Aferak bueltan da, bosgarrenez

uriola.eus 2022ko urr. 13a, 11:45

Elorri bertso eskolak eta Deustuko Herriko Tabernak elkarrekin antolatzen duten bertso dinamikaren aurtengo edizioa gaur bertan abiatuko da. 20:00etan izango da hitzordua, eta Idoate, Peritz, Muniategi eta Irastorza jarriko dira mikrofonoaren aurrean.

Aferak egitasmoak bosgarrenez bilduko ditu Deustuko eta inguruko bertsolari eta bertsozaleak. Herriko Tabernan izango dira saioan, eta gaur bertan egingo dute lehenengoa, 20:00etan hasita. Sarrera librea da.

Enare Muniategi deustuarrak etxean jardungo du, eta beste hiru bertsolari izango ditu ondoan. Irantzu Idoate baionar gaztea izango da horietako bat, aurtengo Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna. Haiekin batera, Aner Peritz zarauztarra eta Peru Irastorza algortarra egongo dira.

                              

Datozen hitzorduak

Gaurkoa, baina, hasiera baino ez da izango, eta hilabete honetan bertan izango dute bigarren hitzordua bertsozaleek, urriaren 27an, zehazki (parte-hartzaileak zeintzuk izango diren aurrerago jakinaraziko dute). Hirugarren saioa azaroaren 24an izango da, eta laugarrena, berriz, abenduaren 15ean. Urte berrian egingo dute azkenengoa, otsailaren 2an, hain zuzen ere.

Eta, ohitura duten bezala, egitaraua borobiltzeko bertso bazkaria egingo dute. Martxoaren 4an izango da azken hitzordu hori.