Itxaronaldi luzearen ostean, bete-betean ospatu dituzte jaiak

Prest! aldizkaria 2022ko uzt. 30a, 08:00
Kuadrillen ikuskizunak Arangoitin eta pregoilariari aurreskua Erriberan. Argazkiak: Jose Luis Gómez, Alazne Astorga eta Detomeitos

Ekainari agur esan eta uztailari ongi etorria emateaz batera, jaietan murgildu dira Erriberako zein Arangoitiko bizilagunak, baita giro ederrean egin ere, ohiko formatura itzulita.

Ekintzaz beteriko egunak Erriberan

Erraldoi eta buruhandien kalejiraren ostean, Meritxell Itzaren pregoiak eta txupin-jaurtiketak abiarazi zituen Erriberako jaiak ekainaren 30ean, eta uztailaren 3ra arte luzatu ziren. Neska-mutilak eskolara daramatzan autobusean lan egiten du Itzak aspalditik, eta txikiekin nahiz dagoeneko koskortu direnen belaunaldiekin harreman estua dauka. Haiekin batera iritsi zen autobusez Yolanda Gonzalez plazatxora, eta pasilloa egin zioten omenaldi gisa. “Momentu oso polita” izan zela dio, bai berarentzat, baita Soleto autobusaren jabearentzat ere, urte mordoa baitaramatza zeregin horretan.

Pregoia irakurri eta hasierako urduritasunak alde batera utzita, asko disfrutatu omen zuen giroaz: “Erriberako jendea oso atsegina da eta herri txiki batean bezala funtzionatzen dute. Guztiek onartzen zaituzte, denek deitzen dizute, denek gonbidatu nahi zaituzte… oso jai politak dira”.

                           

Hala, festak hasita, txikienak saskibaloian aritu ziren, eta nagusiek zuzeneko musikaz gozatu zuten ordu txikietara arte. Hurrengo egunetan ere askotariko ekintzak egon ziren, hala nola kirol ekitaldiak, jolasak, hainbat ikuskizun, kontzertuak nahiz kalejirak. Eta, nola ez, jatekoaren bueltan biltzeko aukera bat baino gehiago.

Ahalik eta hitzordu gehienetan egoten saiatu zen Meritxell Itza, baina aitortu du tarteka ezinezko suertatu zitzaiola:  “Dantzariak batetik bestera zebiltzan, kontrako noranzkoan trikitilariak zetozen, une berean kantxetan zerbaitetan jokatzen ari ziren…”. Harrituta geratu da egitarauan zenbat gauza kabitzen diren ikusita.

Detomeitos taldearen kontzertua

Izan dituen zereginez galdetuta, azaldu du, besteak beste, ikurrina altxatzeaz arduratu zela (lehen saiakeran arazo teknikoak izan arren), mezaren ostean auzokiderik nagusienei opariak banatu zizkiela eta paella lehiaketako epaimahaiaren parte izan zela, bizitzan lehenengoz. Hala ere, berak dioen moduan, nahiko biguna izan zen, eta nota apur bat hobea jarri zien lehiakide guztiei. Tongo egin izana egotzi zien txantxetan batek baino gehiagok epaileei, baina zintzo jokatu zutela dio Itzak, ez zutela inolako eskupekorik onartu.

Azken batean, jendearekin egotea zen bere zeregin nagusia, baina betebeharra baino, gozamena izan da. Horren adibidetzat jarri du igandean egin zuten bazkari herrikoia: “Oso egun berezia izan zen azkena. Erriberakook batu ginen denok batera bazkaltzeko, eta oso-oso gustura egon ginen”. Egunaren amaieran, hain zuzen, 2023ra arte agurtu zuten urtero Erriberara jai giroa ekartzen duen Txitxardin.

Arangoitin, txapela buruan

Ekainaren 24an egin zuten Arangoitin kuadrillen jaitsiera, eta horrekin batera abiatu ziren Txapel Jaiak, noiz arte eta uztailaren 3ra arte. Aurtengo pregoia irakurri duena Gautxoriak lagun taldea izan da, 2019an (jaiak normaltasunez ospatu ziren azken aldian) kuadrillen txapelketa irabazi baitzuten.

Asteburu bietan metatu zen hitzordu kopuru handiena, baina, hala ere, tarteko egun guztietarako ere antolatu zituzten ekintzak. Besteak beste, futbito txapelketako partidak jokatu dituzte aste barruan. Eta ekainaren 30ean, osteguna, auzokideek beren talentua agertoki gainean erakusteko aukera izan zuten, umore ezin hobean igaro zen Tu sí que vales lehiaketan.