Hezkuntza biziberritzeko lanean

Prest! aldizkaria 2021ko abe. 19a, 10:00

Argazkiak: Elkartenet Elkartea

Software librean oinarritzen diren tresnak erabilita, hezkuntza, elkarte zein merkataritza suspertzeko proiektuak burutzeko sortu zuten Elkartenet Hezkuntza Elkartea 2019ko ekainean. Egoitza ofiziala Bilboko Harrobia ikastolan dagoen arren, tailerra Julio Urquijo kaleko 1. zenbakian daukate. Bertara hurbildu gara elkartea hobeto ezagutzeko asmoz.

Elkartenetek Deustun duen tailerrean sartu eta deigarria egin zaigu hainbeste ordenagailu pilatuta ikustea. Bertan daude Jabi, Inhar, Joaquin eta Mohamed bakoitza bere zereginetara. Baina zer dela eta hainbeste ordenagailu?

Arrakala digitalari aurre egiteko eta aldi berean, ekonomia zirkularreko dinamikak babesteko, elkarteak gaur egun martxan duen proiekturik garrantzitsuena da KimuDigitalak. Labur azalduta, HH5, LH1 eta LH2ko ikasleen artean IKTak sartzea du xede. Horiek horrela, software librean garatutako aplikazioen bidez eta ordenagailuen berrerabilera oinarri, hainbat eskoletan Txoko Teknologikoa sortzeko lanetan ari dira.

Ordenagailuak ikasgeletan txertatzen hasteak xede bikoitza du Inharren arabera, alde batetik ikasleek tresna teknologikoekin sortzen duten harremana ikasgela barruan egitea eta bestetik era ludikoan ez ezik, ordenagailua ikasteko eta lan egiteko tresna bezala ere ezagutzea. Ezarritako helburuak lortzeko, Txiki Linux sistema eragilea izango da bidelagun nagusia, besteak beste, ikasleek behar dituzten programa didaktiko guztiak dagoeneko ordenagailuan instalatuta daudelako, sareko eduki “desegokietara” sartzeko arriskurik gabe.

Eskolei utzitako ordenagailuen jatorriari dagokionez beste erakunde batzuek baztertutako ekipo informatikoak berreskuratzen ditu elkarteak. 2019ko abendutik 2020ko urtarrilera bitartean hain zuzen ere, Osakidetzak baztertutako 21 ordenagailu jaso eta Txiki Linux sistema eragilea ezarri ostean, besteak beste Arangoitiko eta Miribillako eskoletan banatu zituzten. Osakidetzako ekipo informatikoez gain, Deustuko Unibertsitateak eta Reciclanet elkarteak baztertutako ordenagailuak ere jaso zituzten 2020. urtean.

Halaber, ekipoak eskoletara eramateaz gain, sareko tresna ezberdinen inguruko formakuntzak eskaintzen dizkiete irakasle zein gurasoei, Bizkaiko ikastetxeetako guraso elkarte sarearekin batera antolatuta. Azaroaren 29an adibidez, Arangoitiko familientzako Txiki Linux sistema eragilearen inguruko aurkezpena antolatu zuten bertako eskolan, familiei joko didaktikoen berri emateko. 

Deserturaino

Agharas kolektiboarekin batera eta Amazig herriko erakundeekin elkarlanean, Haur ikasgela digitalak desertuan izeneko proiektua ere sortu dute, eta eginbide nagusia Marokoko hego-ekialdera berrerabilitako ekipo informatikoak eramatea da. Horrela, arreta haur eta gazteen hezkuntzan jarrita Amazig herriaren garapenean lagundu nahi dutela azaldu du Jabik.