37 urteko langile bat hil zen Deustun larunbatean aldamio batetik erorita

uriola.eus 2022ko ots. 21a, 13:33

Blas de Otero kalea

Blas de Otero kalean eraikuntza-lanetan zebilen bitartean izan du istripua 10:50ean. Seigarren pisu batetik erori da ezagutzen ez diren ondorioengatik eta Osalanek ikertuko du gertatutakoa.

Eraikuntza lanetan zebilela langile bat zendu zen larunbatean. Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez oso larri zaurituta zegoen aldamiotik erori ostean, baina azkenean hil egin zela baieztatu zuten. 

Lankideak bizirik mantentzen saiatu ziren, larrialdi zerbitzuak iritsi arte baina ez zuten lortu. Istripuaren ondorioak ez ziren argitu, eta Osalanek ikertuko du gertatutakoa argitzeko asmoz. LABen arabera aurten Euskal Herrian lan-istripu baten ondorioz hiltzen den bederatzigarren langilea da. Bigarrena aurreko astean.

Udalaren adierazpen instituzionala

Gertaeraren harira, Bilboko Udaleko talde politikoek adierazpen instituzionala egin dute. Lehenik eta behin, hildakoaren senide, lagun eta pertsona gertuei "elkartasuna" adierazi diete. 

Gainera, Osalani eskatu diote "beharrezko bitarteko guztiak erabil ditzala gertatutakoa argitu eta hartu beharreko neurriak hartzeko". Horrekin lotuta, talde politikoen ustez langileen osasuna eta segurtasuna babesteko "neurriak bermatzea behar-beharrezkoa da". Enpresa, administrazio eta langileen ordezko eragile guztiak zeregin horretan "gehiago inplikatzea" eskatu dute. 

Azkenik, herritarrei dei egin nahi izan diete, bihar asteartea, otsailak 22, 12:00etan, Udaletxeko eskalinatan egingo den bost minutuko elkarretaratze instituzionalean parte har dezaten.

Mobilizazioak asteon

UGT sindikatuak jakinarazi du haien aldetik ere gertakaria salatzeko elkarretaratzea egingo dutela, 12:00etan egoitza nagusiaren aurrean (Colón de Larreategi kalean). 

Bestalde, otsailaren 23an LAB sindikatuak laneko heriotza hori salatzeko mobilizazioa egingo du. 11:30ean izango da, Botikazar kaleko 17. zenbakian.