Sarrionandiak 'Habanako gaukaria' izan du mintzagai irakurleen txokoan

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko ira. 29a, 14:03

Ikasturteko lehenengo literatura solasaldia izan zuten atzo Deustuko Berbaizu Euskara Elkarteak antolatutako irakurleen txokoan, luxuzko gonbidatuarekin, gainera: Joseba Sarrionandia. Habanako gaukaria trilogiaren bueltan jarduteko aitzakiarekin, hainbat pasadizo eta hausnarketa partekatu zituen bertaratutakoekin.

Eguneroko formatuan idatzitako hiru liburuk osatzen dute Habanako gaukaria: Airea ez da debalde, Bizitzea ez al da oso arriskutsua? eta Gauzak direna balira. Hala ere, Sarrionandiak azaldutakoaren arabera, liburuon asmoa ez da izan kontu intimoak zabaltzea, baizik eta “diziplina bat ezartzea” eta, hala, bere burua idaztera behartzea.

Bada, Kubako hiriburuan idatzitako lanotatik abiatuta, Deustuko Udaltegiko areto nagusira bertaratuek (50 pertsona inguru) hainbat kontu entzuteko aukera izan zuten trilogian gertatzen den bezala, zeinetan eguneroko kontuak istorio, kontakizun zein saiakeretara eramaten duten irakurlea.

Hala, azaldu zuen, esaterako, Karibe aldeko eta Europako munduaren ikuskeren arteko aldea. Hemen gizartea lanaren inguruan antolatzen dela dio, baita balio moral judeo-kristauek jarraitzen dutela europarron jokabidea gidatzen, erlijio horrekiko sinismena, oro har, alde batera utzi bada ere. Kuban, aldiz, pentsamoldea guztiz bestelakoa dela ikusi du Sarrionandiak, eta nabarmendu du, bere ustez, iraultza sozialista lana “gainetik kentzeko” eta libre izateko astia izateko iraultza izan zela nagusiki, pertsona humanizatzen duena lana dela dioen Marxen irakurketari baino, jaiotzez kubatarra zen haren suiarenari (Paul Lafargue) jarraikiz, zeinak Le droit a la paresse (Nagikeriarako eskubidea) lana ondu zen. Bestalde, hemen gauza guztietarako ditugun “debeku eta epai moralak” itsasoaren beste alde horretan ez daudela azaldu zuen, sexuaren tabua adibidetzat jarrita.

Amerikar lurretan esklabutzan jardu zuten euskaldun familiei buruzkoak ere kontatu zituen, eta nola jardun horrek oraindik ere baduen isla hango lurretan (abizenetan, leku izenetan…). Atlantikoaren alde honetara etorrita, azpimarratu zuen txanponaren beste aldean, gaur egun gurean ondasun askoren edota komunikabide-talde handien jabe diren familien aberastasunak, hain zuzen, esklabutza horretan duela jatorria.

Irakurleen txokoa

Ikasturteko lehenengo saioa izanik, datozenetarako proposamenak jasotzeko txarteltxoak banatu zituzten aretora hurbildu zirenen artean.

Urtean hiruzpalau saio egiten dituzte, irakurriko duten liburua hautatu eta egilea gonbidatuta, elkarrekin solasaldia egiteko. Saioak guztiz irekiak dira eta edonor gertura daiteke. Datozen hitzorduen berri webgunearen zein sare sozialen bidez emango du Berbaizu Euskara Elkarteak.