“Eraso matxisten aurrean, auzodefentsa feminista”

uriola.eus 2023ko api. 3a, 20:39
Argazkia: Asier Robles

PAREk, Deustuko gazte talde feministak, ostegunean Deustun jazotako eraso matxista salatzeko kontzentrazioa antolatu zuen ostiralean, Done Petri plazan.

Joan den ostegunean, martxoaren 30ean, 58 urteko emakume bat egoera kritikoan ospitaleratu zuten Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erredura Handien Unitatean, bikotekide ohiaren erasoaren ondorioz. Hala deskribatzen zuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren komunikatuak.

Biktimak berak adierazi zien erasotzailearen nortasuna gertakarien lekura joan ziren agenteei; 63 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak. 16:00etan atxilotu zuten, jantziei su eman ondoren biktimari eraso egitea eta erredura larriak eragitea egotzita.

Bizilagunek adierazi zutenez, haietako batek itzali zuen biktimaren soinekoaren sua. Emakumearen oihuak entzutean, etxebizitzara joan ziren eta sutan zegoela ikusi zuten. Eskuoihal bat hartu eta gainetik bota ondoren, sua itzaltzea lortu zuten. Eraikineko beste bizilagun batzuk ere hurbildu ziren zalaparta entzutean, eta emakumeari laguntza eman zioten osasun-zerbitzuak iritsi eta biktimaren ardura hartu zuten arte.

Hala, hurrengo egunean, gertakariaren harira, “Erasoen aurrean, autodefentsa feminista” lemapeko kontzentrazioa antolatu zuen PAREk Done Petri plazan. Bertan, eragilearen kideez gain, Deustuko zenbait biztanle bildu ziren, tankerako eraso oro gaitzesteko.