Gaizka Suarez Iparragirre, Eragin Gazte Prekarizatuen Asanblada

“Hain kontzientziatua ez zegoen gazteriaren sektore zabal bat injustiziez jabetzea lortu dugu”

Nerea Cubillo Urkizu (Prest! aldizkaria) 2022ko urr. 30a, 09:00

Sei urteko ibilbide oparoa beteta, Eragin Bilboko gazte prekarizatuen asanbladak bere desegitea iragarri du. Gazteek pairatzen duten prekarietatea mahaigaineratzeagatik kutsu garrantzitsua utzi dute Bilboko langileen eskubideen borrokan. Bertako kide izandako Gaizka Suarez deustuarrarekin egin dugu ibilbidearen errepaso laburra.

Zer helbururekin jaio zen Eragin?

Nagusiki neoliberalismoari borroka ideologikoa egiteko eta aldi berean, tresna bat izateko sortu genuen Eragin duela 6 urte. 2008ko krisialdi ekonomikoak neoliberalismoaren ideiak indartu eta aldaketa handiak eragin zituen Bilboko errealitate sozioekonomikoan: jarduera ekonomikoaren eraldaketa, 3. sektorearen nagusitzea… sindikalismo klasikoak ere ez zeukan eragiteko aukera askorik eta aldi berean zentro oso atomizatuetan antolatzeko aukerarik ez zuten gazte asko aurkitzen ziren. Horren erdian jaio zen Eragin; ideia guzti horiei borroka ideologikoa egiteko eta gazteria horretarako antolakuntza espazio bat emateko.

Esango zenuke aipatutako helburu horiek bete dituzuela?

Ideologikoki ekarpen ona egin dugula deritzot. Ordura arte hain kontzientziatua eta hain politizatua ez zegoen gazteriaren sektore zabal bat injustiziez jabetzea lortu dugu gertuko mezu eta adibide praktikoen bitartez. Injustizia horien aurrean inkonformismoa garatu eta egoera ez onartzearen jarrera horretan hezi eta pausu bat ematea lortu dugula uste dut.

‘No es lo que hay’ leloa nagusitu da beste batzuen artean zuen ibilbidean. Zein da jatorria?

Betiko gazteon ohiko hizkeran egoera askoren aurrean entzuten dugu “ez dago besterik”. Errealitatea horrelakoa dela eta horren aurrean ez dagoela ezer egiterik esateko modu bat da, eta guk inkonformismotik esaldi horri buelta ematea erabaki genuen. Egoera hau onartzen ez dugulako eta aurre egin behar zaiolako.

Besteak beste, gazteok lanean pairatzen dugun lan esplotazioaren eta gehiegikeriaren aurka mobilizatu zarete. Bilbori erreparatuta, zein egoerarekin egin duzue topo?

Bilbo zerbitzuen hiri bilakatu da azken urte hauetan eta horrek forma oso irregularrak erabiltzen dituzten lan mota asko sortzea izan du ondorio gisa. Lan horien ezaugarri nagusia da aldi baterako lanak direla, eta horrek ez die langileei talde izaera lantzeko aukerarik ematen, ezta haien lan eskubideak hobetzeko anbiziorik izatea ahalbidetzen ere.

"Egoera askoren aurrean entzuten dugu ez dago besterik

Zerikusia du egoera horrek egunero hedabideetan kontatzen digutenarekin?

Zentzu batean uste dut jende guztia kontziente dela Bilbo jarduera ekonomiko horretara bideratuta dagoela. Hala ere, hedabideek alderik ederrena erakusten dutela deritzot, ondorio sozialak ezkutatu eta hiria desiragarri egiteko asmoarekin. Beharbada, Bilbo grisa zenean komunitate izaera nabariagoa zen, eta langileek eskubide gehiago zituzten.

Langileen eskubideak bermatzeko eta betearazteko hainbat tresna abian egon arren, arazoak bere horretan jarraitzen du. Zein da konponbidea zure ustez?

Eraginek fase ezberdinak identifikatzen ditu eskubide guztiak irabazteko: lehenengoa da eskubidea bera aldarrikatzea, izan ere, araudia ez dagoen lekuan hori bermatuko dituen eskubide batzuk aldarrikatu beharra dago. Hala eta guztiz ere, eskubide batzuk egoteak ez du esan nahi beteko direnik, eta horregatik bigarren pausua da eskubide guzti horien betearazpena bermatzea. Garrantzitsua da langileak antolatuta egotea eskubide horien betearazpena bermatzeko.

Urte hauetan burututako kanpainen artean, joko aretoak eta apustu etxeak, Glovo eta Deliveroo bezalako enpresak eta BBK Live jaialdia aurkitzen dira. Zer dute komunean?

