Badatoz Deustuko iñauteriak

uriola.eus 2022ko ots. 14a, 12:09

Asteburuan zehar, mozorroez, jendez eta ekintzaz beteko da Deustu. Ostiralean kuadrillen gauak emango die hasiera aratustei Game of Txaranga elektrotxarangarekin, eta igandean mozorro desfileak eta 7Kale kontzertuak emango diote itxiera.

Bueltan dira Deustuko iñauteriak. Aurreko urtean, pandemiaren egoeraren ondorioz egitaraua moldatu egin zen eta ez zen kaleko ospakizunik egon. Aurten berriz, ohikoa den bezala deustuarrek hiru egun izango dituzte ospatzeko ostiraletik, igandera. 

Kuadrillen gauak emango die hasiera 2022ko iñauteriei. Pelikulak, marrazki bizidunak eta komikiak izango dira aurtengo gaiak eta gaua Game Txarangarekin hasiko da 20:00etan, Gaztetxetik. Horren ostean, Luntxa egingo da 22:00etan Done Petri plazan, eta han bertan ordu erdi geroago, kuadrillen arteko jolasak, musika, photocall-a, sari banaketa, sorpresak eta gehiago egongo dira.

Larunbata izango da egun luzeena. Hasteko, Lantzeko kalejira egongo da Gure Herriaren eskutik. Umeentzako tailerren txanda izango da ordu batetan eta 15:00etan bazkari herrikoia. Azken hau, bingo musikatuarekin girotuko da eta 17:00etan Tarisko Band taldeak kontzertua emango du; hori guztia, Done Petri plazan. Musika izango da nagusi larunbatean eta Sakatu Elektrotxarangak auzoko kaleak girotuko ditu 20:00etatik aurrera. Azkenik, 20:30etan erromeria egongo da Etorri dantzara! taldearen eskutik. 

Igandean, iñauterien azken eguna, desfilearen txanda izango da. 11:30ean, izena eman ahalko da San Felizimon eta bertatik hasiko da desfilea hamabietan. Musikak protagonismoa hartuko du berriz amaieran eta 7Kale-k egingo du aratusteen itxiera.