Lakobra kolektiboa: musika zainetan eta autogestioa oinarri

Maite Txintxurreta Agirregabiria (Prest! Aldizkaria) 2022ko urr. 31a, 08:00
Lakobraren aurkezpen jaialdia Bizinahin

Underground musika eszena berpizteko xedez dator Lakobra kolektiboa. Musikariak eta musikazaleak dira, eta logika komertzialetatik urrun beren zaletasunari bide emateko nahia dute, modu autogestionatuan betiere.

Maurizia ezizenez aritu den kolektiboko kideari abian jarri zuten crowdfundingaren emaitzaz galdetuta, aitortu du harritu egin zirela jasotako babesarekin, aurreikuspenak gainditu baitzituzten. Gainera, egitasmoak jendearen arreta piztu duela ikusarazi zien. Hori gutxi ez, eta hainbatek esan diete bere garaian ekarpena egitea ahaztu zutela eta laguntzeko interesa dutela. Beraz, aukera hori berriro irekitzekotan dabiltza, beste bide batetik bada ere.

Orain burubelarri ari dira helburu duten aretoa irekitzeko lokal egokiaren bila, horixe baita lehentasuna. Norbaitek informazio edo proposamenik izanez gero, harremanetan jar daiteke lakobrakolektiboa@gmail.com helbide elektronikoaren zein Instagram edo Facebook sare sozialen bidez. Aukeran, Bilbon nahi lukete, erdiguneko auzoetan edo garraiobideetatik hurbil, eta 100 bat pertsonarentzako tokia izan dezala.

Proiektua autogestioan oinarrituko litzateke. “Gu geu mundu horretatik gatoz. Taldeetan jotzen dugu eta underground zirkuituetatik mugitu izan gara beti, maite ditugu”, dio Mauriziak. Eszena horrek elkartrukean eta komunitate sentimenduan ditu sustraiak, eta esentzia horri heldu nahi diote. Adierazi du Deustualdean nahiz Bilbon badaudela taldeak, kolektiboak eta abar, baina sarri ez dutela lokalik, eta gero eta zailagoa dela aretoetan gauzak antolatzea. “Noski, gurea ez da masa mugimendua”, argitu du: “Badakigu kontzertu batean aretoa beteko dugula 100 pertsonarekin, baina akaso ostegun batean 20 pertsona egongo garela Berlingo taldetzar bat ikusten”. Baina mugimendua egon badago, eta horren adibidetzat jo du DDT argitaletxea prestatzen ari den Bilbo inguruko talde alternatiboen bilduma, Hemen eta orain. “Zorionez, gazteak ere badabiltza honetan sartzen”,dio.

Bultzatzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte antzeko proiektuak. Euskal Herrian bertan hainbat zerrendatu ditu Mauriziak: Bermeoko Nuntxaku Gauak, Gernikako Iparragirre, Hondarribiko Psylocibenea, Tolosako Bonberenea eta Gasteizko Orbain Kultur Elkartea. Aitortu dute gehienak herrietan kokatuta daudela, eta agian hirian “zailagoa” izango dela hori lortzea, baimen-kontuak eta udalarekiko harremanak tarteko. Hala ere, itxaropentsu daude.

Dena den, honek guztiak zer ekarriko duen ez dakite oraindik zehatz-mehatz. Mauriziak nabarmendu du esku artean dutena “eraikitzen ari den proiektua” dela: “Oinarriak badakizkigu, baina guztion artean osatuko dugu”.