Zeladore banpiro baten gorabeherak

Lur Mallea 2022ko eka. 13a, 16:00
Argazkiak: Txarli Gracia eta Mariola Reigosa

Lauzpabost urte eman ditu Txarli Graciak komikigile gisa PREST! aldizkarian. Formatu zaharrean aldizkaria irakurtzen zutenek ziur ez dituztela ahaztu Kuma eta Kerra bere pertsonaiak. Badira urteak Txarli ez dela Deustualdean bizi, baina ez du herritarrekin loturarik galdu. Bere komikien hainbat ale erakusketan erakutsiko ditu Erriberako Karkaba espazioan.

Marrazkiak “txikitatik” egiten ditu Txarli Graciak. “Bizitza osoa” eman du horretan. Horregatik ez da harritzekoa Mendaroko ospitalean zeladore lanean hasi zenean ere komikiak marraztea. Are gehiago, lehen lanegunean bertan Mariola Reigosa lankidea ezagutu zuenean, berau ere zeladorea eta oso komikizalea. Bien artean sortu dute Mirenolatu pertsonaia eta berarengan oinarritutako bi komiki kaleratu dituzte jada. 100 orritik gorakoak biak.

Mirenolatu “zeladore banpiroa da” bere sortzailearen hitzetan. Bere kaparekin hegaz egiten duen horietakoa. “Protagonista marjinatua da, gizartetik kanpo bizi dena, mozkortia eta drogazalea”. Baina aldi berean “oso gustuko du ospitaleko gaixoei laguntzea”. Mirenolatuk badu, nola ez, aurkaria ere. Señor Josakidetza izeneko pertsonaia. “Gaiztoa” da, nola ez, eta Osakidetza “enpresa moduan irudikatzen du”.

Txarli eta Mariolaren asmoa “Osakidetzak giza baliabideak kudeatzeko duen modua” kritikatzea da, “umore beltza” erabiliz. “Txiste moduko komiki bat egitea” ondotxo ezagutzen duten errealitatearekin. Izan ere, “zelan egin daitezke hain txarto gauzak”, irteten dio barru-barrutik Txarliri Mendaroko ospitaleko eta oro har Osakidetzako kudeaketari buruz hitz egiterakoan. 

“Oposaketako azterketa milaka lagunek egiten dute, eta urteak ematen dituzte lanean hasteko zain, epeak asko luzatzen baitira. Eta uda heltzean langileak falta dira, eta azterketa egin ez duten pertsonak kontratatzen dituzte. Zergatia galdetu, eta inork ez daki ezer. Batean zein bestean galdetu, eta inork ez daki ezer. Errua beste norbaiti leporatzen diote”. Egoera horrelakoa izanik Osakidetzako langile askorentzat, “umorearen galbahea” beharrezkoa da. Txarli eta Mariolaren esanetan, “egonezin hori ateratzeko bidea da”.

Mirenolaturen lehen albumak (Mirenolatu, la celadora vampira. Living in Josakidetza, DDT Banaketak, 2020) espero baino arrakasta handiagoa izan zuen. Ale guztiak eskuz esku saldu ziren, eta batik bat, ospitalean bertan lankideen artean. “Horregatik animatu ginen bigarren albuma kaleratzera”. Orduan Txarlik, “serioago” jarri, eta “hobekuntzak” egitea erabaki zuen, eta kolore gehiago eta euskara gehiago sartu ditu Caida y auge de Mirenolatu albumean (DDT Banaketak, 2021).

Bi hizkuntzetan, bai euskaraz bai gaztelaniaz bizi dute egunerokoa Txarlik eta Mariolak. Ospitalean ere biak erabiltzen dituzte gaixo, senide eta lankideekin. Horregatik modu kontzientean erabaki dute komikian ere biak nahastea. “Erdera hutsetik gatoz”, diote, eta guretzat abantaila da biak erabiltzea. Gure errealitatea horrela bizi baitugu”.

Urte oso bateko lana dago komiki bakoitzaren atzean. Elkartzean ideiak partekatzen dituzte Txarlik eta Mariolak eta, batik bat Txarli trabatzen denean, Mariolarengana jotzen du. “Berak beti izaten baitu ideiaren bat”.

Bigarren zenbakia “pixka bat beldurtuta” argitaratu dutela aitotzen du Txarlik. Izan ere, bi egileen poltsikotik ordaindu dituzte inprentako gastuak eta dirua berreskuratzea izan da euren xede nagusia. Eta lortu dute, bai. Bigarren komikia ere “ondo” saldu dute. Pentsa, ospitaleko kontratazio bulegoan ere saldu dituzte ale batzuk. Zehatz-mehatz komikia “noraino” heldu den ez dakiten arren, Osakidetzako aldizkari ofizialean komikiaren berri emateko proposamena ere jaso dute. “Pertsonalki aipatu ziguten aukera egon zitekeela. Baina, gero deirik ez dugu jaso. Agian, komikia irakurri ostean, iritziz aldatu dute”, dio umoretsu Txarlik.

Erakusketa eta bestelakoak

Erriberako Karkaba espazioan Txarliren ibilbideko hainbat lan ikusteko aukera izango da ekainaren 30etik uztailaren 3ra, auzoko jaiekin batera. Besteak beste, Mirenolaturen bigarren albumeko kapitulu batzuk –Txarliren gustukuenak–, Kuma eta Kerraren marrazkiak edota Ondarroan paratu zuen erakusketarako beren-beregi egindako komikiak. “Leku seinalatua” da Deustuko Erribera Txarlirentzat, bertan 10 urtez bizi izan baitzen, eta ezin du ezkutatu sentitzen duen “ilusioa”.

Mirenolaturen hirugarrena ere hasi du Txarlik. Baina alde batera utzita dauka. Bi urtetan bi komiki kaleratu ostean, hirugarrenerako denbora gehiago hartzea erabaki du. Aurten beharrean,”bi urte barru” kaleratzea eta horrela “jendeari deskantzatzen lagatzea”.

Bitartean, badu zeregina. Bestelako komiki bat du esku artean. Erronka. “Elkarrizketa gabeko komiki bat. Marrazkiak bakarrik, testurik gabe”. Komiki batean ikusi, gustatu eta animatu da bi lagunen bidaia bat kontatzera, hitzik gabe. “Hasi nintzen eta 50 orri marraztu ditut jada”.

Oharra: Komikizaleak Deustuko liburu-dendan aurkituko ditu Mirenolaturen komikiak.