Erein argitaletxearekin batera argitaratu duen arren, bidelagun izan du idazleak Elhuyar hiztegia, eta laguntza hori lanari jarritako izenburuaren bitartez aitortu nahi izan du: “asko erabili dut Elhuyar liburua garatzeko. Eta idazten nenbilela “bisagra” hitza euskaraz esaten ez nekiela konturatu nintzen. Berba polita eta indartsua dela iruditzen zait, alde batetik kanpoan eta barruan dauden gauzen artean dagoen elementua delako eta bestetik, gauzak irteten uzteko beharrezkoa delako, zein gauzak sartzen uzteko ere. Hor erabaki nuen liburua horren inguruan ardaztuko zela”.
Lana lau ataletan banatuta dago eta guztira bost interludio ditu. Sarrera, hiru interludio eta itxiera. Lehenengo atalak Banda du izena eta ikuspegi sozial batetik gizarte zein lan arloko portaeren azterketa txiki bat egiten du idazleak. Bigarren atalean gai “lasaiagoak” ondu ditu, naturaren gaitik abiatuta eta oraingoan irudiei garrantzi gehiago emanez. 2020ko apirilean hasi zen Erkoreka liburua idazten, itxialdi betean. Hirugarren atalak ondorioz etxearen elementua izango du hizpide, baita garai hartan bizitako klaustrofobia sentsazioa zein leihotik ikusitakoak. Laugarren atalean hausnarketa nagusituko da, honen hitzetan “hiru atalek tentsioa sortzen duten bitartean, azkenak korapilo horien ondorioak” dakartzalako. Olerkiak idazteko inspirazioa ere itxialdia berak eman zion, izan ere, aurretik ere idazteari denbora eskaini zion arren, etxean sartuta egoteak idazketa biderkatzea ekarri zuen.
Liburuak publiko espezifikorik ez du espero, alabaina, olerkiak euskara hutsean idatzita daude eta beraz irakurle euskaldunak gailenduko dira oraingoan. Hori dela eta, Banda euskaraz argitaratzeko arrazoiak baditu ere Jokinek: “nire lehentasuna beti izan da euskaraz idaztea, arbasoen hizkuntzan zerbait berezia idaztea alegia. Gainera, nahiago dut daukadan alderdi euskalduna garatzea”.
Bestalde, Bandak musika erritmoa duela aipatu izan du behin baino gehiagotan Igor Estankona idazleak: “sortu berri den banda baten antzera, berea ez da soilik erritmoa, ez da soilik letra. Estetika bat da, garaje bat, mundu bat, kontatu diguten mundua baino ederragoa batzuetan, itsuski ederragoa beste batzuetan. Publikoak amaieran beste bat eskatuko du: beste poema bat”. Hala eta guztiz ere Erkorekarentzako “gauza naturala” da olerkiei erritmo hori janztea, besteak beste, duen musikari senak ere “inkontzienteki” horrela idaztera eramaten duelako agian.