Deustuko gazte eguna izango da larunbat honetan, ekainak 11

uriola.eus 2022ko eka. 9a, 09:54

Bizikletada eta kale-apainketarekin hasiko den egun osoko egitaraua izango du gazte egunak. Herri bazkaria egongo da eta arratsalde eta gauez kontzertuek egun amaiera girotuko dute. 

Gaztetxeak, jai herrikoiak, euskara edo feminismoa sortzen ari den herri duinaren erakusleiho izango da gazte eguna. "Gazteok itota nahi gaituzten arren, arrainak bezala gabiltza urpean" lelopean, espekulatzen duten marrazoen, eraso matxistak egiten dituzten olagarroen edo sistema bera sostengatzen duten pirañen aurrean gazteek igerian aspaldi ikasi zutela aldarrikatuko dute larunbatean. Egun osoko egitaraua izango dute, 10:00etatik 21:00etan hasten den erromeria bukatu arte. Bizikletada eta kale-apainketa izango da lehen ekintza. Horren ostean, 10:30etan indarrak hartzeko gosaria egingo da.

Hamaiketan antzerki arinaren txanda izango da. Lohizune Telletxea eta Luix Mitxelenak Haripiloak antzezlana eramango dute Deustura. Antzerki honetan Alfontso, sexu askatasunaren aldeko gazte bati, txortan egiteak bizia ematen zion pertsona batez maitemindu zen arte. Buruhauste guzti horiek errotik mozteko Maite psikologoarengana joko du.

Ikuskizunaren ostean musikaren lehen txanda izango da 12:30ean. Goizeko poteoa girotzeko, egunari indarra emateko eta gazteen jai arima pizteko elektrotxaranga egongo da. 15:00etarako, gazte guztiak batzen dituen ohiko bazkaria prestatu da. Bonuak 6€ balio dute eta Viejo Roble, Atxuri, Oskarbi eta Deustuko Herriko tabernetan erosi ahalko dira. Gaur da horiek lortzeko azken eguna. 

Bazkariaren ostean 16:30ean eguneko ekitaldia egingo da eta hura amaitzean pala txapelketako finalari ekingo zaio. 22 tantora binaka izango da puntu horiko gomazko pilotarekin. 18 bikotek jokatu dute guztira eta gaur eta bihar artean final aurrekoak jokatuko dira. Jokoekin eta txapelketekin jarraitzeko, kuadrillen arteko ur jolasak egingo dira 17:30ean.

Egunari merezi duen amaiera emateko, musika nagusituko da giroa goi goian mantentzeko. 19:00etan izango da lehen kontzertua eta 21:00etan erromeria. Beranduegi arituko da gauean kanta eta dantzarako abestiekin eta horren ostean DJ-ak jaia jarraituko du. Gainera bitartean afaria egingo da amaiera biribil bat emateko gazte egunaren edizio honi. Eguna heltzen den bitartean dena ondo antolatzeko gaur eta bihar, ekainak 9 eta 10 hurrenez hurren, gazte eguna prestatzeko auzolana egingo da 18:00etatik aurrera. Mozorroak eta pankartak egiten edo apainketan lagunduko da Gazte Lokalean.