Marra berdeez harago

Jone Gartzia Gerra 2022ko uzt. 14a, 08:00

Argazkia: Bihotzaran Arangoitiko Auzo Elkartea

Aspaldi da TAOaren auziak urruneko kontu izateari utzi ziola gurean. Ikasturte hasieran iragarritako neurria maiatzaren 2an egikaritu zuen Bilboko Udalak, eta ordutik Ibarrekolandan, San Inazion eta Elorrietan aparkatzeko ordaindu beharra dago. Eragina, ordea, ez da hiru auzo horietara mugatu, eta orain aparkatzeko zailtasunak Arangoitira mugitu dira.

Udalak 2021eko urtarrilean kaleratutako ikerketa batek argitara eman zuen bai Ibarrekolandan, San Inazion, Elorrietan eta Arangoitin aparkatuta zeuden ia kotxeen erdia ez zeudela auzo horietan erregistratuta. TAO zerbitzuaren ezarpenak, Bilboko Udalaren hitzetan, arazo horri aterabidea emateko helburua du.

Kontua da, auzootan aparkatzeagatik ordaindu behar izanak ez dituela ibilgailuak desagerrarazten, ez eta autoaren erabilera halabeharrez murrizten ere. Izan ere, ez da bestelako neurririk hartu, garraio publikoa sustatzea edo disuasio-aparkalekuak eraikitzea kasu. Hori da, hain zuzen, barrutiko EH Bilduko ordezkariek Udalari leporatzen diotena. “Udala dirua biltzeko neurriekin baino ez da geratu”, salatu du Alonso kontseilariak.

Neurria indarrean dagoenetik, nabarmen arindu dira hiru auzootan aparkalekua aurkitzeko zailtasunak; eta izugarri zaildu Arangoitin. Aipatu beharra dago, bertako etxe gehienek ez dutela garajerik, nahiz eta aparkaleku publikoa badagoen auzoan. Berehala piztutako arazoarekin kezkatuta, Arangoitiko Bihotzaran auzo elkarteak prozesu parte-hartzailea abiatu zuen aparkalekuak erregulatzeko neurrien inguruan. Maiatzaren 26an eztabaida bat antolatu zuten auzoan, eta botazio edo erreferenduma ekainaren 4an. Adinez nagusiak ziren 1.258 arangoititarrek hartu zuten parte, eta horietatik 1.179k (%93,48) TAOaren alde bozkatu zuten. 79 pertsonak bozkatu zuten kontra (%6,27) eta hiruk boto zuria eman zuten.

Orain, barrutiko komisio teknikora eramango dituzte emaitzak, baina irailera arte Udalak ez du eskaera aztertuko. Hala ere, mugikortasun sailean badute honen berri eta ikerketa bat egiten ari dira Arangoitin aparkatutako autoen jatorria ezagutzeko. Bitartean ezer gehiago egin ezin dutela adierazi du Bihotzaran elkarteko Angel Prietok, eta bestelako neurririk ezarri ezean Arangoitin aparkatzeak oso zaila izaten jarraituko duela uste du.

Kontrako iritziak

San Inazioko Gazte Asanbladak zehaztu du neurria langile klaseko auzokideentzako, saltoki txikientzako eta kanpoko langileentzako gastu gehigarria dela. Gainera, neurria “inposatua” dela eta “eremu publikoaren merkantilizazioa” ekarriko duela salatu dute taldekideek, ingurumenaren babesaren aitzakiapean baina “alternatibarik eskaini gabe”. TAO zerbitzua ematen duen Gerte enpresako langileen baldintza okerrak eta neurriak ekarriko duen poliziaren presentziaren areagotzea ere azpimarratu dituzte.