Elkargune ere izango litzatekeen pilotalekua nahi dute Erriberan

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko aza. 18a, 12:54

Auzoan ekipamendu estalien beharra dagoela azpimarratu dute Deustuibarrean, eta asteburuan aldarrikapena eta jai giroa uztartu zituen ekimena eraman zuten aurrera. Ingurua obraz beteta dagoen honetan, bertako bizilagunentzako azpiegiturak eskatu dizkiote udalari.

Umorea albo batera utzi gabe, Erriberako Jai Alai izendatu duten frontoi berriaren inaugurazio ekitaldirako gonbidapena bailitzan zabaldu zuten asteburuko ekimenerako deialdia. Parodia horren bidez, Auzo Elkarteak luzaroan egin duen aldarrikapena zabaldu nahi izan dute: frontoi estali bat, kirola eta beste hainbat jarduera egin ahal izateko.

Bada, eguerdi partean bilduta, lagunarteko giro aparta sortu zen Deustuko Erriberako parkean, ume zein heldu, guztiak bilduta. Parrillada herrikoi baten bueltan bildu ziren, eta zuzeneko musika ere izan zuten, baita umeentzako txapa tailerra eta jolas kooperatiboak ere.

Eta, horretaz guztiaz gain, aldarrikatzen duten hori auzoan bertan irudikatu zuten sinbolikoki eta eskala txikian; izan ere, frontoitxoa margotu zuten parkean bertan dauden eskaileren alboan dauden bi hormatxoak aprobetxatuta. Dotore geratu zitzaien pilotalekua, eta partidatxo batzuk jokatzen ere animatu ziren auzoko txikiak, baita helduren bat edo beste ere.

Bideoa eta argazkiak: Erriberako Auzo Elkartea

Auzokideentzako azpiegitura falta salatu dute

Deustuko Erriberako Auzo Elkarteko kide den Unaik azaldu duenez, pilotaleku estaliaren beharrizana ez da kontu berria, hamar urte baino gehiago baitaramatzate udalari halako instalazio bat eskatzen, “kirolaz gain, urtean zehar beste hainbat gauza egiteko: azoka txikiak, herri bazkariak… edozer gauza”.

Bada, uste dute orain dela unea eskaera hori behin betiko betetzeko. Izan ere, uholdeak saihesteko ekaitz-andelak eraikiko ditu Erriberan Bilboko Udalak, eta horrek dezenteko obra ekarriko du berekin, gaur egun inguru hartan hainbat etxebizitza egiteko martxan daudenei gehituko zaiena. Izan ere, alkateak Zorrotzaurreko Irla izendatu zuen proiektu horrek aldaketa handiak ekarriko ditu ibaiertzeko paisaian. Bada, andelak eraikitzeko lanak aprobetxatuz, saskibaloi pista estali bat egiteko asmoa azaldu die udalak, baina auzokideek berretsi dute beren lehentasuna pilotalekua izatea dela. Izan ere, egun badaude saskibaloi eta futbitoko kantxak auzoan, parkean bertan, estalita egon ez arren.

Auzo Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, gainera, frontoi bat eginez gero hantxe bertan herritarrek futbitoan, saskibaloian edo beste edozertan aritzeko aukera izango lukete.

Nabarmendu dute espazio estalien beharra aspalditik aldarrikatu dutela, eta duela urte gutxi lortu zutela lehenengo aldaketa: parkeko ziburuei estalkia jartzea. Hori onuragarria izan arren, Unai auzokideak azaldu du ez dela nahikoa, ziburuak eurak ekintzak egiteko oztopo direlako eta auzotarrentzako behar bezalako bilgune funtzioa beteko duen toki bat behar dutelako: “Hasierako aldarrikapenarekin jarraitzen dugu, hainbat jarduera egiteko balio izango duen espazio estalia izatea auzoan”.

Hala eta guztiz ere, azpimarratzekoa da pilotalekuarena Erriberatarren aldarrikapenetako bat baino ez dela; izan ere, arestian aipatu bezala, eraldaketa sakona bizitzen ari dira azken urteotan, eta etorkizunak ekarriko duenari begira badituzte hainbat desadostasun udalarekin eta hark proposatutako Zorrotzaurreko Plana deritzonarekin. “Auzokide gutxi gara, hirurehun eta piku, eta lan hau boluntarioki egiten dugu; beraz, batzuetan ez gara iristen”; hala ere, borrokan segitzeko asmoa dutela diote, auzoa auzotarrentzako izan dadin eta bizirik jarrai dezan.