Done Petri Plazatik abiatuta, “Egia, aitortza, erreparazioa” lemapean, Deustuko Ertzaintzaren komisaldegira arteko ibilbidea egin zuten bildutako manifestatzaileek. Antolatzaileen esanetan, eraikin horretan eta instituzio honen beste komisaldegietan “hamarnaka euskal herritar torturaturatuak izan direlako. Zehazki, eusko jaurlaritzaren datuen arabera, 336 euskal herritar, tartean, 71 bilbotar”.
Ez da lehen aldia data honetan horrelako manifestazio bat egiten dutena. Iaz, Indautxun Polizia Nazionalak duen egoitzaraino egin zuten ibilbidea, “haien ziegatan torturatutako 324 bilbotarren kasuak aitortu ditzaten eta alde egin dezaten”. 2021ean, aldiz, Guardia Zibilak La Salven duen egoitzaren aurrean bukatu zuten mobilizazioa. Bertan, zentroarekin lotutako 150 bilbotarren tortura kasuen aitortzaren eskaera eta Euskal Herritik alde egiteko aldarrikapena egin zuten.
Aurtengoan ere, gertaera hauen aitortza eskatu zuten manifestazioan parte hartu dutenek, baita berdina ez errepikatzeko bermea ere.