Datorren ikasturtean bertan aplikatuko da neurria, eta, hala, gaur egun Ibarrekolanda BHIn diharduten ikasle guztiak lekualdatu beharko dira Txurdinagako institutura.
Musika eta Arte Eszenikoetako Batxilergoko eta Arte Plastikoetako Batxilergoko modalitateak izango dira aurrerantzean Ibarrekolandatik desagertuko direnak. Ikastetxetik gogorarazi dutenez, aurrematrikula epea irekitzear dagoela jaso dute albistea, eta desadostasuna azaltzeko idatzia helarazi diote Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari.
Albisteak ikasleengan "ulertezintasun eta ezinegon sentimendua" sorrarazi duela jaso dute lerro horietan, eta, ondorioz, orain arteko eskaintza bere horretan mantentzeko eskaria egin dute.
Bada, erabakiagatik ez ezik, moduarengatik ere harridura erakutsi du irakasle klaustroak, "ez baita inolako parte hartzeko prozesurik izan Hezkuntza Komunitateko elementuekin".
Eskaera izenpetzeko aukera martxan
Hori guztia dela eta, Batxilergo Artistikoa kentzearen aurkako sinadura bilketa abiatu dute Change.org webgunean, eta 7.500 biltzeko erronka ezarri dute: "Sinadura bilketa honen bidez zarata apur bat egin nahi dugu, eta institutu honek bere ibilbide historikoarekin jarraitzea nahi dugu". Bada, dagoeneko [martxoaren 22ko 18:00ak] 6.500 baino gehiago lortu dituzte.