Gureak kanpoan: Jon Enriquez Contreras

Prest! aldizkaria 2022ko urr. 15a, 10:20

Jatorria: Deustu

Bizitokia: Granada

Lanbidea: Ingeniaria

“Unibertsitate giro gaztea da nagusi, leku askotako jendea biltzen da hemen”

Granadan bizi zara, zer dela eta?
Madrilen nengoen lanean, eta enpresakoek esan zidaten Granadan jendea behar zutela. Birritan pentsatu gabe, hara joan nintzen, 2022ko otsailean. Oraindik garai horretan lanaren erdia telelanean egiten genuen Covidarengatik.

Nolako hiria da?

Oso erosoa iruditzen zait, Bilboren antzekoa. Dena dago oso gertu eta ez dago hiri handietan bezainbesteko zalapartarik. Gainera, kotxea hartuta ordu erdian leku asko ezagutu ditzakezu.

Zer esan dezakezu bertako egoera sozial eta politikoari buruz?

Kalean ez da politikaren inguruan apenas ezer ikusten. Nire pisu kideak Andaluziarrak dira, eta bertako Parlamentuko hauteskundeetan esaten zidaten haien sentsazioa zela PPk irabazi zuela inor ez zelako bozkatzera joan. Agian bilatu behar da, baina jendea ez dut politikarengatik oso arduratuta ikusten. Jendea lasai egoten da, kalean, berera, baina antolatzen ez hainbeste.

Zer da Granadatik gehien gustatzen zaizuna?

Natorren lekuarekin alderatuta (Madril), trafiko gutxiago eta lasaitasun gehiago dagoela. Udan bero egiten du, baina urtean zehar eguraldia ona izaten da. Unibertsitate giro gaztea da nagusi, leku askotako jendea biltzen da hemen.

Eta gutxien?

Jendea ez dela oso zuzena hitz egiterakoan. Hasieran asko kostatzen zitzaidan jendea ulertzea, batez ere lanean, ez nekien zer nahi zuten, eta ahoskera ere kostatzen zitzaidan. Milaka istorio kontatzen dizkizute azkenean ezer ez kontatzeko.

Aurretik Madrilen ere egona zara, zeintzuk dira nabari dituzun desberdintasun nagusiak?

Madrilen ohituta nengoen leku batetik bestera mugitzeko garraio publikoan denbora asko ematen, baina hemen ez. Madrilgo hotza ere latza zen, ez dakit etxearen isolamenduagatik edo, baina Bilbon baino okerrago eramaten nuen, eta hemen askoz hobeto.

Zenbat denbora daramazu Deustutik kanpo bizitzen?

2019ko irailetik, Covida baino lehen, hiru urte guztira.

Bueltatzeko asmorik duzu?

Bada, lehengo egunean esan zidaten agian Tenerifera aldatuko nautela laster, urtebetez. Hor duzue hurrengo elkarrizketarako aurrerapena! Hala ere, hori baino lehen hilabete batzuk Bilbora etortzeko aukera izango dudala uste dut.

Faltan duzu?

Bilbo erosoa da, baina azkenean faltan dudana bertako jendea da. Are gehiago esango dizut, jendea eta gaztetan lagunekin bertan egotearen oroitzapena, hori da faltan dudana. Orain Bilbora bueltatzen naizenetan jendea bere gauzetan dago, ez da berdina.