Alternatibarik gabe kalean gelditzeko arriskua

uriola.eus 2022ko urt. 11a, 13:54

Zortzi pertsona bizi dira gaur egun Deustuko Erriberako pabilioian (Argazkiak: Khalid)

Alogerekoak Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, Deustuko Erriberako pabilioi batean bizi diren pertsonak kaleratzeko arriskuan daude. Eraisteko lanak aurki hasiko direla zioen ohar bat utzi diete berriki sarreran, eta orain ziurgabetasuna da nagusi etxebizitzarik ez duten herritar horien artean.

Duela zenbait hilabetetik hona hutsik zegoen pabilioi batean txabolak eraiki dituzte etxebizitzarik eskuratu ezin duten hainbat herritarrek. Gaur-gaurkoz zortzi pertsona bizi dira bertan aterpe hartzen dutenak. Bada, lurrean errotulagailuz idatzitako eta esprai gorriz seinalatutako honako ohar hau aurkitu zuten duela zenbait egun: “Eraikina eraisteaz arduratzen den eraikuntza enpresakoak gara. Hondeamakinekin hasiko gara datorren astean. Mesedez, atera ezazue guztia. 2021-12-28”. Pabilioian bizi den Khalidek azaldu duenez, inor ere ez da hurbildu haiengana egoeraren berri aurrez aurre ematera.

Hala, auzo elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta taldeak eraikuntza enpresako ordezkariengana jo zuen gaiaz galdezka. Enpresak ukatu egin omen du abisu hori bere izenean utzi izana. Gertakari guzti horiek ziurgabetasuna eragin dute Khalid eta gainerako lagunen artean. “Argi daukagu lehenago edo beranduago hemendik bidaliko gaituztela”, azaldu du. Bada, une honetan beren bizilekua den gune hori utzi behar izanez gero, alternatibarik gabe leudeke.

Dena den, oraingoz hantxe jarraitzen dute eraikitako txabolek nahiz bertako biztanleek. Ezustekoak larritu bazituen ere, auzo elkartearekin nahiz SOS Arrazakeriarekin batera dihardute lanean, eta euren defentsarako oinarri nagusia da jendea bizi den eraikin bat modu horretan hustea ez dela legezkoa.

Etxebizitza sindikatuak egoera salatu du, eta etxegabeen arazoari konponbidea emateko borondaterik ez dagoela dio. Deustuko Erriberako kasua, gainera, Zorrotzaurreko uhartea deritzon makroproiektuaren ifrentzua dela uste dute. Taldeak gogorarazi du duela urtebete baino gutxiago Euskalduna zubiaren azpian babesten ziren hainbat pertsona handik bidali zituela Bilboko Udalak.

Emakume baten heriotza eta Atxuriko hesiak

Etxegabeen arazoari lotutako beste gertaera lazgarri bat ere utzi du urte hasierak. Izan ere, urtarrilaren 2ko goizaldean Zabalgune plazan gaua igaro zuen emakume bat hil zen.

Horrez gain, hurrengo egunean udal langileek hesitu egin zituzten Atxuriko kirol kantxak, zeintzuetan hainbat gazte migratzailek gaua pasatu ohi zuten. Herritar ugari atera ziren protesta egin eta aterpe gehiago nahiz bestelako etxebizitza politika bat eskatzeko.