“Aktoreok askeak eta ausartak izan behar dugu”

uriola.eus 2022ko urt. 15a, 09:00

John Strasberg antzerki zuzendariaren Accidental Repertory Theater konpainiako kidea da Ruth Guimerà. Actor’s Studioan aritu den Euskal Herriko lehen aktorea da eta Broklyn-eko Company XIV. dantza taldeko laborategian gonbidatua izan da hainbat urteetan. New Yorken hamar urte egon eta gero, San Inaziora itzuli da, etxera. Han ikasitakoa hemengo “aktore ausartekin” partekatu nahi du eta euskaraz.

Beste lan batzuen artean, “HamiltonFellas” pelikula estreinatu berri duzu New Yorken. Bertan une profesional onean egonda, zerk ekarri zaitu berriz Euskal Herrira?

Han ikasi behar nuen guztia ikasi egin dudala uste dut. Amets pare bat ere bete izan ditut. Baina herri mina sentitzen hasi nintzen. Pandemiak ere eragina izan du. Antzokiak denbora luzez itxita egon dira eta esku artean nituen proiektuak bertan behera geratu ziren. “Upstate” basoko etxola batean eman nuen konfinamendua ume batzuk zaintzen. Paseo luzeak eman nituen paraje natural basatien artean eta etxera bueltatu nahi nuela konturatu nintzen. Oso magikoa izan zen. New Yorken bizitakoa oso interesgarria eta estimulatzailea izan da baina orain barnean dudana kanporatzeko eta partekatzeko beharra dut. Aktoreok istorioak kontatzen ditugu eta nik hemen kontatzeko beharra sentitzen dut. Nire herrian eta nire hizkuntzan, euskaraz.

Eta zer ikasi duzu han?

John Strasberg-en metodoa. Bere  Repertory Theater konpainiarekin hainbat lan eraman ditut aurreara. Besteak beste, Actor’s Studioko jaialdiko Aleppo antzezlanean protagonista izan naiz. Strasberg-en metodoak oso autonomoa izatera bultzatzen zaitu. Ez du antzezteko errezetarik edo estilo zehatzik baina zure burua ezagutzeko eta landu behar duzuna jakiteko tresnak eskaintzen dizkizu. Berarekin nire bidea egiten ikasi dut.

Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?

Hamasei urterekin, Intxixu ikastola amaitu eta Ibarrekolandako institutura joan nintzen. Garai hartan dantzan aritzen nintzen La Fundicionen eta Muelle 3n eta Basauriko antzerki tailerretara joaten nintzen. Argi nuen aktore izan nahi nuela. Institutuan ikasle txarra nintzen eta bitxia. Orduan etiketak jartzeko joera zegoen eta ni “ezberdina” nintzen. Orduko giroa maite nuen: bilerak, manifak... eta lagun onak nituen baina ez nuen bertan nire tokia topatu. Antzoki batera sartzen nintzen bakoitzean berriz, etxean sentitzen nintzen. Oraindik ere gertatzen zait. Eta bide hori jarraitu dut, desiren bidea. Uste dut desio bat dugunean bukaeraraino jarraitu behar dugula.

Etxekoen babesa izan zenuen?

Bai, ama beti egon da ni laguntzeko prest eta aitak bere alabarentzat beste ikasketa batzuk nahiago zituen arren, ez zuen trabarik jarri eta nire eskolak ordaindu zituen.

Nola hasi zinen?

Zorte handia izan dut. Nire lehenengo lana 15 urterekin topatu nuen. Txotxongilo talde batekin aritu nintzen euskal mitologiari buruzko lan batean eta ordutik beti izan dut dantzari edo aktore lana. “Femina Extremula” taldearekin antzerkigintzan hasi nintzen, kale antzerkia egiten genuen eta hainbat jaialditan parte hartu genuen.

Zergatik joan zinen New Yorkera?

