Leku horretan, hain zuzen, ezkerreko militante gaztearen omenezko mural berria margotu zuten iaz, hilketaren 40. urteurrenaren harira.
Erriberako Auzo Elkarteak, Bekoerri Kultur Elkarteak eta Bizinahik antolatu dute igandeko omenaldi ekitaldia. Familiakoek, lagunek eta auzotarrek gogoan hartuko dute Yolanda Gonzalez eta faxismoak eragindako saminaren memoria lantzeko beharra aldarrikatuko dute.
1980ko otsailaren 1eko gauean bahitu eta hil zuen Batallón Vasco Español-ek González, Madrilen, hiri horretan egiten baitzituen unibertsitateko ikasketak. Talde paramilitarrak bere gain hartu zuen erasoa, eta azpimarratu zuen euskal herritarra izateagatik hil zutela deustuar gaztea, orduko hartan 19 urte bete berri zituena. Ikaslea Partido Socialista de los Trabajadores izeneko alderdi komunistako militantea ere bazen. Krimenaren autore materialak Emilio Hellín Moro eta Ignacio Abad Velázquez izan ziren.