Dena prest Deustuko Jaiak hasteko

uriola.eus 2023ko mar. 17a, 13:38

Gaur, arratsaldeko 20:00etan, txupinazoa botako dute Done Petri Plazan, hurrengo bi asteburuak hartuko dituzten jaiei hasiera emateko.

Urtero bezala, martxo erdialdera, Deustuko kaleak festaz eta musikaz josiko dira bi astez. Iazkoak pandemiaz geroztik antolatutako lehen jaiak izan ziren. Gogo eta ilusio berari jarraiki, aurten ere ekitaldi ugariz betetako proposamena osatu dute eragile desberdinek.

Lehenengo asteburuan, Deustuko Jai Batzordeak antolatutako egitarauari dagokionez, pregoiaren eta txupinazoaren ostean, jaietan parte hartzen duten konpartsa eta kuadrilla ezberdinek Euskalduna Zubiaren azpiko txosnagunera arteko jaitsiera egingo dute, Done Petri Plazatik abiatuta. Bertan, luntx herrikoi batez eta txosnen irekieraz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Ondoren, Deustuko gune ezberdinetan kontzertuak eskainiko dira. Larunbatean, aldiz, hamaika ekitaldi antolatuko dituzte goizetik gauera bitarte. Bestetik, egun berean, “Deustuko Jaiak denontzat!” ekimenak egun osoko egitaraua prestatu du. Igandean, ostera, egunean zeharreko proposamena antolatu du Jai Batzordeak.

Hurrengo astean, ostegunetik igandera arte daude jarduerak aurreikusita. Bi asteburuetan zehar egingo diren jarduera guztiak Deustuko 8 gune desberdinetan eramango dira aurrera: Done Petri Plaza, Euskalduna Zubiaren azpikaldea (txosnagunea eta barrakak), Botikazar parkea, Iruña kalea, Done Petri Plazako frontoia, Berriz bidea eta Deustuko Gaztetxea.

Hortaz gain, Deustuko gune ilunen zerrenda bat ere ezagutzera eman du Jai Batzordeak; zenbait arrazoigatik ziurtasunik transmititzen ez duten zonaldeak, alegia: Berriz etorbidea, Kaputxinos igoera, Arangoitiko igogailua, Jon Arrospide/Musico Sarasate, Barriadetako tunelak, Deustuko Galeriak, Etxezuri ingurua, IMQ ingurua, Deustuko Unibertsitatea eta Botikazahar parkea.

Deustuko Jai Batzordearen egitaraua irakurtzeko, sakatu hemen.

Deustuko Jaiak denontzat! ekimenak antolatutako egitaraua ezagutzeko, sakatu hemen.