AEK eta Euskal Herriko antzerkizale elkarteak zuten Euskalaketa beka irabazi eta aktore formazioa jaso nahi nuen bertan baina egia esaten badizut, ni nor nintzen jakitera joan nintzen hara. Nire burua larrutu nahi nuen nire aktore gaitasunak zeintzuk ziren jakiteko. Eta hori etxetik urrun egin behar nuen, hemengo eraginik ez izateko. Borondatezko erbestealdia izan zen hura nire intuizioa eta benetako desirak topatzeko. Orain kontatuta pelikula bat dirudi baina ez dut ondo pasatu. New York kapitalismoaren erdigunea da, oso basatia eta bakarrik joan nintzen.

Gogorra izan da buelta?

Bai, hamar urte kanpoan egon eta gero etxera bueltatzea eta berriz hastea ez da erreza. Oso independentea izanda gurasoen etxera itzuli naiz. Polita da baina arraroa. Batzuetan uste dut patuak ekarri nauela hona. Itzuli nintzenean aitak koronabirusa hartu zuen, oso gaixorik egon zen ospitalean eta nire ahizpa gaztea eta biok bere liburu dendaren ardura hartu behar izan genuen bi hilabetez. Gurea San Inazioko lehen liburu denda izan zen, 1950. hamarkadan ireki zuten. Orain aitak jubilatu nahi du eta guk denda mantendu nahi dugu. Agian itzuli naiz itzuli behar nintzen momentuan.

Zer behar da aktorea izateko?

Aktoreak arriskatu behar du eta horretarako ausardia behar da. Istorio bat kontatzean gure arima partekatu behar dugu. Gaur egun, nagikeria ikusten dut hainbat aktoreengan. Politikoki zuzena dena gailendu egin da eta denok dena egin dezakegula saldu digute eta ez da horrela. Aktoreok gure arima partekatu behar dugu.

Ze egitasmo duzu orain esku artean?

Arte Drama eta Axut antzerki konpainiekin lanean egon naiz Baionan sorkuntza prozesu batean eta oso interesgarria izan da. Datorren urteko urrian antzezlana estreinatzeko asmoa dugu. Ameslari bat naiz eta seguru nago hemen proiektu interesgarri eta aktore ausart asko topatuko ditudala.

 

Sakonean

“Garai batean zegoen identitate propioa galtzen ari da”

Hamar urte eman dituzu kanpoan. Oso aldatuta topatu duzu Euskal Herria?

Bai. Orain euskara gehiago entzuten da baina garai batean zegoen identitate propioa  galtzen ari dela uste dut. Alde Zaharrera joan naizenean deprimitu egin naiz. Lokal asko itxita daude eta turistei begira dago gehiena. Ez dut garai batean gure izaera bereizteko zegoen militantzia hura ikusten gaur egun. Gehiena globalizatu eta instituzionalizatu egin dela uste dut eta horrek pena handia ematen dit. Poztu nau ikusteak nik ikasi nuen institutuan, Ibarrekolandan, batxilergo artistikoa dagoela. Nire gurasoek dirutza utzi behar izan zuten nire ikasketetan.

Heldu eta gutxira Arte Drama arte eszenikoen plataformak antolatutako Aulestiko topaketetan parte hartu zenuen. Nola dago Euskal antzerkigintza ?

Aulestikoa utopia bat izan da niretzat. Euskal Herri sakonean, aste oso batez antzerkia egiteko aukera izatea itzela da. New York-en nengoela, Ander Lipusek deitu zidan bertara gonbidatzeko eta poz handiz hartu nuen. Oso ederra izan da esperientzia.

Euskal antzerkigintzari dagokionez, uste dut oso mugatuta gaudela oraindik. Jendea arau eta estetika zehatz bati oso lotuta dagoela uste dut eta ez da ausartzen hori hausten. Orokorrean, arauak apurtzeko beldurra izaten dugu baina aktoreok libre izan behar dugu bestela artearen zentzu guztia galtzen da. Itzuleran batzuk mehatxu baten moduan ikusten nautela sentitu dut. Egin ditudan proposamen batzuen aurrean marra gorriak jaso izan ditut. Baina ohituta nago. Aktoreok ezetz asko jasotzen dugu. Gure munduan ego eta kutunkeria handia dago.