EGUNSENTIA ESKAUT TALDEA
Kanpamendua: amaigabeko abentura
Uda berezia da berez, eta aurtengoa, bereziagoa. Uztaileko 14 egun eta dagozkien gauak elkarbizi ditugu haurrek eta begiraleok, ia 40 lagun Angostoko (Araba) naturgune izugarrian. Ingurunetik gehien gozatu dugun esparruetariko bat Tumecillo ibaiaren ur-presa izan da. Bertan, freskatu, bainatu eta ur jolasak egin ditugu bero-bolada saihesten genuen aldi berean. Urtero bezala gure abentura bizi izan dugu eta aurtengoa euskal kulturan oinarrituta. Anbotoko Marik eskatu zigun lauburuan irudikatzen diren lau elementuen arteko oreka berreskuratzeko eta horretarako Zezengorri, Basandere, Aideko eta Lamien laguntza lortu genuen. Halaber, kanpamendu bestelako jarduerekin osatu dugu: kanpamendu ibiltaria, oinez herriz herri, mendiak igoz, bertako jendea gehiago ezagutuz, eta gauak frontoi edo bolatokietan igaroz; baita ere, joko olinpikoak, atzekoz aurrera eguna (zeinetan arropa ondo jantzita eramatea ez zen aukera bat) eta zikin eguna non lokatza nabarmentzen da. Orain kurtso berriari gogoz ekingo diogu igandero, mundu hobetu bat eraikitzen saiatuz. Ikasturte honetan oraindik indar gehiagorekin, taldeak 40 urte betetzen bait ditu. Denok gonbidatuta zaudete urriaren 8an, goizez, Deustun, gurekin ospatzera.
Beti prest
TXANTXIKU AISIALDI TALDEA
Beste behin ere, maletak itxi eta udalekuetara abiatu ginen. Jakin gabe, urte osoan zehar egindako ekintza guztiek ekarri gintuzten berriz ere Mendigorriara. Inauterietan animazio saria ez irabaztetik, eskiatzera joan gineneko ostiarik handienak hartzera; Aste Santuko beldur gauetik, Deustuko Jaietako paellarik txarrena egitera; Txantxikuren 20 urteak ospatzetik, gaur, Txantxiku inoiz baino biziago dagoela konturatzera. Uztailaren 16an, 80 ume eta 20 begirale udalekuak izango ziren ozeanoan urperatu ginen. Ordutik piratak, txerriak, dantzariak, abeslariak, antzerkilariak eta kirolariak izan gara. Mendigorriako igerilekuetatik pasatuz, Brasilera bidaia egin genuen samba dantzatzera. 11 egunez, beste urte batez, euskaraz bizitzeko, gozatzeko eta elkar zaintzeko aukera izan genuen. Ez zen erreza izan. Baina hala ere, ahaleginak eta aldaketak udalekuetako lehen egunarekin alderatuz, nabariak izan ziren. Bide hau euskararekin batera egiteko hautua egin baitugu, Txantxikuren balore guztiak gutxinaka barneratzen eta praktikan jartzen joan garelako eta udalekuetan zehar sortutako giro eder intergenerazionala denon artean partekatu genuelako. Horrelako gauzek egiten baitute Txantxiku.
GAZTE ALAI
Datorren urterako irrikaz
Beste urte batez kanpamendua kurtsoko momenturik desiratuena bihurtzen da bai begirale, gazte zein umeentzat. Eguneroko kezkak eta errutinak aldera batera utzi, eta aurten Brizuelan (Burgos) elkartu ginen uztailaren hasieran hamabost egunez adin eta izate desberdineko hamaika lagun. Kontatu ez daitezkeen lokatz-borroketan zikindu ginen, abestiak eta dantzak sortu genituen eta seguruenik egun oraindik hainbatek eramango dituzten eskumuturrekoak egin genituen orduz. Halaber, urte honetan aspaldi ospatzen ez zen “vivac”-a berreskuratu genuen, non guztiok denden kanpoaldean lo egin genuen izarrei begira. Eta nola ez, ahaztezinak bilakatzen diren gaubelak eta diskotekak ere urduritasunez eta irrikaz gozatu genituen. Errekan ere hainbat eta hainbat orduz egon ginen amaigabeko bainu hotsak hartzen laprastekoren bat tarteko. Eta, zer esanik ez, sukaldearen eta zuhaitzen gerizpetan jokatu ziren xake eta partxis partida amaigabeez, beste batzuek volleyball zelaia higatzen zuten bitartean. Urtero legez, pena handiz milaka oroitzapen bildu dituen lur zatiari agur esan genion senideekin batera, datorrenari geroz eta gogo gehiagoz itxaroten diogun bitartean. Plazer bat!
Gora Gazte Alai!
TXEPETX
2022ko uztailaren 4tik uztailaren 10erarte, Txepetx Aisialdi Taldeko kideak Larraulera joan ginen udalekutan. Astelehenean, goizeko 10:00ak aldera San Inazioko Levante enparantzan geratu ginen umeekin, maletak autobusera sartu eta abiatu egin ginen, aurretik genituen abenturen esperoan. Etxea izugarri handia zen, mila ezkutaleku eta txoko ezberdinekin, eta bere pareta zaharren artean galdu ginen umeekin batera. Hori izango zen gure etxea aste osoan zehar. Hurrengo egunak ezin hobeak izan ziren: umeek ‘Konkisean’ parte hartzeko, esku pilotara jolasten ikasteko, mendian galtzeko eta elkarrenganako konfiantza lantzeko aukera izan zuten. Gosaria afaldu eta afaria gosaldu genuen alderantzizko egunean, eta umeak begirale izan ziren arratsalde batez. Igerilekura txangoa egin genuen, eta talde lanean ginkana ezberdinen sekretuak deskubritu zituzten. Herri osoan zehar ibili ginen bueltaka, ingurua ezagutu eta disfrutatzeko intentzioarekin. Azkenengo bi egunak ahalik eta gehien gozatzeko, gaubela bereziak prestatu genituen: beldur gaua eta disko festa. Beldur gaua elkarrekin gainditu zuten, eta azken gaubelan denon artean dantza egin genuen, datorren urtera arte udalekuak agurtzeko!