Modulu Psikosozialera indarkeria matxistagatik hurbiltzen den emakume kopurua bikoiztuta

Nerea Olaziregi 2021ko abe. 22a, 19:00
Ekamume gazteekin maiatzean egindako topaketa (Argazkiak: Deustu-San Inazioko modulu psikosoziala

Urtero legez, azaroan, Euskal Herriko eta munduko kaleak puntu morez bete dira. Baina emakumeen kontrako indarkeriak egunerokoa izaten jarraitzen du. Deustu-San Inazioko modulu psikosozialak ia 40 urte daramatza eraso matxistak jasan dituzten emakumeekin lanean. Kanpaina estetiko eta diskurtso hutsen gainetik, sarea, benetako sentsibilizazioa eta baliabideak behar direla uste dute.

“Une honetan indarkeria matxistagatik hurbiltzen den emakumeen kopurua bikoiztu egin da eta gero eta gazteagoak dira. Segurtasun eta berdintasun faltsua saldu zaie. Ematen du ahaldunduta egonez gero, ez zaizula ezer gertatuko eta ez da horrela. Aske bizi ahal izateko zertaz babestu behar zaren jakin behar duzu eta horren aurrean erantzun bat emateko gai izan”. Carmen Garcia Deustu-San Inazioko Modulu Psikosozialeko psikologoaren hitzak dira. Itziar Canterarekin batera, arreta psikologikoa eskaintzen die genero zapalkuntza eta bortizkeria jasaten dituzten emakumeei. 

“Kanpainak kontu estetiko batean bilakatu dira”, azpimarratu du. “Inditexek ere feminismoa saltzen du baina benetako sentsibilizazioa eta baliabideak falta dira”. Errealitatetik aldenduta dauden politikak ikusten ditu. Eta egunerokoan lan egitearen garrantzia azpimarratu du: “eskoletan, etxeetan, lantokietan, auzoetan, kalean...”. Horretan hasi ziren Moduluan duela ia 40 urte eta horretan jarraitzen dute Deustualdeko ikastetxe, eragile sozial, elkarte eta talde feministekin batera. Carmenen esanetan, “bortizkeria matxista saihesteko eta honi aurre egiteko tresnarik eraginkorrena saretzea da, hots, komunitatea eraikitzea”. Eta horretarako, besteak beste, auzoetan autodefentsa ikastaroak antolatzen dituzte, eskola eta institutuetan, sentsibilizazio tailerrak – baita mutilentzat ere beraien pribilegioen inguruan hausnar dezaten- eta Moduluan “Neuk erabaki” ekimenaren bitartez, sare sozialetan indarkeria matxista nola prebenitu lantzen da. Gainera, hilean behin, neska gazteentzako topaketa bat antolatzen dute. Eta astearte arratsaldeetan, gazteei espazio berezia eskaintzen diete sexu osasun eta ugalketa osasunaren  inguruko informazio eta arreta jaso dezaten.

Errealitatea gertutik ezagutzen dute bertako profesionalek eta San Inazioko Agoitz plazan duten lokalera hurbiltzen den emakume bakoitzaren behar zehatzei erantzuna ematen saiatzen dira. Arreta psikologikoaz gain, arreta juridikoa, sexu osasun eta ugalketa osasuna eta prebentzioa eta sentsibilizazioa eskaintzen dituzte. Aldi berean, mendekotasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuak eta haur eta gazteen babesgabetasun kasuei arreta psikologikoa ere bideratzen dituzte.

Erasoak jasan dituzten emakume gehienak familia medikuak, Udalaren berdintasun sailak edo gizarte zerbitzuek bideratutakoak direla azaldu dute, “kasu guztiak ezberdinak dira, adibidez gauez eraso bat jasan duen gaztea; bizitza osoan tratu txarrak pairatu izan dituen adineko emakumea; denbora luzez epaiketa baten zain egon ondoren etxe barik geratu dena; haurdunaldia eten nahi duena; txikitan sexu erasoak jasan zituena...”

Baina gehienek badute zerbait komunean: Isolamendua. Carmenen esanetan, “askotan emakumeak errudun sentitzen hasten dira, guztiaren arduradun... . Egoera horretan zure buruarekin duzun elkarrizketa etengabea da, ia zoratzeraino eta hortik ateratzea oso zaila da.  Isolamendua apurtzen den unetik, irtenbideak agertzen dira”. Prozesua gogorra izan ohi da eta zailtasun handiak ditu, are gehiago, arazo ekonomikoak daudenean, “baina aliatuak berehala agertzen dira eta sarean dena errazagoa da”.

Datuak hortxe daude. Erasoen %13 besterik ez dira kalean eta ezezagunekin gertatzen; indarkeria ekintza gehienak etxe, familia, lagun talde edo antzeko inguruetan gertatzen dira. Eta eraso horietako asko ez dira salatzen. “Badira ere frogatu ezin diren indarkeriak”, dio Carmenek. “Kasu horietan zer salatuko duzu?. Urteak daramatzala zu iraintzen? Nagusikeriatan? Zu makurrarazten?”. Eta “diskurtso hutsekin” kontuz ibiltzeko ohartarazi digu. “Zuk ahal duzu... eta holakoak. Batzuetan bai baina besteetan ez.”

Badira ere ezkutuan geratzen diren indarkeriak, izan ere, gure sexu osasun eta ugalketa osasun zerbitzuan ez dira inondik inora mutilak ezta gizonak ageri. Ardura eta erantzukizun falta dagoela iruditzen zaio arreta eskaintzen duen Moduluko medikuari. Bestalde, gertakari honek askotan beste indarkeria handiagoak ere ditu atzean (gehiegikeriak, mespretxuak,…).

Zaintza partekatuaren eta etxe-habien gaiak ere mahai gainean jarri ditu Carmenek. Gai horrekin “gol bat” sartu digutela uste du. Guraso biak egoerari aurre egiteko gai direnean egokia dela iruditzen zaio baina kasu askotan ez da horrela izaten. “Ama askok lana topatzeko zailtasunak eta dirulaguntzarik gabe bizi behar dira etxe-habian bere bikote ohia ere bertan erroldatuta dagoelako”. Eta galderak botatzen ditu. “Banatu aurretik nor izan da zaintza bere gain hartu duena? Nor lanean murrizketak eskatu dituena?”.

Hazkuntzaren “hiper-sentsibilizazioaren ondorioz”, amek presio handia jasaten dutela uste du. “Jendartearen dispositibo guztiak jartzen dira martxan haur horiekin zer gertatzen den ikusteko. Eta bai, haurrak babestu behar dira baina amei laguntza eskaintzen eta ez ordea etengabe epaitzen. Baliabideak falta dira, etxebizitza oinarrizkoena baita”.

Etorkizunari begira, ez dago oso baikor: “Berdintasun faltsu batean bizi gara eta gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Maitasun erromantikoa eta familia nuklearraren idealak nagusi dira oraindik. Asko dira familiagatik banatzen ez diren emakumeak edota bakardadeari beldur diotenak”.

Hala ere, gaur egun, genero kontua zalantzan jartzen ari dela uste du. Badira bitartasuna hausten eta genero jariakorra aldarrikatzen ari direnak. Era berean, pribilegioak zalantzan jartzeko gai diren gizonezko gehiago dagoela pentsatu nahi du, baina “zaila da prestigio egoera horri borondatez uko egitea. Eraldaketa genero disidentziak edo emakumeok ekarriko dugu”.