Anita Parker eta Iheskide taldeak zuzenean arituko dira ostegunean Bizinahin

uriola.eus 2022ko mar. 29a, 10:38

Berbaizu euskara elkarteak antolatutako Udaberri Kulturala zikloaren baitako azken hitzordurako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude. Elkarteak derrama handi bati egin behar dio aurre, eta horretara bideratuko dute bildutako dirua.

Berbaizun bertan, Erribera tabernan eta Deustuko Herriko Tabernan eros daitezke sarrerak, 10 euroren truke. Dena den, aurrez erosteko aukerarik ez dutenek telefono zenbaki honetara idatz dezakete mezua: 688608589. Kontzertuak 19:30ean hasiko dira, baina ordubete lehenago irekiko dituzte ateak.

Berbaizu Euskara Elkarteak eta Deustuko Erriberako Bizinahi espazioak lankidetzan antolatu dute osteguneko hitzordua, Udaberri Kulturalari amaiera eman eta, aldi berean, Korrikari ongietorria emateko. Hamar hitzordu antolatu dituzte guztira Udaberri Kulturalaren baitan; besteak beste, liburu aurkezpenak, kontzertuak edota proiekzioak.

Anita Parker arrasatear taldea 2021. urtearen amaieran atera zuen Reset diska aurkezten ari da, laukoteak bost urte betzen dituen honetan. Elektronika eta swinga uztartu dituzte lan horretan, eta inoiz baino doinu dantzagarriagoak dakartzate.

Iheskide elorrioarrak beteranoagoak dira, 2004. urtean sortutako taldea baita. Punk rock musika jorratzen dute, eta hauek ere iazko abenduan kaleratu zuten azken lana, Tinko gurean izenekoa.

Korrikaren baitakoak

Apirilaren 1ean hasiko da Korrika Amurrion, eta hori ospatzeko, trikipoteoa egingo dute San Inaziotik hasita, Deustualdeko Korrika Batzordeak antolatuta. 19:00etan abiatuko da Kabiatik, eta Errondokon amaituko da bi orduren ostean. Jarraian, DJa eta afaria egongo dira Auzo Etxean, 5. urteurreneko ospakizunen baitan.

Euskararen aldeko lasterketa apirilaren 6an igaroko da Deustualdetik, arratsaldez, baina goizetik hasiko den egitaraua prestatu dute. Hala, ohi bezala, goizean Korrika Txikia egingo dute ikastetxeek, 10:30ean Botikazaharren hasita. 12:00ak aldean amaituko da Levante plazan. Arratsaldez, berriz, indarrak hartzeko txokolatada egongo da 18:30etik aurrera. Levante plazan izango da hori ere, Txepetxek antolatuta. 19:30ak aldera sartuko da Korrika Elorrietatik, eta 19:47 inguruan zeharkatuko du Deustu, Uribarri alderantz. Bilboko auzoetan barrena jarraituko dute lasterka ia-ia gauerdira arte, eta Zorrotzatik aterako da azkenean. Bada, lekukoaren atzean korrika ibili osteko goseari aurre egiteko, 21:30ean afaria egingo dute Deustuko Herriko Tabernan. Aurretiaz izena eman behar da.

Amaitzeko, Deustualdeko Korrika Batzordeak autobusa antolatu du apirilaren 10ean Donostiara joateko, amaiera ekitaldi handira. Herriko tabernan zein Matxintxu-Larrako euskaltegian eman daiteke izena.