Deustuko Erriberako eta Zorrotzaurreko uholde-biltegiak eraikitzen hasi dira

uriola.eus 2022ko urr. 10a, 16:28

Galtzadako uholdeak galarazteko eta itsasgora dagoenean euri-uren sarearen gaineko eraginak ekiditeko eraikiko dira. Artiachen eraikinetik gertu eta Papeleraren eraikinetik gertu jarriko dira, 5.671.801,66 euroko aurrekontua dute eta 20 hilabeteko epean egingo dira.

Zorrotzaurreko uhartean galtzadak urez ez betetzeko eta euri-uren sarean itsasgoran eragozpenik ez egoteko asmoz bi uholde biltegi eraikitzen hasi dira. Hauek biltegiratze-bolumen nahikoa izan beharko dute mareak grabitateagatik arindu ahal izateko eta, itsasadarraren maila jaisten denean, hustea ahalbidetzen ez duen egoeretan ura metatzeko. Lehenengoak 1.031,70 metro kubiko izango ditu eta bigarrenak 1.190,25.

Proiektatutako urbanizazioak ezarritako baldintzak eta kotak betetzeko azalera handieneko eta sakonera txikieneko biltegiak aukeratu dira eta -2 metroko kotaraino induskatu beharko da. Arrokan sartuko diren hormigoizko pantailak erabiliko dira euspen-elementu gisa. Egitura perimetro-harresi batekin osatuko da, 30 cm hormigoi armatuzkoa, eta material bereko zutabeekin. 

Kontuan hartu behar da lursailak zenbait geruza dituela. Betegarri artifizialak, ibai-ahoko jalkinezko zoruak, legarrak lohiarekin eta arrekin eta arroka. Horren ondorioz, indusketa eskora-oholtza iragazgaitzekin egingo da egonkortasuna bermatzeko. Bestalde, Itsasadarrera botatzen den uraren kalitatea hobetuko omen da, udalaren esanetan. Euri-uren kolektoreak biltegi bakoitzean sartzen diren lekuetan harea kentzeko gailu bat eta koipeak bereizteko beste bat jarriko dira.

Biltegi bakoitzeko itsasadarrera emango duten hiru eroanbide egongo dira. Grabitatearen indarrez, ponpaketa bidez eta euri-uren kutxatilatik aterako dute ura. Oraingo sestraren azpitik 4 metroko indusketak egin behar dira grabitate bidez ura ateratzeko sakonera handia behar delako. Hauek eraikitzeko zirkulazioa aldatu beharko da.

Matentze lanak

Lau sarbide egongo dira bakoitzeko, eta pasabidea utziko da koipeak bereizteko tokira, harea kentzeko makinara, garbiketa-kutxatilara eta ponpatze-ekipora konponketak egin ahal izateko. Ez da argiztapenik ezta behartutako aireztapenik aurreikusten eta horretarako lau tximinia jarriko dira, modu naturalean egiteko aireztapena. 

Ura grabitatearen bidez isurtzeko sistemari aparteko garrantzia eman zaio eroanbidearen itxituran balizko akatsak kontrolatzeko. Tarteko kutxatila bat egongo da eta uraren gazitasuna neurtu ahalko da. 

Uholdeak ekiditeko

Udalak Zorrotzaurrerako plan berria martxan jarri zuenean Deustuko irlan kanal bat ireki zen eta uholdeen arriskua areagotu zen, auzokideek salatu zuten moduan. Obra berri honekin, auzokoek planteatutako arazoari konponbidea emateko helburua ei du udalak.