Kike Puente, Deustuko Erriberan bizi den peruarra

“Erriberako jendearen kalitatea maite dut”

Prest! aldizkaria 2022ko abu. 10a, 08:00

Peru iparraldean dagoen Talara herrikoa da Kike. Diseinatzaile grafikoa da eta duela ia bost urte Deustura etorri zen bere alaba bertan bizi zelako. Kasualitatez, Erribera ezagutu eta bertako giroa ikusita, hemen bizitzea erabaki zuen.

Noiz utzi zenuen zure herria?

2017ko azaroan heldu nintzen Limatik Deustura. Nire alaba Ane hemen bizi zen bere amarekin eta bere ondoan egon nahi nuen. Ni berez, Talarakoa naiz, Peruko iparraldean dago, Ecuadorretik gertu. 16 urte nituela bertatik Limara joan nintzen Bigarren Hezkuntza ikastera.

Gustura zaude hemen?

Oso pozik nago hasieratik.

Lana topatzea kostatu zitzaizun?

Ez, diseinatzaile grafikoa naiz eta hemengo komunikazio eta marketing enpresa batean hasi nintzen berehala lanean. Web guneak diseinatzen ditut , hango titulua balidatu eta Perun egiten nuen lan bera egiten dut hemen. Pandemiak gainera, ez du nire lanean gehiegi eragin.

Nola iritsi zinen Erriberara?

Gure txoko skate eskola ezagutzera etorri nintzen. Bi saiakera egin nituen eta ez nuen topatu. Lehenengo aldian gauez etorri nintzen eta beldurra sentitu nuen. Bigarrenean eguna zen, jendea ezagutu nuen eta asko gustatu zitzaidan hemengo giroa. Nire herria,Talara, ekarri zidan gogora.

Etorri zarenetik itzuli zara inoiz Perura?

Oraindik ez. Egia esateko, oraingoz ez dut itzultzeko beharrik eduki.

Zerbaiten falta sumatzen duzu?

Gurasoen falta batez ere. Nagusiak dira hona etortzeko eta egunen baten joan beharko naiz beraiek ikustera.

Eta janaria?

Ez. Hango janaria asko maite dut baina hemen prestatzen ditut hango platerak.

Herri honetatik zerk erakartzen zaitu gehien?

Jendearen kalitatea maite dut, Erriberakoena bereziki. Bilboko beste auzo batzuekin alderatuta, oso ezberdina da hemengo jendea. Hurbilak dira, Liman bizi nintzen auzoko bizilagunak baino hurbilagoak. Kontaktu handiagoa dut hemen jendearekin han baino.

Etorkizunari begira baduzu erronkarik?

Ametsak ditut. Hori da garrantzitsuena. Eta uste dut betetzen ari direla. Diseinuarekin jarraitu nahi dut, asko gustatzen zaidalako baina tatuaien mundua asko maite dut. Etorkizunean horretan ikusten dut nire burua, jubilatu eta gero agian.

Euskara ikasteko asmorik?

Interesa eta kuriositatea dut eta banabil poliki poliki ikasten. Harrapatuta nauka, asko gustatzen zait. Perun ere bertoko hizkuntzak ditugu, Aymara eta Quechua baina zoritxarrez, ez ditut ezagutzen.