“Deustuko Jaiak denontzat” ekimenaren aurkezpena

uriola.eus 2023ko mar. 6a, 19:04

Joan den ostegunean, martxoaren 2an, Deustuko eragile eta norbanako ugari Done Petri plazan bildu ziren Deustuko Jai Batzordeak Gazte Koordinadora Sozialistari, Deustuko jaien antolakuntzaren harira, ezarritako “beto politikoa” salatzeko.

Deustuko jaiak iristear diren honetan, “Deustuko jaiak denontzat” ekimenak “auzoko jaietan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzea eta defendatzea” du helburu. 

Antolatzaileek politikoki zein sozialki anitza den jai eredu zabal baten beharra aldarrikatu zuten. Izan ere, gaur egungo jaiek ezaugarri horiek ez izatea salatu zuten. Zehazki, Ezker Abertzaleari harekiko independentea den eragile politikoak ez onartzea egotzi zioten ekimeneko kideek.

Bestalde, aipatzekoa da egin zuten Bilboko Udalaren aipamena. Hain zuzen ere, instituzio horrek, egungo egoeraren aurrean, espazio publikoa erabili ahal izateko soluziorik eskaini ez izana kritikatu zuten. Horrela, Ezker Abertzaleari eta Udalari arrazoi polikioetan oinarrituta “espazio publikoaren erabilera pribatiboa sustatzea” leporatu zieten.

Beraz, aipatutako “beto politikoa” iraun artean, Deustun “jai espazio zabalak” eraikitzeko lan egiteko konpromisoa azpimarratu zuten. Horregatik, martxoak 18an egun osoko jaia antolatuko dute “jaietan parte hartzeko aukera bermatzeko eta aldarrikatzeko”. 

Azkenik, ekimeneko antolatzaileek Deustuko Jai Batzordeari bilera bat egiteko deia egiten diote adostasun batera iristeko.