Aurkezpen ekitaldia Deustuko Bidarte Udaltegian eraman zen aurrera, aisialdiako jardueren bitartez euskara garatzeko helburua duen Kukulaisi Aisialdirako Topagunearen eskutik. Bertan, proiektu pilotu honen babesle desberdinen ordezkariak bildu ziren: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza eta Bilboko Udaleko Euskara Saila.
Aisialdi Topaguneak eskolaren lana euskara gazteen artean sustatzeko aski ez dela adierazi zuen, eta egoera horri aurre egiteko, euskara eta gozamena lotzeko beharra azpimarratuz. Zentzu horretan, Kukulaisiko langileek kirolak gazteen aisialdian duen pisuaz ohartu ziren egitasmoa garatzeko orduan: “gazte gehienek kontsumitzen duten aisialdi eredua baita, eta gainera, hizkuntzaren lanketarako ezaugarri interesgarriak ditu: talde konpromisoa, talde izaera, erreferentearen figura...”.
Proiektua Kukulaisiren Kirol(h)ariak lan-lerroaren parte da eta eskola kirolean zein kirol klubetan jarriko da abian. Horren harira, aurkezpenaren antolatzaileek “gazteen ahozkotasuna eta komunikatzeko gaitasuna hobetzeko” asmotan garatutako ariketa esperimental gisa deskribatu zuten egitasmoa. Topaguneak adierazi zuenaren arabera, Berbaizu Euskara Elkarteak egin zuen proiektua garatzeko lehenbiziko proposamena: “egitasmoaren funtsa haur eta gazteen partiduak grabatu eta horren ostean jokalariekin elkarrizketak egitea da, eta kirol komunitateetako agente guztiak aktibatzeko, entrenatzaileak elkarrizketatzaileak eta gurasoak grabazio lanak egiten dituztenak izatea”. Bada, helburu horren baitan lan egiteko, kirol komunitate bakoitzeko eragileekin kolaboratzeko garrantzia nabarmendu zuen Kukulaisik.