Erasorik gabeko Deustuko jai batzuen alde

uriola.eus 2023ko mar. 14a, 10:57

PAREk eta Deustuko Jai Batzordeak prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Deustuko Done Petri Plazan, iristear dauden Deustuko Jaien erasoen aurkako protokoloa aurkezteko.

Ostiralean, martxoaren 17an, hasiko dira 2023ko Deustuko Jaiak. Horren harira, PAREk (Deustuko gazte talde feminista) eta Deustuko Jai Batzordeak elkarlanean jardun dute, “aurtengoak erasorik gabe jaiak izan daitezen”. Hala, bi eragileek atzoko agerraldian argi utzi zuten “Jaiak hasieratik amaierara arte, deustuar guztiontzako gune segurua” izatea dutela helburu. Haiez gain, Deustuko Jaietako konpartsa desberdinetako kideak ere bertaratu ziren.

Hasiera batetik, prentsaurrekoan zehar, emakumeentzako espazio seguruen gabezia salatu zuten: “egunerokoan bizi ditugun zapalkuntza guztien isla dira jai giroan eta txosnagunean jasan behar izaten ditugunak: komentario lizun, baboseo, ukitu, espazioaren inbasio… Milaka dira emakume izate hutsagatik bizi behar ditugun eta lekuz kanpo dauden jarrerak. Eta ozen diogu nazkatuta gaudela jai giroan pairatzen ditugun erasoez”.

Aurtengo jaietarako, aurretik landutako erasoen aurkako protokoloan sakondu dute. Horrekin batera, edozein motatako eraso jasan edo ikusi duen orori dei egin zieten haiekin harremanetan jarri eta erasoaren berri eman dezan. Gainera, auzoko gune ilunak seinalatu dituzte, tabernak erasorik gabeko espazio izan daitezen sustatzeko.

Azkenik, eraso ororen aurkako erantzuna kolektiboa izan behar duela azpimarratu zuten: “denon ardura da erasorik gabeko jaiak izango direla bermatzea eta erasorik egotekotan hauen aurrean gogor eta ozen erantzutea!”. Bestetik, erasotzaileei zuzendutako mezu batekin eman zioten amaiera agerraldiari: “Argi diogu, ez badakizu egoten ez etorri! Erasotzaile deustuarrokin jai daukazu!”.