontuak ere atsegin ditut.