Bazkideei aitortza, hamarkada osoko ibilbidea borobiltzeko

uriola.eus 2022ko aza. 11a, 16:51
Saridun guztien talde argazkia (Irudiak: Tokikom)

Tokikom Sariak banatu dituzte gaur goizean Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) egin den ekitaldian. Elkartea osatzen duten hedabide guztiek jaso dute garaikurra, epaimahaiak erabaki baitu kazetaritza lanei baino, aurtengo hitzordu berezian proiektuei eskaintzea protagonismoa. Deustualdeko Prest! aldizkariak eta Bilboko Uriola.eus agerkari digitalak hirigune handietan ere hurbileko komunitateari ahotsa emateko egiten duten lana nabarmendu dute.

120 pertsona baino gehiago bildu dira Arantzazuko Gandiaga Topagunean egin den ekitaldia, gehien-gehienak Euskal Herri osoan zehar dauden tokiko komunikabideetako ordezkariak, baina baita ordezkari instituzionalak edota euskalgintzan diharduten elkarteetakoak ere.

“Elkarrekin egindako bidea ospatu eta aldarrikatzeko” eguna izan zedin nahi zuen Tokikomek, eta horregatik erabaki du aurtengoan sarien formatua moldatzea. Tokikom eratzeko erabakia hartu zuen Euskaltzaleen Topagunetik hasita, iaz taldera batu zen Begitu hamaboskarira, saritu guztiek sorpresaz eta atseginez hartu dute gaur jasotako omenaldia.

Sarituen artean egon da BLB Komunikazio kooperatiba ere, Prest! Eta Uriola komunikabideak biltzen dituena. Bere garaian Berbaizu Euskara Elkartearen ekimenez Deustualdeko astekariak 30 urtetik gorako ibilbidea dauka dagoeneko, eta Uriola.eus agerkariak, aldiz, aurki beteko ditu hamar urte. Gaur emandako garaikurrarekin zera nabarmendu nahi izan du epaimahaiak: “Baliabide urriei komunitatearen babesarekin erantzunez, paper hutsezko komunikabidea multimediara pasatzeko apustuagatik, hiri handietan ere gertuko komunitate txikiek jokatzen duten paper garrantzitsua agerian utziz, Prest! eta Uriola.eus-en bidez”.

Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendariak, Joxe Rojasek azaldu duenez, “Perspektiban jarrita, espero genuena baino askoz ere gehiago aurreratu dugu TOKIKOM martxan jarri zenetik. Aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahalegina eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiei benetan duten meritua aitortzeko”.

Bakoitzak bere txokotik, elkarlanaren bidean aurrera

Sariak banatzeaz gain, gaurko ekitaldian errepaso azkar bat eman zaio Tokikomen historiari “10 urte, hamaika ahots” ikus-entzunezkoaren bidez. Erreportaje labur hori hurrengo egunetan egongo da ikusgarri taldeko webgune guztietan. Baina iraganari baino, etorkizunari begiratzeko eguna zen gaurkoa. Bazkideak eurak protagonista izan diren mahainguruetan, Tokikomek talde gisa hurrengo urteetarako dituen erronkak izan dira mintzagai. “Handienetako bat Tokikomen beraren izaera eraldatzea da”- dio Alaitz Artolazabal, Zuzendari Nagusiak – “gure hausnarketa estrategikoan onartuta daukagu TOKIKOM komunikabide talde izatetik komunikazio talde izatera pasatu behar dugula, eta horren inplikazioak zehazten joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka”.

Horrez gain, finantzaketa edota kudeaketa ildo berriei lotutako erronkez hausnartzeko tartea ere egon da, baita teknologiaren aurrerapen geldiezinak ekarriko dituen aukerak aztertzekoa ere. Izan ere, gaurkoa batez ere barrura begirako hitzordua izan da, “bazkideen gogoak eta espektatibak sinkronizatzeko saiakera”, baina honekin ez dira amaitu urtemuga borobilaren bueltako ospakizunak. Hala, aurreratu dute 2023an jardunaldi publikoak antolatuko dituela, Europa mailako tokiko komunikabideen errealitatea eta erronkak hizpide.