Jonu kantautoreak lan berria kaleratu du: 'Leihotik begira'

Argazkia: Iker Villa

Bi urte igaro dira birus batek ia bi hilabetez etxean egotera behartu gintuenetik. Denbora tarte horretan etxeko leihotik ikusitakoak bildu ditu Jonu Kantautoreak kaleratutako azken lanean.

Pandemian zehar ondu zuen Jon Ugutz Ezkurdiak (Deustua, 1972) abenduan kaleratutako Leihotik begira bakarkako diska. Itxialdian izandako hainbat hausnarketatik sortutako lana dela azaldu du: “leihotik kanpora zein barrura begiratzen nuen bitartean etorri zitzaidan hasierako ideia eta hortik abiatuta guztira sei abestiz osatutako lana aurkeztu dut oraingoan”. Lan “xumea” den arren, izandako harrerarekin eskertuta dago guztiz, kantetako letrak askoren barrunbetaraino heldu baitira eta kantautorearen arabera, hori da musika egitearen gauzarik hunkigarriena “entzuleengan hausnarketa bizia eragitea, hots, nire ideiekin jendearengana heltzea”.

Gaua Produkzioak estudioan egin du diskaren ekoizpena eta grabaketa guztia, bertako Aitor Abio eta Iker Villarekin batera. Halaber, diskaren aurrelanketari behar den denbora eskaini dio kantautoreak “kontzertuetan adierazten dudana diskan islatu nahi nuelako, aldaketa askorik gabe, eta horrek nolabait prozesua luzatzea ekarri du”. Leihotik begira lana abenduaren 30ean aurkeztu zuen Galdakaon eta bigarren emanaldia martxoaren 24an Berbaizu Euskara Elkartean eskaini zuen. Datozen hilabeteetan beste hainbat emanaldi iragarriko dituela adierazi du Jonuk.

Musika munduan txikitatik murgilduta egon den arren, 2000. urtean hasi zen bakarlari gisa kontzertuak ematen herrietako jai, gaztetxe eta aretoetan. Hala eta guzztiz ere, aurretik ere musika talde ezberdinetan ibilitakoa zen. Bi hamarkada hauetan bakarlari gisa ibili denean, helburuak berdintsu matendu dituela adierazi du: “neure ideiak musikaren bidez adierazi eta aldi berean, egiten dudan horretaz gozatzea”. Gaur egun, bakarka ibiltzez gain, bere “alderik basatiena” ateratzeko parada ematen dion Koiu talde galdakaoztarreko abeslaria eta kitarra jolea ere bada.

Dagoeneko Spotify musika plataforman bere azken diska entzungai dago eta gainera, jonukantautorea.wixsite.com/jonu/musica helbidean bere ibilbidea hobeto ezagutzeko aukera izateaz gain, orain arte bakarlari bezala kaleratutako lan guztiak ere entzun daitezke.