Arangoitiko auzotarrak euskararen alde ibiliko dira sei egunean zehar. Aurreko larunbatean eman zitzaion hasiera jaiari, eta asteazkenean bueltatuko da programazioa auzoko kaleetara. Eskubaloi eta areto-futbol partidak egon ziren eskolan goizean zehar, eta arratsaldean, bostetan, mus arineko txapelketa egin zen.
Asteazkenean, maiatzaren 4an, Euskotarrak, auzoko abesbatzak, kontzertua emango du Agirre baserritik, 18:30etik aurrera. Ostegunean, umeentzako eskolan txikiek ipuin kontalaria entzuteko aukera izango dute 17:00etan. Ostiralean, asteburuarekin batera hasiko da programazio zabalagoa. Arratsaldea hasteko, 17:00etan umeentzako tailerrak egingo dira eskolan. Ordu bat geroago, 18:00etan erromeria dantzen ikastaro espresa egingo da eskolan bertan. Horrela, 20:30eko trikikalejiran hobeto dantzatzeko aukera izango dute ikastarora hurbildutakoak.
Larunbata ekintzaz beterik helduko da, goizetik gauera arte. 10:30ean Diana txistulari eta gaiteroak auzoan zehar ibiliko dira. 11:00etan Ondalan Erraldoien konpartsak kalejira egingo du. Ordu berean pala txapelketa izango da frontoian. Goizarekin jarraitzeko, haur jolasak izango dira Araneko plazan 11:30ean. Panpotx elkarteak antolatuko ditu eta txalaparta tailerra eta puzgarriak egongo dira. Azkenik Bihotz Alai taldearen eskutik euskal dantzak egongo dira 13:00etan goizeko programazioari bukaera emateko.
Arratsaldez, 17:30ean bertso trama egingo da patioan eskolako 6. mailako umeekin. 17:40ean ume eta nagusientzako Kattalinen bidaia berbenak joko du eta eskolatik bertatik kantu kalejira musikatua aterako da 19:00ean. Azkenik 20:30ean kontzertu ibiltaria joko du baserritik egunaren azken orduan girotzeko.
Igandea izango da azken eguna eta 11:30ean hasiko da Deustuko gaiteroen kalejirarekin. 12:00etan txalaparta joko da eskolan eta 12:30ean bertsolariak arituko dira. Bitartean herri kirolak egingo dira eta sari banaketa izango da horiek amaitzean.