Bilbon ezarriak izateaz gain, hasieran deskribatutako neoliberalismoaren fasearen errealitate berri horren parte dira hirurak. Joko aretoen bitartez gazteriaren itxaropen falta bete nahi da, beste batzuek negozioa egiten duten bitartean, noski. Bizikletako banatzaileen kasuan berriz, oso era arrotzean lan eredu berri bat ezarri dute, lan harreman klasikoekin guztiz apurtuta. Azkenik, BBK Live jaialdia gazteria kontsumo eredu berrietara bideratzeko espresio bat besterik ez da.

Zergatik da garrantzitsua joko aretoen aurka egitea?

Gazteriaren itxaropen falta aprobetxatu eta banakako aterabideak eskaintzen dituztelako. Esate baterako, aisialdian xahutzeko soldatatik falta zaiena joko aretoetatik atera dezaketela pentsatzen dute askok, baina, egiatan, kapitalari soilik egiten dio mesede. Aterabide kolektiboak bilatu beharrean, eta soldata duinak izateko erak pentsatu beharrean, gazteria burbuila batean sartzean tematuta daude.

BBK Live jaialdiaren praktikak ere salatu zenituzten

Bai, halako jaialdietan denak balio duela dirudi. Diru publikoaren bitartez aurrera eramandako jaialdia da BBK Live, eta inolaz ere ez dira langileen lan baldintzak bermatzen. Langileek 12 ordu baino gehiago eman behar dituzte jarraian lanean, urdaiazpiko-xerra bakar bat jateko tartearekin eta komunera joateko aukerarik izan gabe.

“BBK Live gazteria kontsumo eredu berrietara bideratzeko espresio bat besterik ez da”

Egoera aldatu den badakizu?

Gure ustez ez. Beste egoera batzuen antzera, jaialdiaren atzean dagoen errealitatearekiko kontzientzia amankomun bat sortu dela esango nuke, baina gaur-gaurkoz uste dut ez direla behar besteko neurriak hartu jaialdi justu bat izan dadin. 

Zer lorpen izan duzue?

Egoera berriek ekarritako elementu horietan fokua jarri izanari esker hainbat lorpen egon direla esango nuke. Joko aretoei, adibidez, murriztapen gehiago jarri zaizkie, eta orokorrean kontzientziazioa sortu da eragiten duten kalteen inguruan. Autonomo faltsuen lan harremanei dagokienez, gaia mahai gainean jartzea lortu dugu, eta sindikalismoari esker, askori soldatapeko langile figura aitortu zaie. Era orokorrean arrastoa utzi dugula deritzot. Jendeak aldekotasun handia zeukan planteatzen genituen gauzekin, baina euskararekin gertatzen den bezala, gauza bat da egotea eta beste bat da egitea, eta horretara agian ez gara heldu.

Gazteak aktibatzea lortu duzue?

Herri mugimenduak heltzen ez diren gazte sektore oso zabal batera heldu gara nire ustez, izan ere, inoiz antolatu ez den jende askok egin du gurekin antolatzeko hautua. Erreparatu beharko genioke ea egoerak eskatu bezain eraginkorrak izan garen, eta ea izan garen gazte horien beharrei erantzuteteko gai. Eragin egon izan ez balitz, uste dut ez litzatekeela beste subjektu bat egongo egin duguna egiteko.

 

SAKONEAN

“Eskubideak aldarrikatzen hasi bezain laster egin zuten topo boterearekin” 

6 urte hauetan bada hunkitu zaituen egoerarik?

Ostalaritzako langileekin egin genuen lanketa hurbilagotik bizi izan nuela esan dezaket. Antolatuta ez zegoen sektore batean, 50-60 langileko talde bat antolatzea lortu genuen, leku bakar batean ere betetzen ez zen ostalaritzako hitzarmen bat betearazteko. Eskubideen sozializazioarekin hasi ginenean, poliziak lau langile jazarri zituen beraien eskubide horien sozializazioa aldarrikatzeagatik. Elkartasun uholde handia sortu zen horren harira, eta pertsonalki asko hunkitu ninduen. Eskubideak aldarrikatzen hasi bezain laster egin zuten topo boterearekin, oso egoera frustragarria izan zen.

Non entzun duzu zuk batez ere ‘es lo que hay’?

Egunero ez bada ia egunero entzuten dudan esaldia da. Lanera joaten naizenean, autobusean zein trenean entzuten ditudan elkarrizketetan, lagunekin hitz egiten dudanean, jendea elkarrizketatzen dutenean…