Erriberako jaiak ospatuko dira ekainaren 30etik uztailaren 3ra

uriola.eus 2022ko eka. 28a, 14:22

Ostegunean hasiko dira Erriberako jaiak kalejira eta txupinazoarekin eta lau egunetan zehar gozatu ahalko dute auzotarrek jaietaz. Musika, janaria, txapelketak edo ekitaldiak girotuko dute auzoa igandera arte.

Deustuko Erriberako auzotarrek aste honetan ospatuko dituzte jaiak. Ekainaren 30etik uztailaren 3ra arte jai giroz beteko da auzoa. Jaiak 20:00etan Yolanda Gonzalezek plazatxotik botako duen txupinazoarekin hasiko dira, baina aurretik 19:00etan kalejira egongo da, Ondalan erraldoien konpartsa, Deustuko txistulariak eta Erriberako Buruhandiekin. Eguna amaitzeko Karkaba-47k kontzertuak antolatu ditu gaua girotzeko. Me la suda, Hatten eta Elektronika DJ jarriko dute musika.

Ostirala, uztailak 1, ur jolasekin hasiko da eta goiz osoan 12:00etatik 18:00etara sukalde-performancea eta musika egongo da. Arratsaldean musikak garrantzia hartuko du. 19:30ean trikipoteoa egingo da auzoko tabernetatik eta 20:00etan II. playback txapelketa jolastuko da. Bitartean 1977 eta 2018 artean egindako futbol areto txapelketaren tributoa egingo da. Eguna amaitzeko Txapelpunk eta Altxaporru erromeriak joko dute eta DJ Kakalimonek itxiko du gaua. 

Asteburuan sarturik, larunbatean paellaren txanda izango da. 12:30ean XIII. paella txapelketa hasiko da eta 15:00etan aurkeztuko dira. Aldats elektrotxarangak girotuko du paellen sukaldatzea 13:00etatik aurrera. Arratsaldean XIX. igel txapelketa eta saskibaloiko lehiaketaren bigarren edizioa egingo dira 16:30ean eta 17:00etan hurrenez hurren. More Jaia & Erramun Txakurra DJ-ak jarriko dute musika arratsaldean eta gauez Erriberock jaialdiaz gozatuko dute bertaratutakoak: Detomeitos, Mortimer y su puta banda eta Feos pero majos.

Igandea, uztailak 3, azken eguna izango da eta ekitaldiz beteta egongo da gauera arte. Goizez bi kalejira egingo dira. Lehenengoa 11:00etan Bihotz Alaiko Txistulari eta Gaiteroekin eta bestea 13:30ean Deustuko fanfarrearekin. 15:00etan herri bazkaria egingo da eta bingo musikatuarekin girotuko da. Jaietako azken bi txapelketak egingo dira arratsaldean. 16:30ean XXX. mus txapelketa eta 21:00etan dantza txapelketa. Jaiak hamabietan amaituko dira Txitxardiniren agurrarekin. 

Erasoen aurkako protokoloa

Lehen aldiz aurten, Txitxardin jai batzordetik eraso matxistei aurre egiteko protokoloa prestatu dute. Erasotuak izan diren pertsonei ahalik eta laguntza handiena emateko bideak bilatu dituzte jaiak ahal duten seguruenak izateko. Jaiaren inguruko informazioa eta egitaraua hurrengo estekan eskura daiteke.