Deustuko Erriberako ehun urteko bizipenak biltzen dituen liburu-dokumentala aurkeztu dute

Prest! aldizkaria 2022ko uzt. 12a, 11:00

“Itzela izan da, mila esker!”, “Oso hunkigarria”, “Omenaldi ederra gure nagusientzat, daudenentzat eta joan direnentzat”, “Zorionak, auzo guztia batu duzue eta gaur egun hori asko da!”. ‘Hamaika Begirada’ liburu-dokumentalaren aurkezpenean egondako auzokide batzuen mezuak dira. Pabiloi 6an egindako ekitaldian bildutako berrehun lagunek harrera ezin hobea egin zioten Deustuko Erriberako eta Zorrotzaurreko ehun urteko historia eta bizipenak biltzen dituen proiektuari.

Erriberako Pabiloi 6a jendez lepo bete zen ekainaren 15ean egindako Hamaika Begirada liburu-dokumentalaren aurkezpenean. Nagusienak lehenengo lerroetan eseri ziren, aretoan egiten zuen beroari aurre egiteko, ur botila eta kartoiz inprobisatutako abanikoak eskuetan zituztela. Beraiek dira proiektuaren protagonistak. Hogeita sei pertsona elkarrizketatu dituzte Yolanda Veiga , Iban Méndez eta Nerea Olaziregi, auzoko bizilagun eta kazetariek. 80 urtetik gorakoak gehienak. Euren bizipen eta oroitzapenen bidez, Erriberako ia mende bateko historia errepasatu dute: gerraosteko errepresio eta estutasunetatik hasi, oparotasun industrialaren garaira eta uholdeek markatutako ondorengo gainbeherara; galleteren gorabeheretatik, jaietako antolaketara; langilez betetako txalupatik, etxeetako ateak irekita zeuden garaietara.

Aurkezpen ekitaldian egileek adierazi zuten bezala, “Hamaika Begirada ez da edozein liburu, liburu interaktiboa da”. Izan ere, kapitulu bakoitzaren hasieran dagoen QR kodera joz, bideo bat ikus daiteke. Hamaika ataletan banatutako lana da eta atal bakoitzak bere testua eta bideoa du: Gerra eta gerraostea, Galleterak, Itsasadarra, Haurtzaroa, Tabernak, Dendak, Migrazioa, Uholdeak, Jaiak, Hiru ‘erribera’ eta Hamaika Begirada. Auzoetako toki esanguratsuetan ere QR plakak jarri dituzte bertatik pasatzen direnek gai bakoitzaren inguruko informazioa jaso ahal izateko.

Lau urteetako lana izan da, ahalegin, mimo eta maitasun handiz egindakoa. Liburua ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Alde batetik euskarazko bertsioa eta bestetik euskarazkoa. Diseinu zaindua. Protagonistak eta euren sinadurak erdigunean. Ongi aukeratutako eta ilustratutako argazkiak. Laura Freijo izan da diseinatzaile eta maketatzailea, Atxarte Salvador itzultzailea, Txema Luzuriagak, Ane Rotaetxek, Liber Irisarrik, Martín San Estebanek eta hainbat auzokidek dokumentazioa eta irudiak utzi dituzte eta Urko Olazabal izan da dokumentalaren arduradun. Bestaldetik, Erriberako auzo elkartea, Artiach galleta fabrika eta Vicinay Cadenasen laguntza ekonomikoa izan dute. Aurkezpenean egitasmo honen atzean egondako pertsonen lana goraipatu nahi izan zuten Yolanda, Iban eta Nereak. “Lan kolektiboa izan da eta talde polita osatu dugu. Oso eskertuta gaude jaso dugun laguntzagatik”.

Era berean, auzoaren etorkizunaz kezkatuta agertu ziren. “Ez dakigu zertan bilakatuko duten Erribera, baina susmatzen dugu. Egunez egun gure auzoaren eraldaketa ikusten ari gara eta ez du zerikusirik liburuaren protagonistek kontatu digutenarekin”. Baina jakin badakite iraganaren memoria ezinbestekoa dela oraina eta etorkizuna eraikitzeko eta ‘Hamaika Begirada’ proiektuarekin ekarpen hori egin nahi izan dute. Erriberako tabernetan dago eskuragai.