Oihana Bartra, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Aitor Etxeberriazarraga eta Enare Muniategi. Horra gaur iluntzeko saioko bertsolarien zerrenda. Eta gai-jartzaile lanetan, Maite Berriozabal. 20:00etan hasiko dira kantuan, eta Done Petri plazan egitea aurreikusi bazuten ere, euria iragarrita dagoenez, Itsasadarraren alboko irristaketa pistan egingo dute azkenean. Horren aurretik, mintzodromoa egongo da.
Bihar ere zereginik ez da falta izango Deustun. Esate baterako, umeen playback saioa egongo da 19:30etik aurrera (izen-ematea 19:00etan). Horren ostean, berriz, GoTX elektrotxarangak alaituko ditu bazterrak kalerik kale. Sonbreru originala jantzita eramateko deia egin du Jai Batzordeak. Gauez, berriz, Amooma eta STR-ren kontzertua egongo da txosnagunean.
Egun osoko jai giroa eta Keats taldearen itzulera
Hurrengo egunean, larunbata, goizetik hasi eta gaueko ordu txikietara arteko programazioaz gozatzeko aukera izango dute deustuarrek nahiz bisitariek. Eguerdian, esaterako, kalejira egongo da “Deustuko udal korporazioarekin”, eta amaieran, Deustuko Emakumeen Aurreskua egingo dute Done Petrin. Bitartean, etxeko txikiek Deustuko tomatea bilatzean datzan ginkanan parte hartu ahal izango dute. Eta sukaldariek, berriz, osagai hori bera erabiliko dute frontoiaren alboan egingo den txapelketa gastronomikoan.
Larunbateko beste hitzordu azpimarragarri bat Keats musika talde deustuarraren itzulera izango da. 90eko hamarkadan martxan jarri zen talde mitikoak 31. urteurrena ospatuko du lagunarteko emanaldi bereziaren bidez, bere sorrera gune izan zen Gazte Lokaletik hurbil, baina aire zabalean. 13:45ean izango da hitzordua.
Arratsaldez, berriz, estropadak eta Deustuko taldeak batzen dituen Front Off musika jaialdia egongo dira, eta 19:30ean suzko zezena. 20:30ean berriz, kuadrillen arteko playback txapelketak umore ukitua jarriko die jaiei. Txosnagunean izango da, eta ordu erdi lehenago eman behar da izena. Afalostean, berriz, Aldats taldearen erromeriak dantzan jarriko ditu herritarrak.
Azken txanpa igandean
Amaitzeko, igandeko egitarauak borobilduko ditu aurtengo jaiak. Besteak beste, erraldoien topaketa, ibilgailu klasikoen kontzentrazioa eta patata tortilla txapelketa izango dira goizean eta eguerdi partean. Arratsaldean berriz, Deustuko pilota txapelketaren finala eta, jarraian, profesionalen partidua. 18:30ean, ohi bezala, tomatearen erreketa egingo dute, festak datorren urtera arte agurtzeko, HAVANA 537 taldearen kontzertuak lagunduta.
Hala, egunotako hitzordu asko goian aipatu badira ere, egitarau osoa hemen ikus daiteke.
Erasorik ez dute onartuko
Joan den asteburuan zehar Deustuko jaietan gertatutako eraso matxistak salatu dituzte Jai Batzordeak zein Pare talde feministak, eta halakorik onartuko ez dutela eman dute aditzera: “Gure kaleak eta jaiak espazio seguruak izan behar dira, eta ez dugu inolako erasorik onartuko”.