EUSKARAREN ERABILERA DATUAK

“Gure esku dago testuingurua ulertu eta aurrera nola egin erabakitzea”

Nerea Cubillo Urkizu 2022ko uzt. 11a, 15:00

Argazkiak: Euskara Aurrera, Soziolinguistika klusterra

Euskararen egoera deskribatzea eta lan ildoak zehaztea du helburu Hizkuntzen Erabileraren kale neurketak. Zortzitan egin da dagoeneko eta Soziolinguistika Klusterra azken 5 edizioetako ikerketaz arduratu da.

Emaitzen txostena ekaina hasieran aurkeztu zuten arren, hilaren 22an Bizkaia Aretoan antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren XIV. edizioan egin zuten 2021eko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzen azterketa partekatua, hainbat ikertzaile, profesional, aktibista eta erakunde ezberdinetako arduradunekin. 

Kale-neurketarako metodologia Siadeco Ikerketa taldeak sortu zuen eta Euskal Kulturaren Batzordeak Euskal Herriko neurketa abiatu zuen 1989. urtean. Ordutik, badira nabarmen aldatu diren datuak euskararen erabilerari dagokionean, eta horien inguruko azterketa txiki bat egitea da erreportaje honen helburuetako bat, baita datu guzti horiek Deustualdeko errealitatera ekartzen saiatzea. 

Ikerketa guztietan oinarri metodologiko berdintsua erabili da, hala eta guztiz ere, bost urterik behin egiten diren neurketetan hobekuntza batzuk ematen dira, “datuen sendotasuna eta zorroztasuna handitzeko”. Oraingoan, laginketa eredua hobetzeaz gain, mugikor bidezko datu-bilketa egin da herri guztietan. Datuak 145 udalerritako kaleetan entzundako elkarrizketetan oinarrituta daude, eta inoiz baino ordu gehiago behatu dira 2021eko edizioan ikerketaren arduradunen arabera. Izan ere, 2021eko emaitzetan 215.396 elkarrizketa 603.497 solaskide hartu dira kontuan.

Datu zehatzagoetan sartu baino lehen, Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako 2021eko kale neurketa hoberen laburtzen duen izenburua honako hau da: “azken bost urteotan, hau da, kale neurketa egin zen azken alditik, ez da gorabeherarik izan euskararen kale-erabilera orokorrean”. Olatz Altuna Klusterreko zuzendariak azaldu bezala, lurraldeetako datuei dagokionez, “euskara gehien entzuten da Gipuzkoan (%31), ostean Bizkaia dago %9ko erabilerarekin eta azkenekoz Araba, Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herria daude, %5-6 inguruko erabilerarekin”. 

Lurralde horietako hiriburuetako datuak apur bat adierazgarriagoak dira, izan ere, nahiz eta Araba lurraldeko euskararen kale erabilera hirugarren postuan kokatu, Gipuzkoa eta Bizkaiaren atzetik hurrenez hurren, hiriburuen hurrenkeran Gasteiz bigarren postuan aurkitzen da Bilboren aurretik. Donostiako euskararen kale-erabilera berriz, %15,3koa da eta lehen postuan ageri da.

Harremanak eta inertziak

Haurrak eta nagusiak batera dauden elkarrizketetan euskara nabarmenagoa da haurrak eta nagusiak banatuta daudenean baino. Deustuko Done Petri plazako egoeraren isla ere bada emandako datua, izan ere, umeak eskolatik irten eta parkera jolastera doazenean entzuten da euskara gehien plazan, baina ez ordea zabuetan jolasten dauden umeen elkarrizketetan, edota bankuan umeei begira dagoen gurasoen kuadrillan, baizik eta umeak gurasoengana edozer eskatzera hurbiltzen direnean.(Aipatutako datuak aste barruko bi arratsaldetako egoerari erreparatzen dio). Bestalde, gazteekin egin dituzten azken azterketetan nabarmen ikusten da taldearen eragina norberaren identitatea eta hizkuntza identitatea garatzerakoan.

