“Drama eta komedia txanpon beraren bi alde dira”

Axular Arostegi Gurrutxaga 2023ko urt. 26a, 18:30

Argazkia: Maider Goikoetxea

Komedia Madarikatua antzezlanaren estreinaldiaren bezperan, bere zuzendariarekin, Saioa Iribarren, egon gara lanaren nondik norakoak ezagutzeko. Obra bihar arratsaldeko 20:00etan estreinatuko da euskaraz Pabellón 6en eta beste bi funtzio aurkeztuko dituzte, larunbatean (20:00) eta igandean (19:00). Ondoren, otsailean zehar antzezlana erderaz eskainiko da Divina Tragedia izenarekin.

Zure zuzendari ikuspuntutik, zer espero dezake ikusleak antzezlanari dagokionez?

Ikusle edo publiko bezela, nik uste aurkitu dezakezuna gudei buruzko kritika bat dela, baita gizartearena eta kapitalismoarena ere. Komedia eta dramaren artean bidaiatzen duen antzezlana da. Nire iritziz, gure gizartea oso dramatikoa da eta konpontzeko gauza asko ditu; hala ere, gure lana astuna ez izateko, umorea ere jartzen diogu. Beraz, nahiz eta barre egiten dugun antzezlana ikusten dugun bitartean, argi eta garbi soma daiteke horren atzean gai pisutsuak ere badaudela.

Obrari buruz, azpimarratu nahiko nuke oso arina dela eta koro-lanean landutakoa. Guztira 6 pertsona bakarrik daude oholtzan eta aktoreak etengabean ari dira lanean, bai mugitzen, zein testuak errezitatzen, girotzeko-soinuak egiten... Elementu horiek guztiek lanari osotasun bat ematen diote eta ikuslearentzako oso antzezlan erreza bihurtzen dute ikusteko, nahiz eta testu sakon batez osatuta egon.

Jakin ahal izan dudanez, ez da zure lehen esperientzia zuzendari bezala, ezta?

Bai, hala da. Nik Goitibera konpainian lan egiten dut, baina beste konpainia batzuekin ere jardun izan naiz. Obraren baten antzeztu ere egin dut, nahiz eta normalean zuzenduritza lanean aritu. Goitiberan euskarazko antzerkigintzan diardugu eta drama eta komedia uztartzen dituzten lanak sortu ditugu. Betidanik izan zait interesgarri umorea bizitza bera desdramatizatzeko; nahiz eta ez beti lortu. Horregatik diot, umorea oso tresna indartsua iruditzen zaidala bizitzaren drama arintzeko, ahal den heinean.

Zergatik hautatu zenuen Tomás Afanen obra?

Pabellón 6etik Gazte Konpainia Zuzentzeko eskaini zidatenean, proposatutako 2 testuen artean zegoen. Biak irakurri ostean, Afanena hautatu nuen. Lehenengo egunetan zalantzak izan nituen, pasa zidaten lehen bertsioa oso gidoiatuta baitzegoen, akotaziorik gabe. Hasieran, artista modura, irekiegia ikusten nuen proiektua, nondik heldu jakingo ez banu bezala. Oso zaila egiten zitzaidan nire burua lan hori zuzentzen ikustea; hain zuzen ere, esaldi motzak izan arren, testu benetan sakona iruditzen zitzaidalako. Denborarekin, ordea, ezaugarri hori da obra honetatik gehien maitatzen dudan gauzetako bat. Hau da, argi eta garbi komedian oinarritutako istorio bat izanik, ohartzen joan naiz, pixkanaka, esaldi edo eszena bakoitzaren atzean dagoen mami eta hausnarketa guztiaz.

“Hasieran, artista modura, irekiegia ikusten nuen proiektua, nondik heldu jakingo ez banu bezala.”

Gure aldetik, behin aktoreekin hitz eginda, esango nuke guztiok ados gaudela komediaren eta dramaren arteko bidaia egin dugula esaten dudanean eta uste dut ikusleak ere hori bizi ahal izango duela. Komedia eta dramaren artean bidaitzen dugun bezala, aldi berean, sakontasunaren eta arintasunaren artean bidaitzen saiatuko gara.

Zuri dagokizunez, zenbat denbora daramazu P6rekin lanean?

Esan bezala, nik ez dut normalean P6en lan egiten. Hau da beraiekin egiten dudan lehenengo zuzendaritza. Goitibera antzerki konpainian egiten dut nik lan. Orain arte, P6rekin izan dudan esperientzia, Goitiberako langileekin batera, bertan antolatzen diren Antzerki Arinen jardunaldiak izan dira eta 2014ean aurkeztu ginen lehen aldiz; aurtengorarte, 4 aldiz aurkeztu gara (2014, 2016, 2018, 2020).

Azken edizioan, kartzelari buruzko lan bat aurkeztu genuen, lehen graduari eta isolamenduari buruzko melodrama bat, bi sari irabaziz: euskarazko pieza onena eta antzezle onena (Ander Basaldua). Beraz esan bezala, gertutik ezagutzen nuen dagoeneko P6, baina lehen aldia da zuzendaritza lanean hemen ari naizena.

Hortaz, lehen aldia da aktore talde honekin lan egiten duzuna?