Kalearen eta espazio publikoaren eragina

“Zenbat eta gazteago orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale-erabilera gizonezkoari, edo beste era batera esanda, emakumezkoek euskara gehiago erabiltzen dute gizonezkoek baino, adinekoetan izan ezik”. Gogoratu behar dugu datu hau kale elkarrizketetan oinarrituta dagoela, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Koldo Telleriak eman du emaitza horren inguruko hipotesi bat: “ez da harritzekoa emakumeen artean euskara gehiago entzutea, sinpleki emakume gehiago daudelako kalean gizonak baino. Genero rol zaintzaileetan emakumezkoak gailentzen direla ukaezina da eta gizonek ez bezala, lanerako bidean edo lanetik bueltan, beste hainbat gauza egiten dituzte emakumeek, erosketak adibidez”.  

 Gainera, kalean, batez ere auzo eta herri txikietan, saltokien homogeneizazioa gero eta nabarmenagoa dela adierazi dute Euskal Soziolinguistika jardunaldian, eta horrek ere “hizkuntzaren erabileran zuzenean eragiten du”. Auzoetako saltoki txikiak, arrandegia, okindegia, harategia besteak beste, supermerkatu handi eta bakar batean bateratzeko joera handitu da azken urteotan. Deustun ere, egoera antzekoa da: gero eta okindegi, arrandegi eta harategi gutxiago dauden bitartean, urte amaieran izen ezaguneko supermerkatu handi bat zabalduko dute beste baten alboan(kendu). Halako espazio pribatuek eta kasu honetan, Deustu inguruan(Deustutik hurbil) dauden merkataritza gune handiek gure hizkuntza ohiturak aldatzen dituzte etengabe, Oihana Santolaria Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen eta Irati Otamendiren arabera. Gainera, auzoetako lokalen husteak “kaleko bizitza eta kaleko harremanen gutxitzea dakarrela” gehitu dute, azken hau kaleko hizkuntzen erabileran zuzenean ere eragiten duen bitartean.

Turismoa ere bada kaleko hizkuntza ohituretan eragina duen beste faktoreetako bat eta Bilboko Alde Zaharreko errealitateak, egoki erantzuten dio bi hizlariek aipatutako egoerari. Horiek horrela, gaur egun auzoan erabilgarri dauden oheen %25a turismoari bideratuta baitago. Hala, Bilbon euskara, gaztelania edota frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera %4-5 ingurukoa baldin bada, baliteke ehuneko horren zati bat behintzat turismoaren eraginez ematea: “kalea erabiltzeko moduari dagokionean, alde handia egongo da egunero kalean dabilenaren edo bisitan datorrenaren artean” gehitu du Otamendik hitzaldian.  Finean “hirigintza ereduak azken 30 urteetan izan dituen aldaketek kaleko hizkuntza erabilerarekin lotura ere badutela” adierazi nahi izan dute.

Nola egin aurrera?

Jardunaldian behin eta berriro errepikatu den ideietako bat da ikerketaren emaitzek non eta zertan eragin ezagutzeko balio dutela, baina honen ostean “gure esku dagoela testuingurua ondo ulertzea eta ikustea zelan egin aurrera”. Baina nola eta nondik hasi? Bada, hauek dira gehien aipatu diren gakoak: “hezkuntzan haur eta gazteen euskararen ezagutza-maila egokia bermatzea, herritarren sentsibilizazioa eta erabilera-ohituren finkapena, helduen euskalduntzea, esparru sozioekonomikoa, eremu digitala eta hizkuntzaren teknologiak, eremu ez formalean euskararen eskaintza (ikus-entzunezkoak, kirola, aisia…) bermatu eta biderkatzea, Euskal Herrira heldutako migratzaileen inklusioa eta aniztasunaren lanketa, euskal kultura sistema (sorkuntza nahiz kontsumoa) sendotzea, eta hizkuntza-eskubideen bermea”.