Bai, zentzu horretan interesgarria litzateke aipatzea Gazte Konpainia hau P6en orain dela 5 edo 6 urte hasi zela eta duela gutxi berritu dituztela antzezle guztiak. Beraz, aktore berriak dira, aurretik Gazte Konpainian antzeztu ez dutenak eta ez dut orain arte beraiekin lan egin. Haiei buruz esan dezakedan bakarra oso talde jatorra, bihozbera eta goi mailako artistak direla. Gainera giro aparta izan dugu antzezlana sortzen ari ginen bitartean eta oparia izan da niretzat aktore taldearekin lan egitea; pertsonalki, ez dut askotan aukera izaten 6 pertsonako talde batekin (Silvia Larrauri de Miguel, Luix Mitxelena Mitxelena, Andrea Mora Ahedo, Uxue Fuertes Vega, Ziggy Docherty Sánchez eta Aitzol Villahoz Prieto) lan egiteko eta asko pozten nau.

“Oparia izan da niretzat aktore taldearekin lan egitea”

Zuzendaritza laguntzailean, Ander Basaldua eta Gaizka Chamizo egon dira eta asko estimatzen dut eurek egindako lana. Berezia eta interesgarria izan da esperientzia hau haiek bezalako lagunekin bizitzea. Urrian hasi ginen proiektua prestatzen eta, batzutan, horrelako proiektu bat neketsua izatera irits daiteke. Azken finean, ikusleak 30 minutuko antzezlan bat ikusten duenean, nekez ohartuko da horren atzean dagoen lan guztiaz; gisa honetako obrek izugarrizko itzalpeko lana dakarte. Jantzietan (Mirari Aranburu) edo argiztapenean (Fernando Alcáuzar eta Edu Berja Miguel), esaterako, ikuslea normalean ez da fijatzen eta ikagarrizko lana dago horren atzean. Baita ere, zentzu horretan aipatzekoak dira eszenatokitik kanpoko jarduerak, are errekonozimendu gutxiago jasotzen dutenak: komunikazioa eta dossierrak (Maite González), bideoak (Iñigo Cobo), argazkiak (Hodei Torres)…

Lehen aipatu duzun komedia eta dramaren arteko erlazio hori, obra ezagutzen ez duenarentzat baliteke arraroa egitea horren desberdinak diren bi genero uztartzea?

Ez dut uste. Gerta liteke ikusle berriari planteamenduak arritzea, baina egunotan oso ohikoa da bi genero hauek uztartzen dituzten antzezlanak edo pelikulak aurkitzea, tragikomediak esaterako. Hau da, ez da soilik komedia hutsean oinarritutako lan bat, baizik eta barrea bilatzen dugu drama azpian izanda; inola ere ez dugu dramaren kontura barre egiten. Monty Python genero honen erakusle oso aproposotzat hartuko nuke, adibidez. Azken finean, nire ikuspuntutik, drama eta komedia txanpon beraren bi alde dira.

Hospitaletan Klown bezala esperientzia duzula jakinda, esan liteke aurretik ere uztartuak zenituela bi genero horiek. Bizipen horrek zerikusirik izan zuen obra hautatzerako orduan?

Noski. Orain dela 14 urte hasi nintzen gisa hortako proiektu batetan eta 7 urtez ibili nintzen bertan lan egiten. Lan esperientziaz gain, formakuntza ere jaso nuen; bizipen horiei esker, drama eta komediaren arteko mundu horretan bizitzen hasi nintzela esango nuke. Funtsean, ospitaleak oso leku dramatikoak dira, baina gertaera politak ikus ditzakegu bertan, jendearen sendatze prozesuak edo jaiotzak, besteak beste. Lehen aipatutako txanponaren bi aldeen adibide aproposa iruditzen zait. Bertan zaudenean, momentu gogorrak izaki, emozioak agerian daude eta gu geu zaurgarri agertzen gara.

“Batzutan, tarte bat behar dugu zerbait dramatikoaren inguruan komedia egin ahal izateko.”

Zentzu horretan, formakuntza aldetik izan nituen bi irakasleen garrantzia azpimarratu nahiko nuke, Nestor Muzo eta Blanca Sanz, Madrilgo antzerki konpainia baten irakasleak. Beraiengandik ikasi nuen bizitzaren desdramatizazioaren beharra, beti ere ulertuta badaudela une batzuk errespetatu behar direnak. Hau da, batzutan, tarte bat behar dugu zerbait dramatikoaren inguruan komedia egin ahal izateko.

Hortaz, zein izango da antzezlanaz gozatzeko egutegia?

Lehenik eta behin, estreinaldia euskaraz egingo dugu bihar (Urtarrilak 27) 20:00etan; larunbatean eta igandean, berriz ere euskaraz ikusteko aukera izango du ikusleak. Otsailean zehar (astebururo, ostiral, larunbat eta igandez), erderaz eskainiko da. Dena den, garrantzitsua da nabarmentzea sorkuntza prozesu guztia euskaraz egin dela eta niretzat, pertsonalki, oso berezia da hori; batik bat, euskarazko antzerkia bultzatu nahi dugulako. Horregatik jendea animatzen dugu euskarazko ikuskizunaz gozatzera, gure obraz gain, beste lan bikain asko ere daudelako.